Blogia
orain

ORAIN,EUSKARAREN NAZIONARTEKO EGUNAREKIN.Munduak euskara. Euskarak mundua

PATXI BAZTARRIKA-EJren HIZKUNTZA POLITIKARAKO SAILBURUORDEA

Urteak badu egun bat euskara mundu zabal honetako beste hizkuntza bat dela ospatzeko. Euskara mundu honetan bizirik dagoela ospatzen dugu, beraz, Euskararen Nazioarteko Egunean. Euskara mundu honetakoa dela, mundutarra, mundiala. Zinez ederra, ospakizuna.
Eta ospakizun eder honek beste zerbait ere badakarkigu gogora euskal herritarroi: munduan bizirik eta gero eta osasuntsuago jarraitzeko gu bakarrik gaituen hizkuntza da euskara. Euskal hiztunon, aurren-aurrenik, eta euskal herritar ororen borondatea eta atxikimendua: hori da euskarak, mundiala izaten jarraitzeko, daukan kapitalik preziatuena.
Hori bera da, bestalde, Gernikako Autonomia Estatutuaren ondorio zuzen-zuzena den 1982ko Euskararen Legea adostasun zabal batean onartu zenetik hona euskarak Euskal Autonomia Erkidegoan egin duen aurrerapauso nabarmenak frogatzen duena. Izan ere, 30 urteotan herritarron gogoak aldean izan ditu herri aginteak eta gizartearen beraren indarra, haien eskutik lege babes nahikoa eta hizkuntza politika emankorra gauzatzeko, eta gizarte eragileen aldetik sentiberatasuna eta atxikimendua etengabe eta praktikan sendotu eta areagotzeko.
Mundu zabalean eredu da, gaur, Euskadiko Autonomia Erkidegoan euskararen biziberritze prozesua, eta gizalegezkoa deritzot, Euskararen Nazioarteko Egunak eskaintzen digun ospakizun giroan, giltzarri izan direnei aitorpen zintzoa egiteari: bejondeiela, beraz, lege babesa lantzeko, zabaltzeko eta adosteko lan egin duten askotariko ordezkari politikoei eta herri erakundeetan hizkuntza politika eraginkorra mamitzen ahalegindu diren agintari nahiz teknikariei; bejondeiela talde politikoen artean euskararen sustapenaren aldeko adostasun zabalaren alde lan egin dutenei; bejondeiela herritarrei, erakutsi duten atxikimenduarengatik, eta euskal hiztunei, euskara beren bizitzetara eramateagatik, eta oso bereziki euskaldun berriei, egin duten eginahal miresgarri eta eragingarriarengatik; bejondeiela beren seme-alabentzat irakaskuntza osorik edo partez euskaraz izatea aukeratu duten guraso elebakarrei; eta bejondeiela askotariko gizarte eragileei, kultur sortzaileei eta, oro har, euskalgintza sozialari, nork bere alorrean jakin duelako euskarari hil edo bizikoak dituen kalitatea, ikusgarritasuna eta naturaltasuna ematen; bejondeiela, era berean, lanean gogor jardun duten milaka hezle eta irakasleei. Bejondeiela horiei guztiei, eta bejondeigula denoi, euskararen aurrerakada hori gizartearen eskutik egiten asmatu dugulako, eta ez gizartearen aurka. Denon mesedetan, eta ez inoren bizkar. Euskararen onerako, eta ez gaztelaniaren edo beste inongo hizkuntzaren kalterako.
Ikaragarria da, benetan, honaino ekarri gaituen ahalegina, eta ziur naiz luzaroan, oso ere luzaroan, ospatu ahal izango dugula euskararen mundialtasuna, baldin eta euskararen biziberritzeak planteatzen dizkigun erronka beti berriei heltzeko gai bagara.
Eta bizi-indarrarena du euskarak, nire ustez, etorkizunerako bidean erronka nagusia. Izan ere, hezkuntza sistemaren ekarpen eskergari eta helduen euskalduntze alfabetatzearen alorreko ahalegin eraginkorrari esker, euskararen ezagutzaren hazkundea egonkortu da gorako joera garbian Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta erabilera ere haziz doa etengabe, bestelako erritmoz eta intentsitatez bada ere. Baina euskararen bizi-indarra, erabilerarekin harreman zuzena duenez, estu-estuan lotzen da euskal herritarron eta, oso bereziki, euskal hiztunon jarrera eta praktikekin. Azken batean, erabilera baldin bada edozein hizkuntzaren bizi-indarraren giltzarri nagusia, gutariko bakoitzaren aukeren eremuan sartzen da euskararena. Gure —gutariko bakoitzaren— eguneroko hautuetan dago koska, ez txikiena. Bestela, begien bistakoa dugu erronka: euskara, eskolari eta helduen euskalduntzeari esker, gero eta herritar gehiagoren bigarren hizkuntza izanda ere (eta hori oso positiboa da, jakina), ez dadila gero eta herritar gutxiagoren lehen hizkuntza bihurtu. Eta horrek oso era argian markatzen du, nire ustez, gure lehentasunetan lehentasun izan behar duena: euskaldunok euskara gehiago eta gehiagotan erabiltzearen aldeko aukera praktiko iraunkorra egitea.
Eta ugari dira aukera hori gauzatzeko eremu egokiak. Adibidez, euskarak, komunikaziorako tresna den aldetik, ezinbestekoa du jendearen bizitza afektibo eta harremanezkoa gauzatzen den guneetan gaur egun baino gehiago agertzea. Oso egoera paradoxikora eramango gintuzke, bestela, eta euskararen iraupenarekiko zalantza sakona eragiteraino, eguneroko bizitzaren eremu formaletan euskara indartsu ibiltzeak, gutariko bakoitzaren espaziorik kuttunenetan ahul edota lotsati ageri den bitartean.
Erronken zerrenda osoa egiteak artikulu hau gehiegi luzatzera eramango ninduke, baina ezin dut aipatu gabe utzi euskarak, sarritan, ez duela behar besteko espaziorik aurkitzen eskolak euskalduntzen dituen haur eta gazteen sozializazio prozesuan. Indar eta trebetasun handiz saiatu beharko dugu, aurrerantzean, haur eta gazteen harreman naturalen esparruan euskarak tokirik izan dezan, aurrenik, eta ohikotasunera iritsi dadin, ondoren.
Baina aurrean dugun lantegiak ez gaitu sekula izutuko, honaino ekarri gaituen adostasuna gero eta sakonagoa, gero eta zabalagoa egiteko deliberamenduan tinko jarraitzen badugu. Hartara, urteak jarraituko du euskara mundiala dela ospatzeko egun bat izaten, eta euskarak, urtez urte, belaunaldiz belaunaldi, gero eta ozenago aldarrikatu ahal izango du bere mundialtasuna, gainerako hizkuntzen artean hizkuntza. Hizkuntzen artean dagokion lekua egunero irabazita. Ibilbide horretan nahitaezko bidelagun izango ditugu herritarren euskararekiko atxikimendua, euskara maitatu eta erabili ahal izatetik erabili nahi izatera eta erabiltzera jauzi egitea, eta euskararen gaineko adostasun sozial eta politiko zabala etengabe elikatu eta areagotzea.


0 comentarios