Blogia
orain

GUTUNAK.ETAren Agiria Euskal Herriari

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, bere armategien zigilatze prozesuari hasiera eman diola
baieztatu nahi du agiri honen bidez. Honen harira honokoa adierazi nahi dugu:
1.- ETAren erabaki hau borroka armatuaren amaieraren ondorio da. Gatazka politikoaren ondorio guztiak gainditze bidean jarri
bitartean, bere armategiak zigilatuz, armak, leherkariak eta gailuak erabilera operatibotik kanpo daudela bermatu nahi du ETAk.
Horrela, segurtasuna eman nahi die bai jendarteari bai eta nazioarteari ere.
2.- Erabaki honekin ETAk Euskal Herriko agertoki berria sendotu eta konponbide prozesua elikatu nahi du. Urrats honek elkarrizketa
eta akordio giroa sustatu eta bestelako gaietan aurrera egiteko lagundu beharko luke.
3.- ETAk baieztatu nahi du prozesu hau Nazioarteko Egiaztatzearen Batzordearen parte hartzearekin burutzen ari dela. Horrela,
Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen eginkizunetan fase berri bat zabaldu da. Zehazki, ETAk eta Nazioarteko Egiaztatze
Batzordeak honoko terminoetan adostu dute mandatu berria:
– Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAk burutuko duen zigilatze prozesua egiaztatuko du, horretarako metodo bat
finkatu delarik.
– Zigilatuko diren armategien arma, leherkari eta gailuen inbentarioa egingo da eta inbentario hau Nazioarteko Egiaztatze
Batzordearen esku geldituko da.
4.- Armategien zigilatze prozesua hasi da eta bururaino eramatea da ETAren konpromisoa, bere azken armategia zigilatu arte.
Prozesu konplexua da eta zailtasunak izango ditu. Ez dago ETAren borondatearen edo Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen
profesionaltasunaren esku soilik. Edozein erasok, edozein oztopok zigilatze prozesuaren bideragarritasuna goitik behera baldintza
dezake. Hori gerta ez dadin, eragile guztiek ardurarekin jokatuko dutela espero du ETAk.
5.- ETAk gatazka politikoaren konponbidearekin eta bakearekin duen konpromiso erabatekoa adierazi nahi du berriz ere.
Gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko, ETAren armagabetzea barne, eman behar diren elkarrizketa eta akordioetan parte hartzeko
gure prestutasun osoa berretsi nahi dugu.
6.- Espetxe politika ankerrak hil duen Arkaitz Bellon Blanco gogoan, euskal preso politikoek jasaten duten eskubide urraketarekin
premiaz amaitzeko beharra dagoela azpimarratu nahi dugu.
ETAk etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko grinari eusteko deia luzatu nahi die euskal herritar guztiei. Espainia eta
Frantziako Estatuak aukera historiko hau gogotik zailtzen ari diren arren, Euskal Herrian konpromiso berriak hartuz itxaropenerako
ate berri bat zabaltzen ari gara. Lortuko dugu!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!
Euskal Herrian, 2014ko otsailaren 24an
Euskadi Ta Askatasuna

0 comentarios