Blogia
orain

GUTUNAK.Ederrena etorteko dago. Eutsi!

RAMON BASALDUA
Egun bi geratzen dira Athleticek aspaldiko urteetan jokatu dauen partidu garrantzitsuenari ekiteko. Markel Susaetak eta Ander Iturraspek esan dabe inoiz jokatu daben partidu garrantzitsuena dala Portugalgo Sportingen aurkakoa. Gauza bera esan leikie Athleticeko jokalari guztiek. Eta horixe bera uste dogu Athletic zale askok. Urte asko igaro dira, hogeta hamabost hain zuzen, Koldo Agirrek zuzendutako taldeak UEFAko finala jokatu eta galdu ebanetik Torinoko Juventusen aurka. Eguenekoa egun historikoa izan daiteke, Athleticek bigarrenez eskuratu leikelako Europa mailako txapelketa bateko finalerako txartela.Horretarako, ahalegin berezia egin beharko dabe Marcelo Bielsaren gizonek. Nekatuta dagoz eta badaukie motiborik leher eginda egoteko. Berrogeta hamasei partidu ofizial jokatu dauz talde zuri-gorriak denporaldia hasi zanetik eta hasierako hamaikakoko gizon askok lau mila minututik gora jokatu dabe. Beste sei partidu geratzen jakez -zazpi Bucaresteko finala kontuan izanda- denporaldiari amaierea emoteko eta zuri-gorriek gorputz eta arima ipini beharko dabe orain arte egindakoa biribiltzeko. Kopako finalerako sailkatuta, Europa Leagueko finalean sartzeko zorian eta Ligako sailkapeneko goialdean dago Bielsaren taldea. Barriro azpimarratu behar da, hurrengo partiduetan gertatzen dana gertatzen dala, 2011-2012 denporaldia historikoa izango dala. Edozelan be, zuri-gorriak egindakoa biribiltzeko aukera bikaina daukie.Azken txanpea baino ez jako falta aurtengo estropadeari. Traineruetan, arraunlariek arraunkada erritmoa bizitu behar dabe azken ziabogea egin eta gero. Tostetan arraunari helduta doazanak leher eginda egoten dira patroiaren agindua jasoten dabenean baina ez dabe amore emoten, ondo baino hobeto dakielako azken txanpa horretan erabagiko dala lehia. Horixe bera egin behar dabe Athleticeko jokalariek. Aukera historikoa daukie eta bederatzi hilebete luze honeetan pilatutako nekea ez da oztopo ezta atxaki izan behar azken asteotan, ederrena etorteko dago-eta.Athleticek irabazi egin behar dau Portugalgo Sportingen aurkako partidua finalerako txartela eskuratzeko. Bielsak esandakoaren haritik, Europa mailako finalaurreko baten etxeko partidua irabazi behar izatea gauza normala da. Kontua da, Manchester eta Schalkeren aurka zuri-gorriek joaneko partiduetan ia erabagita itxi ebezala kanporaketak. Eguenean irabazi egin behar da bai ala bai eta horretarako Athletic onena ikusi behar dogu. Marcelo Bielsaren taldeak dakien moduan jokatzen badau Bucaresteko finalean egongo da. Ahalegin horretan, oso garrantzi-tsua izango da Iker Muniain eta Fernando Llorenteren ekarpena. Jose Alvaladen makal ibili eta Sardineron atsedena izan ostean, jokalari bi honeek erabagigarriak izan behar dira egueneko partiduan. Eurak dira taldeko izarrak eta izarren distirea horrelako partidu historikoetan ikusi behar da.Eguenean sufridu egingo dogu San Mamesen. Jose Alvaladen jokatutako partiduan Ricardo Sa Pintoren Sportingek argi itxi euskun aurkari gogorra dala. Manchester eta Schalkek baino kalidade gitxiago euki arren, Lisboako lehoiek presino itogarria egiten dabe zelai erdian eta erasora begira oso bertikalak eta azkarrak dira. Ganera, Portugalgo Sporting nortasun handiko taldea da eta ez dau inoiz amore emoten. Horrelako aurkari baten aurka, Bielsaren gizonak ezin dira gitxiago izan motibazino eta agresibidade mailan. Hori lortzen badabe, finalean egongo dira Sporting baino hobeak diralako.Amaitzeko, dei bat Bizkaiko futbol talde askori euskerea ondo erabili daien. Partidu hasi baino lehen talde askotan jokalariak batu egiten dira alkarri animoak emoteko eta hauxe oihukatzen dabe: "Bat bi hiru bi, Pedrusko (taldearen izena) irabazi!" Begi bistan dago taldearen izenari ergatiboa falta jakola: Pedruskok irabazi! esan beharko leukie. Parkatu, baina min emoten deust.

0 comentarios