Blogia
orain

ORAIN KALERA.EPPK-k borroka armatua amaitutzat eman du, eta "alde anitzeko mina" aitortu du

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako (Bizkaia) Elai Alai pilotalekuan gaur goizean egindako agerraldian "prestasun osoa" agertu du "baldintza berriak" emanez gero, konponbideari begira urratsak emateko. Ehun bat lagun bildu dira pilotalekuan, kolektiboaren eztabaidaren ondorioen berri izateko.ETAren armak uzteko erabakiari "errespetu eta babes osoa" agertu diote, eta "borroka armatua tresna gisa erabiltzeko garaia amaitutzat" eman dute. ETAk iazko urriaren 20an esan zuen behin betiko bukatu duela jarduera armatua.Biktimei dagokienean, "alde anitzeko mina" aitortu dute, baina gaitzetsi dute biktimen auzia "gatazka betikotzeko" erabiltzen dela.Zortzi puntu nagusi ditu kolektiboaren adierazpenak. Presoak "gatazka politikoaren isla" direla azaldu dute, eta konponbideari begira presoen kaleratzea babestu dute, eta horiek kaleratzeko oztopoak indargabetzearen alde agertu dira. Horregatik, presoen egoeraren inguruan hitz egiteko prest agertu dira, hautatu berri dute mintzakide talde berriaren bitartez. Anabel Egues, Xabier Alegria, Jon Olarra, Lorentxa Gimon, Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre osatzen dute EPPK-ko mintzakide talde berria. Kolektiboak 640 preso inguru biltzen ditu bere barnean, 82 espetxetan barreiatuta. Espetxe politikaren inguruan adierazi dute politika horrek "gerra estrategiari" erantzuten diola, eta prozesu politikoaren kontra doala. "Presoak bahitu politiko gisa erabiltzen dituzte". Horrekin batera, "presioa eta xantaia" bertan behera uzteko eskatu dute.Kolektiboak salatu du Euskal Herriaren eskubideak urratuak izan dira urteetan —Gernikako bonbardaketa edo Nafarroaren okupazioa aipatuz—. "Konponbide demokratikoak proiektu politiko guztiak ahalbidetu behar ditu, independentzia barne. Herriak du hitza eta erabakia".Ezker abertzalearen kokapen berriari aipamen egin diote, eta "indarrak biderkatzearen" garrantzia azpimarratu dute. Ezker abertzaleak egoera politikoa "irauli" egin duela uste dute, eta salatu dute [Espainiako eta Frantziako] Estatuen jokabidea "blokeoan" oinarritzen dela. Bi horiei "ausart" jokatzeko eskatu diete, eta "konponbide demokratikoaren ibilbidean" sartzeko.Aieteko Adierazpenaren, Gernikako akordioaren eta Anoetako aldarrikapenaren garrantzia ere azpimarratu dute. Anoetako planteamenduari aitortza eman diote, Gernikakoa "erreferentzia nagusia" dela uste dute "konponbide integralari begira", eta Aietekoa "konponbide prozesua egituratzeko" baliagarria izan dela iritzi diote.

0 comentarios