Blogia
orain

GUTUNAK.ETAren agiria.

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Aieteko Konferentziatik eta ETAk borroka armatuaren amaieraren erabakia iragarri zuenetik urtebete luze igaro denean, bere gogoeta eta proposamenaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:
Lehenik eta behin, ETAk bere erabakiaren ondoren gertatzen ari den inboluzioa salatu nahi du. Ordura arte borroka armatua behin betiko amaituz gero bake prozesua elkarrizketa eta akordioaren bidetik abiatzeko prest zeudela esaten zutenak, ETAren erabakiaren ondotik, atzera egiten ari dira egunez egun:
- Espainia eta Frantziako gobernuak, elkarrizketa eta akordioari atea ixteaz gain, konponbidearen kontrako noranzkoan dabiltza, bake aukera zapuzteko agenda baten baitan. Euskal preso eta iheslari politikoekin darabilten jokabidea edota azken asteotako errepresioa, mehatxuak eta bi Barne ministroen adierazpenak zinez argigarriak dira.
- Zenbait alderdi politikok ere ez du orain arte espero zitekeen jarrera eraikitzailerik izan. Sarri alderdi interesak jendartearen nahiari gailendu zaizkio. Horrela, hauteskunde kalkuluengatik izan edo egungo inposizio egoerari eusteko asmoengatik izan, prozesua moteldu eta desitxuratzeko ahaleginak ugariak izan dira.
ETAk ohartarazi nahi du iraganean jarrera bertsuek konponbidetik urrundu eta gatazkaren eta sufrimenduaren luzapena besterik ez dutela ekarri. Eta oraingoan ere, prozesua irtenbiderik gabe uzteko arrisku bizia dagoela.ETAk bide errepresiboen antzutasuna azpimarratu nahi du. Estatuek bake aukera zapuztu dezakete, baina horrela ezin izango dute inoiz gatazka gainditutzat eman. Eskaintza bakarra itxikeria eta errepresio gordina denean, gatazka politikoa gainditzeko bide demokratikoak eskaintzen ez direnean, konfrontazioa elikatzen da.Hori da jokoan duguna: gatazka historiko honi konponbide sendo eta iraunkorra ematea. Euskal Herriaren etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko aukera, alegia.

Blokeoa Euskal Herritik hautsi behar da
Guztiarekin ere, ETAk uste du Euskal Herrian blokeoa hausteko eta konponbidean aurrera egiteko indarra egon badagoela. Baina blokeoa eta etsipena errotu ez daitezen, luze gabe, urratsak egin behar dira. Ahaleginak biderkatzeko unea da, beraz.ETAren ustez, euskal jendartea, euskal eragile eta herritarrak, izan behar dira prozesu honen protagonista nagusiak.Nazioarteko komunitateak ez luke blokeoaren aurrean etsi behar. Aieteko Adierazpenari aldeetako batek erantzun positiboa eman izana eta euskal jendartearen gehiengoaren babesa izatea, ahaleginari eusteko arrazoi sendoak dira.Alderdi politikoei dagokienez, Euskal Herri osoan hauteskunde ziklo luzea igaro denean, hemendik aurrera arduraz eta modu eraikitzailean jardungo dutela espero du ETAk.ETAk, bere aldetik, konponbidearekin bat egiten duten guztiekin elkarlanean aritzeko borondatea duela adierazi nahi du, blokeoa hausteko eta prozesua garatzeko bide eraginkorrak aurkitzeko helburuarekin.

Bakerako agenda behar da

Estatuen eraso, oztopo eta jarrera ezkorraren aurrean, Aieteko bide-orria oinarri hartuta, bakea eraikitzeko agenda behar dela uste du ETAk. Norberaren konpromisotik hasita, konponbidearen aldeko indar guztien elkarrekintzara iristeko.Agenda honen helburua Estatuak konponbidera erakartzea eta bake prozesua egituratzea litzateke.Bakerako agenda hiru ardatzen gainean eraiki beharko litzateke:
- Salbuespen egoerari erantzutea: errepresioari, eskubide urraketei eta, bereziki, premiazkoa den euskal preso politikoen egoerari.
- Konponbidearen aldeko aldarria entzunaraztea, Euskal Herriko bazter orotatik Madril eta Parisera herri honen bake nahia irits dadin.
- Elkarrizketa bideak zabaldu eta adostasunetara iristeko esparruak sortzea.

ETA-ren proposamena:
Urtebete honetan ETAk bere eginahalak egin ditu Frantzia eta Espainiako gobernuekin elkarrizketak hasteko. Honenbestez, gobernuek ETAren konpromisoaren eta elkarrizketak zabaltzeko prestutasunaren berri zehatza
dute.Ildo beretik sakontzeko, ETAk bere proposamena aurkeztu nahi du, aurrera egiteko arrazoizko bideak dauden uste osoarekin.Proposamen hau konfrontazio armatuari bukaera egonkor eta ordenatua emateko premian oinarritzen da, bakearen zutabe sendo bat jartzeko helburuarekin eta Euskal Herrian burutu beharreko prozesu demokratikoaren osagarri izan dadin.ETAren ustez, gatazkaren ondorioak gainditzeko prozesuak bi helburu bildu beharko lituzke:
- Konfrontazioaren ondorioz preso diren edota herria utzi behar izan duten euskal herritar guztien egoerari irtenbidea ematea.
- Konfrontazio armatuan parte hartu duten indarrak Euskal Herriko egoera berrira egokitzea, normalizazio demokratikorako urrats gisa eta Euskal Herrian garatu beharreko prozesu demokratikoa askatasunez eta mehatxurik gabe burutu dadin.
Aipatu helburuak bideratzeari begira, honako elkarrizketa agenda proposatzen du ETAk:
- Euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratzeko epeak eta formulak.
- ETAren armagabetzearen, egitura armatuen desegitearen eta militanteen desmobilizatzearen epeak eta formulak.
- Euskal Herriaren desmilitarizaziorako urratsak eta epeak, Euskal Herrian dauden indar armatuak konfrontazio armatuaren amaierara egokituz.
Agendaren gainean hiru ohar erantsi beharko lirateke:
- Jakina denez, Estatuek konfrontazioan erabili duten indarkeriagatik eta burutu dituzten krimenengatik (torturak, gerra zikina, ETAren militanteen exekuzioak, etab.) presorik ez dago, Estatu indarrak zigorgabetasun osoz aritu baitira. Haatik, ETAk ez dio Estatuek aitortu behar duten egiaren eta erantzukizunaren beharra aldarrikatzeari uko egiten.
- ETAren borrokaren ondorioz Euskal Herritik joateko erabakia hartu zuten pertsonei dagokienez, ETAk uste du bere erabakiaren ondotik auzi hori bideratua dagoela.
- Konfrontazioak biktima eta kaltetuak eragin ditu. Bake prozesuan ezinbestean jorratu beharreko gatazkaren ondorioa da. Askotariko eremuetatik landu behar denez eta askotariko ekimenak eskatzen dituenez, agenda hau gainditzen duelakoan gaude. Nolanahi ere, ETA prest dago gai hau agendan sartzeko, egia eta norberaren erantzukizuna aitortze aldera.

Honakoa ETAren proposamena izanik, Espainia eta Frantziako gobernuek dituzten proposamenak entzun eta aztertzeko prestutasuna dugula adierazi nahi dugu.Aipatu gaien gaineko akordio oso batera iritsiz gero, honen inplementazioari bide emango litzaioke. Akordioen inplementazioak gatazkaren ondorioak gainditzea eta, horrenbestez, konfrontazio armatuaren behin betiko amaiera ekarriko luke.Testuinguru horretan, akordioen ondorioz egindako urratsetatik harago, ETAk egoera berriari egokitzeko erabakiak hartuko ditu, gure helburu politikoek, bake prozesuak eta une politikoak berak eskatzen dutenaren arabera.Honekin guztiarekin, ETAk prozesuan aurrera egiteko duen prestutasuna berrestearekin batera, konponbidearen aukerari tinko eusten jarraituko diola adierazi nahi du.
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista! Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskal Herrian,2012ko azaroaren 15ean
Euskadi Ta Askatasuna-E.T.A.

0 comentarios