Blogia
orain

ORAIN KALERA/Kultura. Kili-Kili,50 urte

ORAIN KALERA/Kultura. Kili-Kili,50 urte

IÑAKI MENDIZABAL

Berrogeita hamar urteko ibilbidea laburtu eta horren barri eman nahi izan dugu erakusketa honekin. Eta, bide batez, hori dena ospatu”. Lau berbatan, ondo laburbildu zuen atzo Labayruko zuzendariorde Igone Etxebarriak Euskal Museoak ekainaren 26ra arte hartuko duen erakusketa hunkigarriaren xedea. Hunkigarria, frankismo garaian euskara zabaldu eta gordetzen ahalegindu zirenen esfortzuak agertzen dituelako, 60 eta 70. hamarkadetan Bilbo zabaleko euskaltzaleek sortutako espazio eta arnasguneak ale-tzen dituelako, gelaz gela, orduko egonezinak eta pozak erakutsiz. “Eskoletan ez zegoen araututa euskararen irakaskuntza, garai gogorrak ziren euskalgintzarako, eta sasoi hartan teila bako ikastola izan zen Kili-kili haur askorentzat”, gogoratu zuen Etxebarriak.Halan, umeen artean gure hizkun-tza bultzatzeko helburuarekin euskaraz idatzitako aldizkari baten bilakaera ikus daiteke Kili-Kili. Euskera pozgarri-n. “Hori bai, ez diogu nostalgiaz heldu nahi izan iraganari, helarazi nahi dugun mezua bestelakoa baita, hots, euskara mundu pozgarria dala, eta umeak inplikatu behar ditugula, gure hizkuntza pozarekin lotuz, bere garaian, hasiera-hasieratik Kili-kilik egin zuzen moduan. Horren adierazgarri, haurrek aldizkarira bidaltzen zituzten gutunak, erakusketan jarri ditugunak”, gaineratu zuen.Bilboko Udalak, Euskara eta Hezkuntza Sailaren eskutik, Labayru Fundazioak eta Euskal Museoak bultzatu eta babestu dute egitasmo berria, eta atzoko aurkezpenean erakunde guztietako ordezkariak zeuden, baita Kili-kilin aitzindari izan zen Iñaki Egurrola ere. Hutsunea sumatu zen, aldizkariaren sortzaile Jose Antonio Retolazarena, hain zuzen. Neurri batean, bere alargun Mila Arrietak bete zuen hutsune hori. Horiek aurrean zituela, Igone Etxebarriak aitzindari guztiak oroitu zituen bere berbaldian, Kili-kili elizaren helgalpean sortu zala aipatuz. “Hasieran fotokopiak izan ziren, umeek gorriz koloreztatzen zituztenak, eta geroago etorri zen aldizkaria, eta, berarekin batera, Lan eta lankuadernoa eta bestelako egitasmo asko. Laguntzaile-sare handia lortu zuen Kili-kilik denbora gutxian, Euskal Herri osoan hedatu zela agudo. Hori dena Jose Antonio Retolazari eta Lander Gallastegiri esker, beraiek sortu eta bultzatu baitzuten”.Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ere aldizkariak haurren euskaldun-tzean izan zuen eragina azpimarratu zuen bere agerraldian: “Garai gogorrak ziren eta gogoratzen dut habla en cristiano esaten zigutenean euskaldunoi. Ia-ia galdu egin nuen ama hizkuntza. Taldeak elizan baino ezin ziren bildu, eta hara non sortu zen Kili-kili, eliza batean, San Antonen”. Alkateak orduko espiritu hura berreskuratu behar dela esan zuen, “umeek, euskara ikastetxeetan ikasteaz gain, kalean ere egin dezaten, euskaraz jolas dezaten”. Zentzu honetan, gaineratu zuen euskarak “zubi-hizkuntza” izan behar duela.Kili-Kili, San Antongo zubiaren alboan jaiotako sei urteko mutiko jostalaria da erakusketaren gidaria. Neska-mutilen lagun izan gura zuen protagonista, bere txapel eta kaikuarekin, beti lapitza eskuan, irakurtzen, idazten eta lanean dagoela agertzen da Euskal Museoaren muntaian.Esposizio berria gaika sailkatuta dago, aldizkariaren existentziaren argitalpenak suposatu zuen garran-tziaren inguruan, hain zuzen, fotokopia xume batzuk izatetik txoko guztietara heltzen zen alfabetatze eredu izatera ailegatu baitzen Kili-kili.Agerian geratzen dira, baita, aldizkariaren jarduerak, ugariak eta helburu jakinekoak: euskaraz irakastea eta ume euskaldunak euren hizkuntzan alfabetatzea, lehiaketen eta sarien bitartez, beti ere testuinguru ludiko batean. Jarduera horien barruan, txokolatadak eta ibilaldiak aitzakia ezin hobea ziren elkartzeko, jolasteko eta ondo pasatzeko. Esaterako, lehiaketak etengabeko jarduera ziren Kili-Kilin, aukera bikaina eskaintzen baitzien umeei etxean ia ohartu gabe euskaraz irakurri eta idazteko; Ezetz Igarri zen ospetsuena. Eta umeek idazten zituzten gutunak ere ezin ahantzi, Kili Kartak espazioan argitaratzen zirenak.Aldizkariaren harpidedunek (18.000 edukitzera iritsi zen) etxean jasotzen zituzten alfabetatzeko asmoz Lan ta Lan izeneko koadernoak ere erakusten dira Euskal Museoan, euskaratu ziren edozenbat erdal komikirekin batera. Azkenik, 80.eko hamarkadan Kili-irratia sortu zen, eta haren jarduna ere aipatzen da erakusketan.Kili-Kiliren 233 zenbaki plazaratu ziren guztira, baina aldizkariaren espirituak bizirik dirau, euskaltzale askoren bihotzetan.


0 comentarios