Blogia
orain

ETAk bonba lehertu du Durangoko PSEren egoitzaren atarian, eta kalte material handiak eragin ditu

Berri atentatua egin du ETAk Durangon (Bizkaia): bonba lehertu du PSE-EEren egoitzaren aurrean, Askatasuna etorbidean. Ez da kalte pertsonalik izan, baina bai materialak, eta handiak. Ertzaintzak adierazi du bonbak hiru kilo kloratita baino gehiago zituela. 23:55ean izan da leherketa. Bonba ia ordubete lehenago jarri du burua estalita zeukan lagun batek, egoitza parean bizi den herritar batek Ertzaintzari abisu eman dionez, eta honek egoitza gaineko bizilagunak etxeetatik ateratzea lortu du.
Leherketak, kalte materialak ez ezik, gas isurketa ere sortu du. Horrek, bizilagunak euren etxeetara itzultzea ordu batzuk atzeratu du.Herrizaingo Sailak adierazi du, gutxienez bi pertsonek parte hartu dutela atentatuan: bonba utzi duena bat, eta hori autoan jaso duena bigarrena.Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak atentatua gaitzetsi du. Egileei ohartarazi die espetxean bukatuko dutela. Goizeko hamabi eta erdiak aldera iritsi da Durangora Ares.Durangoko Udalak atentatua salatzeko asmoz udalbatzarra egin du goizean, eta 12:00etan elkarretaratzea egin dute. Udaleko Bozeramaile Batzordeak, EAE-ANVk izan ezik, "gogor" gaitzetsi du atentatua. EAJren, PSE-EEren, PPren, Aralarren eta EAren zinegotziek atentatua salatu dute.Herritarren arretarako bulegoa ere zabaldu du Durangoko Udalak. Etxebizitzan edo autoan kalteak jasa dituzten bizilagunak joan daitezke kexa aurkeztera.2007ko abuztuan ere egin zuen ETAk atentatua herri hartan: Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean bonba-autoa lehertu zuen. Oso handiak izan ziren kalte materialak.Gaur hiru aste egin zuen erakunde armatuak azkeneko atentatua: Arrigorriagan (Bizkaia) Eduardo Antonio Puelles Espainiako Poliziako inspektorea hil zuen, haren auto azpian bonba jarrita.

0 comentarios