Blogia
orain

GUTUNAK.Bost puntu EITBrentzat.

Azpiko testua, EAEko aukera politiko guztietako ordezkariei eta EITBko Administrazio Kontseiluko kideei helarazi zaie, baina ondo iruditzen bazaizu, emazu zeuk ere izena indar handiagoa egiteko.Euskadiko Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeen ostean agintzen duenak agindu, premia handiarekin heldu beharko dio EITBren bideraketari. Idatzi hau sinatzen dugunok bat gatoz gutxieneko bost puntutan, aldi berean oinarrizko eta ezinbesteko direnak.

1. EiTBk euskal herritarren zerbitzuko erakunde publikoa izan behar du, euskaraz eta gaztelaniaz kalitateko programazioa eskainiko duena, ikusleekiko begiramenduna eta plurala, interes publikoari bideratutako edukiekin, produkzio propioaren bidez, gainerako kate publiko eta pribatuekiko zeregin orekatzailea izango duena.

2. EiTBk bete egin behar du sortzetik duen euskara bultzatu eta normaltzeko helburu estrategikoa. Ondorioz, hedadurari eta eraginari dagokionean, hizkuntzak duen lurraldetasunaren bezainbestekoa izan beharko du gutxienez.

3. Lehentasunezkoa zaion zeregin informatiboan, neutraltasunik gabe, inpartzialitatea behar du EiTBk. Enbarazu egin arren, botereek errespetatuko dutena behar du izan. Hezi, informatu eta entretenitzeko zeregin hirukoitzerako beharrezkoa duen independentziak, lege berri baten bidez sakoneko aldaketa ekarri behar die zuzendaritza organuak aukeratzeko dauden moduei.

4. EiTBk eredugarria izan behar du gaurko euskal kulturaren funtsezko osagaien errespetuan, Euskal Herriko lurralde guztien arteko harremanen sustapenean, eta sarri interesatuak eta artifizialak diren hesiak gainditzeko ahaleginean.

5. EiTBk kalitatezko erreferentzia profesionala izaten saiatu behar du ikusentzunezkoen munduan. Baditu horretarako behar diren esperientzia eta baliabideak, nola teknikoak, hala pertsonenak ere. Gidatuko dutenek ere asmatuko beharko dute maila berekoak izaten.

Hala bada, publikoaren zerbitzuko EiTB eskatzen dugu, euskarari lehentasuna emanez, independentea, kalitatezkoa eta euskal kultura bultzatuko duena.

0 comentarios