Blogia
orain

ORAIN KALERA.Berria,10 urte:Elkartasun aterki handiaren babesean


Iñaki Petxarroman
Euskaldunon Egunkaria-ren gainean gezur zaparrada ari zuen bitartean, elkartasunaren aterkia atera zuen euskal gizarteak. Euskarak eta Euskal Herriak behar zuten eguneroko kazeta bat euskaraz, euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea erdal komunikabideetatik, independentea erakunde publikoetatik eta alderdi politikoetatik, ez-instituzionala, diruz lagundua, militantea, profesionala eta berria. Alegia, Euskaldunon Egunkaria-ren sortze beretik izandako hamaika oinarriek gidatu behar zuten egunkari berria ere. Hiru hilabete eskasean 24.404 akziodun, 11.085 harpidedun eta 4.595.900 euroko kapitala bildu zituen euskarazko egunkari berriak.Ekainaren 21ean iritsi zen elkartasun uholde haren emaitza nagusia: BERRIA egunkaria. Horretarako, herriz herri eta auzoz auzo diru bilketa kanpaina handia egin zuten Egunkaria-ko langile ohiek hilabete haietan. Mikel Arregi ibili zen talde haiek koordinatzen: «Sei hilabete eskasean bost milioi euro lortzea ikaragarria da. Eta, hori ulertzeko, bi gauza azpimarratuko nituzke: batetik, tamaina horretako injustiziaren aurreko erantzun ikaragarria izan zen. Euskal gizartea asko haserretu zen, eta, besteak beste, bost milioi euro bilduz erantzun zuen. Baina, bigarrenik, euskal gizartearen izaerak ere izan zuen pisurik. Izan ere, Andoaindik diru-bilketa eta erantzun kanpaina antolatzen hasi aurretik, han eta hemen ekimenak martxan zeuden».Alegia, gezur zaparradaren aurrean, beren kasa atera zuten herritarrek elkartasun aterkia. Eta BERRIA izan zen ondorioa. Jakin-min handia sortu zuen lehen zenbaki hark, eta berehala agortu ziren inpresio zentrotik heldutako 50.000 egunkariak. «Hilabete hauetan eman diguzuen laguntza eta elkartasuna produktu on bat zuen eskuetan jarrita ordaindu nahi dugu», adierazi zuen Martxelo Otamendi zuzendariak. Produktu bat baino gehiago, produktu asko izan dira. Izan ere, Euskarazko Komunikazio Taldeak eta BERRIA Taldeak hamaika produktu jarri dituzte urte hauetan euskaltzaleen esku, euskararekin eta euskal kulturarekin duten konpromisoaren seinale. Tokiko eta herrialdeetako Hitza-k sortu ditu, parte hartu du Hamaika Telebistan, Irrien Lagunen proiektuan, Bidasoa inpresio zentroan. Paperean ez ezik, Interneten ere egin du bidea egunkariak, gero eta albiste gehiago, osatuago eta ikusgarriago emanez atari digitalean ere. Aste honetan bertan estilo liburua jarri du Interneten erabilgarri.Jasotako adina eman nahi izan dio BERRIA Taldeak gizarteari. Horretan egin du ahalegina, behintzat. Baina euskara hutsezko komunikabide batentzat bidea trabaz beterik dago.

Egoera ekonomiko zaila

Hasierako urteetan zabaltze handia eduki zuen BERRIAk. Gainera, dirurik galdu gabe amaitu ahal izan zituen lehen urteak. 2008tik aurrera, ordea, prentsa idatziaren krisia eta krisi ekonomikoa etsai gogor bilakatu dira. Hala, azken lau urteotan dirua galtzen itxi ditu BERRIA Taldeak kontuak. Egoeraren larria ikusita, 2012an BERRIAlagun kanpainari ekitea erabaki zuen, aurrera begira komunitate bat osatu eta diru iturri iraunkor bat bermatzeko asmoz. «Egunkaria itxi ondoren BERRIA irekitzea ere ezinezkoa izango zen ekarpen hori gabe. Eta, gaur egun ere, proiektu honek ezinbestekoa du herritarren sostengu ekonomikoa. Ezinbestekoa da erronka berriei eutsi eta herri honek behar dituen euskarazko komunikazio tresnak etengabe lantzen joateko», gogoratu du Arregik.Berriz ere handia izan da euskaltzaleen laguntza. Berriz ere oparoa elkartasuna. 500.000 euro bildu zituen BERRIA Taldeak iaz ziztaden bidez, eta 600.000 euro biltzeko bidean doa aurten.Hala erantzun ahal izango die proiektuak etengabe sortzen ari den erronkei. Berriki Iban Arregi kontseilari ordezkariak zioen moduan, gakoa izango da gaitasuna izatea etengabe gertatzen ari diren teknologia eta euskarri aldaketa horietara ahalik eta azkarren eta arinen egokitzea. «Ahaztu gabe BERRIAren funtzio garrantzitsuena kazetaritza kalitatezkoa eta plurala egitea dela». Alegia, duela hamar urte bezala, euskaraz eta ikuspegi nazional batetik informatzea.
ZORIONAK GURE PARTEZ!

0 comentarios