Blogia
orain

Milaka lagun bildu dira Iruñean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko

Milaka lagun bildu dira Iruñean, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko Manifestazioa seiak pasata abiatu da Iruñeako Golem zinemetatik, inguruan bildu diren milaka lagunen txalo zaparradarekin batera eta ikurrina bat eta zanpantzarrak buru zirela. Haien atzean, pankarta nagusia, "Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea" aldarrikatzen, Kontseiluko kideek eramana.Euskalgintzako aurpegi ezagun ugari bildu dira Iruñera, baita hainbat alderdi politikotako ordezkariak ere. Haiekin batera, milaka euskaltzale, "euskaraz bizi nahi dugu" zioten kartelak erakusten zituztela. Tarteka euria egin badu ere, jai giroan egin dute ibilbidea, zanpantzarrez gain fanfarre eta txarangak baitzeuden manifestariak animatzeko.Amaierako ekitaldian, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak "euskaldunak zokoratzea helburu izan duen" Nafarroako Gobernuaren politika aldatzearen beharra nabarmendu du.Zapatuko mobilizazioaren erantzuna ikusita, Gobernuari ohartarazi dio "bere ahaleginak" ez duela arrakastarik izango. "Gaur, beste behin, erakutsi dugu aurrera egiteko prest gaudela; denon artean baldintza berriak sortu behar ditugu eta sortuko ditugu".Horretarako, lehenik eta behin, hizkuntza-politika berria behar dela esan du, eta horretaz gain euskararentzat estatus juridiko "egokia" aldarrikatu du, estatus ofiziala.Gainera, euskararen normalizazioari bultzada emateko beste hainbat neurri hartu behar direla adierazi du, hala nola belaunaldi berriak osorik euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza-sistemaren erreforma; Administrazioa euskalduntzea; alor sozioekonomikoa euskalduntzeko neurri eragingarriak; helduen euskalduntze-alfabetatzeari izaera estrategikoa aitortzea eta euskararen aurrekontuak nabarmen handitzea, beste batzuen artean.Bilbaok hori guztia aurrera ateratzeko elkarlanaren beharra azpimarratu du.Kontseiluko ordezkariak pozik agertu dira manifestazioak izan duen parte-hartzearekin. Amaieran balorazioa egin du Iñaki Lasak eta eta aurreikuspenak aise bete dituztela esan du. Ez du zenbakitan sartu nahi izan, baina Nafarroan euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena izan dela nabarmendu du. Euskaltzalek emandako erantzunarekin oso gustora agertu da, jendeak erakutsi baitu euskaraz bizi nahi duela.Gaurkoa abiapuntua besterik ez dela esan du, eta Nafarroako Gobernuari zer pentsatua eman beharko liokeela erantsi du Lasak.

0 comentarios