Blogia
orain

ESKELAK.XABIER GEREÑO,EUSKALTZAINA ETA IDAZLEA.

Xabier Gereño ohorezko euskaltzaina gaur hil da, Bilbon, 86 urte zituela. 1988. urtetik zen ohorezko euskaltzain. Hileta astelehenean izango da, apirilaren 11n, Deustuko San Pedro elizan, iluntzeko zazpietan. Bilbon sortu zen Gereño, 1924ko abuztuaren 12an. Amarengandik jaso zuen euskara, eta, hobetzeko, Josutxu meza liburuaz baliatu zen.Txikitan Bilbon bizi izan zen, eta bertako Merkataritza Eskolan Merkataritza Ingeniaritza ikasi zuen. 36ko gerra hasi zenean, aita lanetik bota zuten, eta familiak Kanarietako Las Palmas hirira alde egin zuen. Hiri horretako goi mailako Merkataritza Eskolan ikasi zuen, eta, Bilbora itzuli izan zenean, Merkataritza Intendente ikasketak amaitu zituen. Horrez gain, solfeo eta piano ikasketak ere egin zituen.Hogeita hamahiru urtean, kontularitza ardura izan zuen Aeronautica SA lantegian. Bere enpresan lankide zuen Manuel Landaluze txistulariarekin txistua ikasi zuen, eta dantza taldeen ekintzak eta bidaiak antolatzeari ekin zion. 1955ean, Txistularien Elkarteak berriz indarra hartu zuenean, buru-belarri aritu zen lanean. 1957an, Txistularien Udal Akademiaren sorrera bultzatu zuen, Bilbon.1980tik 1988 arte, Euskaltzaindian lan egin zuen, erakunde horretako kontabilitatea antolatuz, eta euskarazko ereduak sortu zituen. Eredu horiek balio handikoak izan ziren beste enpresa askorentzat. Euskal Irrati Telebistako lehen Administrazio Kontseiluko kide izan zen.1965. urtean, euskal abesti berrien txapelketa eratu zuen Bilbon, baina agintariek debekatu egin zuten. Txapelketa horretan, Benito Lertxundik eta Lurdes Iriondok hartu zuten parte, besteak beste. 1950eko hamarkadan, Miarritzeko eta Baionako udalekin batera, hainbat jaialdi antolatu zuen Ipar Euskal Herrian ere.Besteak beste, Txistulari, Karmel, Zeruko Argia, Dantzari (berak sortu zuen), Anaitasuna, Aizu!, Bilbao eta El Mundo agerkarietan eman zituen argitara idazlanak.Cinsa liburu eta disko argitaletxearen zuzendaria ere izan zen. Argitaletxe horren helburua hauxe zen: euskal kulturaren aldeko ekintzak zabaltzea, musika bereziki, enpresen egitura erabiliz. Cinsak 42 disko argitaratu zituen, bai eta liburu batzuk ere. 1968. urtean, espetxera sartu zuten; arrazoia, hauxe: Julen Lekuonaren Ez, ez dut nahi kantak ez zuen eskuratu behar zuen baimenik, eta Gereñok 15 egun eman zituen kartzelan. Hori izan zen atxilotu zuten bigarren aldia, lehenengoa hogei urte lehenago gertatu baitzen, 1948an, orduan euskara irakasteko akademia bat sortu nahi izan zuelako.Eleberri ugari idatzi zituen, batez ere genero beltzekoak.Euskal Herriko Txistularien Elkartearen sortzaile izan zen, eta San Anton orfeoia sortu zuen taldeko partaidea ere izan zen.Euskaltzaindiak 1965eko irailaren 24an izendatu zuen euskaltzain urgazle. Euskaltzain ohorezko, berriz, 1998ko apirilaren 24an izendatu zuen.1991n, Bilboko Reina de la Paz egoitzara joan zen bizitzera. Egoitza horretan, kultura eta animazio batzordeko arduraduna izan zen, hasiera-hasieratik.

0 comentarios