Blogia
orain

BEGIRA,BEGIRA.Hiru abokatuak,Arantxa Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi libre geratuko dira 60.000 euroko bermea ordainduta

Askatu.org webguneak jakinarazi duenez, Arantxa Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi espetxetik aterako dira, 60.000 euroko bermea ordaindu ondoren. ETAren mezulari zirela leporatuta sartu zituzten aurten espetxean, baita etakideen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta erakunde armatuaren iraultza zerga-ren ordainketetan parte hartzea ere. Jose Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak bera hiltzeko informazioa biltzea ere leporatu zien.Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Zuluetak tramite guztiak eginak ditu eta datozen orduetan libre geratzea espero da. Malagako espetxean dago. Enparantzak eta Sarriegik, berriz, datozen orduetan egingo dituzte bermea ordaintzeko gestioak, eta bihar arte ez dira aterako. Enparantza Granadako espetxean dago eta Sarriegi, Puerto IIIn.Hiru abokatuak apirilean atxilotu zituzten Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Saioa Agirre, Jose Luis Gallastegi, Asier Etxabe, Juan Mari Jauregi eta Joxe Domingo Aizpuruarekin batera, Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak orduan salatu zuenez, operazio hark euskal preso politikoen defentsa eta elkartasuna zuela jomuga. Hainbat abokatuen elkartek harrezkero euren askatasuna eskatu dute, azkenekoz urriaren 2an. Operazio hori legez kanpokoa izan zela ohartarazi zuten, eta hasierako susmo hori epaileak sekretupean zuen auziaren nondik norakoak ezagutu ondoren berretsi egin zirela salatu zuten.Operazio horretan hainbat lagunek torturak salatu zituzten; ez, ordea, hiru abokatuek. Ondoren jakin zenez, Guardia Zibilak hiru horiek "zuzentasunez" tratatzeko agindua zuen. «Zein tratu eman behar zitzaien orduan gainontzekoei?», salatu zuten urriaren 2an abokatuek Guardia Zibilaren txostena zenbait egunkaritara filtratu zenean. Polizia operazioaren txostenak dio Guardia Zibilarena "zirriborroa" besterik ez zela. Abokatuen ustez, ordea, txosten hori ikertzekoa da, areago, txostenak agintzen zuena bete zela ezagutu denean.

0 comentarios