Facebook Twitter Google +1     Admin

NI,ZU TA BIOK.Euskararen Bilbo

Sabin Anuzita/Bilboko Euskara, Gazteria eta Kirol Zinegotzia

Raimon Saizarbitoria idazleak esan zuen: “uste dut salbazioa Bilbon dagoela. Bilbon salbatuko gara, edo ez gara salbatuko”.Hirietan hizkuntza-aniztasuna hedatzen ari da eta bertan ari da jokatzen, eta jokatuko da, hiztunen arteko bizikidetzaren auzi garrantzitsuetako bat. Gakoa berezko gure hizkuntzaren eta hizkuntza partekatuen arteko harreman orekatuan datza. Elkarrenganako errespetuan eta funtzio osagarrian dago gakoa nire ustez. Bilbo den hiri handi hau, joko–zelai ezinhobea da hizkuntza bizikidetzan urrats esanguratsuak emateko.Egungo datu absolutuak hartuta, Bilbo da euskaldun gehien duen munduko hiriburua. Haur eta gazteen artean euskal hezkuntza-ereduak nagusi dira eta azken 30 urteetan Euskararekiko atxikimendua nabarmen handitu da. Bilbon herritarren %52ak euskalduntzat jotzen du bere burua, hau da, bitik batek.1981an ia euskaldunak bakarrik %6 ziren eta gaur egun %28 dira. Egia da bestalde, urte hauetan ezagutza mailan lortutako aurrerapausoak ez direla bere horretan islatzen erabileran. Argi dago beraz, zein den gure erronka: erabilera.sustatzea.Bide horixe izan dugu jo-puntuan Bilboko Udalean azken urteotan, erabilera sustatzea, jabekuntza eta kalitatearekin batera. Umeak eta gazteak ezarri ditugu talde estrategiko nagusi moduan, familia transmisioa giltzarria baita; erabilera zabalduko bada, hiriaren bizitzan zutabe nagusi diren merkatariak eta ostalariak ere kontuan hartu ditugu, eta baita udal-langileak ere jakina, udal-politika herritar ororen zerbitzura egon behar baitu maila guztietan.Bide luzea dugu eginkizun eta aurrera egiteko gure hiriak berez dituen indarguneak baliatu behar ditugu euskararen hauspo izango bagara. Politikarion erantzunkizunari dagokigunez, adibide garbia dugu asteartean Bilboko Udalean, Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Udal talde guztiek aho batez euskara bultzatzeko adostu genuen hitzarmena. Urrats eta konpromezu historikoa euskararen erabileraren normalizazioa erdiesteko. Baina pauso bat besterik ez da, ibilbidea luzea baita.Harrotasunez erakutsi dezakegu azken hamarkada hauetan Bilbok izan duen eraldaketa ikusgarria. Bilbo elkargunea da. Mundu osotik zein Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako herritar eta bisitariak hartzen dakiena. Asko aldatu da bere historian zehar, baina ongi asmatu du aldaketa horretan bere nortasuna, izaera, kultura eta identitate-zeinuen gainean eraikitzen. Harro egon gaitezke Bilboz eta bilbotarrok berezkoa ei dugun harrotasun hori euskarak ere berea izan beharko luke.Gure hiria, euskararen mundura sartzeko atea izan daiteke milaka herritarrentzat. Bilbo euskararen erakusleiho handia izan daiteke. Azken urte hauetan sustatu ditugun Berbagunea bezalako ekimenek agerian jartzen dute erakartzeko gaitasun hori eta euskararentzat prestigiozko agerraldi sozialak dira. Erabil ditzagun bada, bi ezaugarri horiek euskara erakargarri, erabilgarri eta desiragarri egiteko, bai euskara ikas dezaten orain arte egin ez dutenek, eta baita euskara barra-barra erabil dezagun, harrotasunez, horretarako gai garenok.Azken 30 urte hauetan, Bilbok munduan eredugarri den eraldaketa sakona egin du. Krisiak hondoa jotzeraino eraman gintuen, baina errautsetatik berpiztu ginen etorkizun-proiektu partekatu bat izan genuelako. Orain daukagun hiria, orduan abiatutako ahalegin komunaren ondorio da: guztion artean egin dugu Bilbo berri bat, Euskararen Bilbo.Ezagutzaren eta erabileraren Bilbo eratu nahi dugu, kalitatezko zerbitzu-hiria, ezagutzan oinarritutako balio erantsiaren Euskararen Hiriburua. Hiri erakargarria mundu osoko talentu eta inbertsioentzat eta hiri interesgarria, halaber, bertako herritarrentzat, beren proiektuak garatzea ahalbideratuko diena. Nortasuna balore lehiakor ezinbestekoa da jardunbide globalaren testuinguru berrian, eta Bilbok Euskararen karta kokatu behar du bereizgarri garrantzitsu gisa.Bat nator, beraz, Saizarbitoriak esandakoarekin. Salbazioa baino, hala ere, etorkizuna nahiago dut nik, izan ere, horixe baita euskararen biziberritzean lantzen ari garena. Beraz, nik ere uste dut salbazioa ez ezik, etorkizuna ere, Bilbon dagoela, Euskararen Bilbon

08/12/2014 11:38. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris