Facebook Twitter Google +1     Admin

ERREPORTAIA.Berrogei urte hil zuen ETAk Carrero Blanco

Ainhoa Sarasola,Berriakoa

Erregimenari eragingo zioten gertakari ugari izan ziren frankismoaren azken urteetan. Ez ziren gutxi izan oposizio antifrankistaren mobilizazio, protesta eta grebak; nazioartean ere izan zen aldaketa esanguratsurik, Portugalgo Krabelinen Iraultza, kasurako, eta frankismoaren barruko familien artean ere bazen liskarrik. Baina inor gutxik esperoko zuen beste gertakari bat ere izan zen gatazka haren erdian: ETAk Francoren ondorengoa izan behar zuena hil zuen Madrilen, Luis Carrero Blanco Gobernuko presidentea. Esan daiteke atentatu hark, beste faktore askorekin batera, frankismoaren amaiera azkartu zuela, lau hamarkada igaro izanaren ikuspegitik begiratuta. Hala ulertu zuten oposizioko indarrek ere garai hartan. Berrogei urte bete dira gaur erregimenaren etorkizunari begira Francok zituen planak aldarazi zituen atentatu hartatik.Garrantzi bereziko pieza zen Carrero Blanco almirantea Francoren erregimenarentzat. 1904an jaio zen, Santoñan (Kantabria, Espainia); militarrak zituen aita eta aitona, eta ibilbide berari lotu zitzaion gazterik, armadako itsasketa eskoletan jardun baitzuen hainbat urtez. 1936ko gerran hainbat ardura hartuz joan zen. Hortik aurrera, eta Francoren konfiantzazko gizon gisa, hainbat kargu garrantzitsu bete zituen haren gobernuetan: 1941ean, gobernuko idazkariorde izan zen; 1951n, presidentetzako ministro, eta 1967tik aurrera, presidenteorde. Urte haietan, haren kargu egon ziren hainbat arlo garrantzitsu, tartean, TOP Tribunal de Orden Publicoren aurrekoa izan zen Masoneriari eta Komunismoari Jazartzeko Tribunala. "Francorekin batera gobernuan denbora gehien eman zuen militarra izango zen", azaldu du Josu Txueka historialariak; "1940an sartu zen gobernuan, eta, ordutik aurrera, gobernu guztietan egon zen".

Francoren ondorengo arorako giltzarria

Franco adinean aurrera zihoan, eta haren osasuna, okerrera. "1970etik aurrera, Francok eta ingurukoek ikusi zuten Francorik gabeko frankismoaren jarraipena prestatu beharra dagoela", Txuekak azaldu duenez. Asmo garbia zuen erregimenak: "Uztailaren 18ko monarkia deitzen ziotena, Francoren erregimenaren ideologiarekin bat egiten zuen monarkia, Franco hil ostean bakarrik martxan jarriko zena". Eta trantsizio bide hori egiteko, giltzarria zen Carrero Blanco. "Carrerok bazuen ezaugarri bat, hura hil baino lehen gutxienez komunikabide klandestinoetan aipatua izan zena: Francoren tankerakoa zela. Gerra garaiko militarra zen, erregimenaren sortzetik hor zegoena, agintean, eta bat eginda zegoen frankismoarekin. Eta, militarra izanda, erregimen horretan zeuden familia politiko guztien gainean zegoen".Izan ere, ordurako agerikoa zen erregimenari eusten zioten indarren artean familia edo ikuspegi ezberdinak zeudela: baziren falangistak, nazional-katolikoak, teknokratak edo Opus Deiren ingurukoak... "Guztiak erregimenaren barruan oso ongi kokatuta zeuden, baina, aldi berean, bakoitzak bazituen ikuspegi ezberdinak, ez bakarrik erregimenaren kontuez, baita etorkizunerako ere. Baina familia horien guztien gainetik ibiltzen ziren Franco eta Carrero. Orduan, Carrero ondo ikusita zegoen sektore horien guztien aldetik; sektore horietatik guztietatik gertu zegoen, baina, aldi berean, aparte". Opus Deiko kide izan gabe, teknokratengandik gertuago zegoela esan izan dute haren biografia landu izan dutenek. Baina goi mailako militarra zen; hori ere berme bat zen armadaren aldetik, "eta armada oso inportantea zen Espainiako egitura politikoan", Txuekak gogorarazi duenez.Hala, hura baino egokiagorik ez zuen ikusi Francok bere ordezko gisa jarduteko. "Francoren antzekoa zen. Izango ziren beste batzuk, baina ez zuten Carrerok zeukan eskarmentu politikoa, hamarkadetan Francoren ondoan egon baitzen. Armada bat egina zegoen erregimenarekin eta bere ordezko naturalarekin". Familien arteko haustura eragoztea baino gehiago, erregimenaren jarraipen horretan "desbideraketarik" ez zela izango bermatzea zen halako figura batek bete zezakeen rola, "hau da, ziurtatzea Espainiaren arerioak ez zirela sekula joko politikoan sartuko, eta jarraituko zutela betiko erregimen politikoarekin, mugimenduaren oinarrizko printzipioekin". 73ko ekainean, gobernuko presidente izendatu zuen Francok.Oposizioa ere jabetua zegoen garai haren garrantziaz, eta herri mugimenduen protestak egunerokoak ziren Euskal Herrian, baita garai hartako Madrilen ere. Han bizi izan zen urte haietan Xabier Sanchez Erauskin kazetaria. Ternuatik 70ean iritsi zen hara, urteetan hango ontzietan kapilau aritu ostean Hombres del mar aldizkaria zuzentzeko —itsasoko langileen eta gizarteko arazoei heltzen zien—. Madrilgo prentsaren munduan sartuta zegoen, eta gertutik ezagutu zituen oposizio antifrankistako mugimenduak. Oso gogoan du Madrilgo orduko giroa. "Izugarrizko jende erlauntza zen hura, batez ere Burgosko epaiketaren ondotik. Borroka eta itxaropenezko eferbeszentzia bat zegoen, batez ere kalean, protestak etengabeak baitziren". Argia zen mugimendu haien artean Carrerori buruzko iritzia, haren hitzetan: "Franco bezain gogorra, Franco bezain frankista zela esaten zen".

Ezusteko "handia"Carrero Blanco presidente izendatu baino hilabete batzuk lehenagotik, ETAren talde bat Madrilen zen. Almiranteak goizero mezatara joateko egin ohi zuen ibilbidearen berri izan zuen, eta, hala zela baieztatuta, hura bahitzea pentsatu zuten lehenik, askatzearen truke euskal preso guztiak libre uzteko eskatzeko. Hala azaldu zuten atentatuaren egileek eurek Operación Ogro liburuan —Eva Forestek 1974an idatzitakoa, Julen Agirre ezizenez—. Hasierako asmo hura, ordea, aldatu egin zen gero, hainbat gertakari zirela medio —tartean, presidente izendapena jaso izana—, eta hura hiltzea erabaki zuen ETAk.Claudio Coello kaleko soto bat alokatu, bertatik kaleko errepidera lurpetik tunel bat zulatu, tunela lehergailuz bete, eta Carrero Blancoren autoa gainetik igarotzean zartaraztea. Hura zen ETAren asmoa, eta halaxe gertatu zen abenduaren 20 hartan, orain berrogei urte. Mezatatik etxerako bidean zihoala, Claudio Coello kalera sartu zen almirantearen autoa, eta, 104. zenbakira iristean, eztanda gertatu zen: bete-betean harrapatu zuen presidentearen Dodge autoa. Airean 35 metro goratu zen bi tonako ibilgailua; bost solairuko eraikina gainditu, eta alboko elizaren barne patiora erori zen. Auto barruan zihoazen hiru lagunak —Carrero Blanco almirantea bera, Luis Perez Mogena txoferra eta Juan Antonio Bueno polizia— bertan hil ziren.Atentatua "ezusteko handia" izan zen. Ordura arte, ETAk, nahita inoren aurka prestatutako eraso batean, Meliton Manzanas baino ez zuen hila; Euskal Herritik kanpora ere ez zuen jardun, eta Madrilen egin zuen atentatua, gobernuburu baten aurka, hain zuzen ere. Horregatik, atentatua ETAk egin zuela zalantzan jartzea izan zen oposizio antifrankistaren lehen erreakzioa. Kritikatu, ordea, inor gutxik egin zuen indar horien artean. "Oposizioko alderdiek ospatu egin zuten, guzti-guztiek", gogoan du Sanchez Erauskinek. "Han, orduan inork ez zuen ezbaian jarri ekintza hura zehatza izan zela, erdigunean jo zuela eta politikoa izan zela". Nazioarteko prentsak ere iritzi bera zabaldu zuela dio kazetariak. "Atzerriko prentsak ekintza politiko bat ikusi zuen horretan, nolabait balantza oposizioaren aldera eta diktaduraren amaierara desorekatzen zuena". Izan ere, haren ustez, "diktadoreak aukeratua zuen bidea itxi egin zuen nolabait. Francoren delfina zen; Francok hura jarri zuen, dena lotuta eta ongi lotuta gera zedin. Ez dakit ETAk ikusmira hura izan zuen, baina frankismoaren irteera pixka bat ixtea zekarren". Carrerorekin trantsizioa are zailagoa izango zelakoan dago, eta, horregatik, oposizioarentzat ere "funtsezko etena" izan zela uste du; "oposizio barruan, nolabait, desertuaren erdian baso bat ur izatea bezala izan zen hura".Iritzi hori izan zen nagusi oposizioko indarren artean, Txuekaren ustez, frankismoaren amaiera azkartu zezakeen gertakari baten moduan ulertu baitzuten. "Jende guztiak aitortzen du hori. Orduan, sektore guztiek onartu zuten objektiboki Carreroren hutsuneak lagundu egin zuela hemen geroago etorriko zen aldaketa politikoa". Beste kritika batzuk ekarriko zituen gerora, alderdi etikoak aipatuz, batez ere. Baina, orduan, Txuekaren irudiko, "sektore politiko guztiek, baita eskuinak ere, onartzen zuten azkartu edo erraztu egin zuela ondorengo aldaketa politikoa". Euskal Herriko kaleetan ere ez ziren gutxi izan kantuan ospatu zutenak.Francoren hasierako planak aldatu bai, baina erregimena berehala jarri zen martxan ezustekoari aurre egiteko. Eta frankismoak jarraitu egin zuen, lehengo bidetik jarraitu ere. Carlos Arias Navarrok, Gobernuko presidentetzara iritsita, aurreko gobernuen ildo beretik jo zuen, eta mugimendu txikiena ere ez zen egingo erregimena aldatzeko. Errepresioa nabarmen gogortu zen. "Carreroren heriotzak egoera oso gogorra ekarri zuen oposizioarentzat", dio kazetariak: "Francoren azken bi urteak izugarriak izan ziren; oposizioa gero eta indartsuago zegoen, baina errepresioa ere are gehiago gogortu zuen Francok". Iritzi bera azaldu du Txuekak, gogora ekarrita Salvador Puig Antich garrotez hil zutela, salbuespen egoera gogorrak ezarri zirela, edo 75eko irailean fusilamenduak izan zirela. "70ean Burgosen gauzatu ez zutena, heriotza zigorrak, 75ean gauzatu egin zuten".

Portugalgo iraultza eta egoera ekonomikoa

Krisi horretan, arrakala bat ireki zitzaion frankismoari, baina ez zen, inondik inora, bakarra izan. Eragin handiko gertakariak izan baitziren azken urte haietan; tartean, Portugalgo iraultza, 1974ko apirilean. Frankismo barruko hainbat sektore konturatu ziren "Espainiaren antzeko erregimen bat egun batetik bestera" eror zitekeela, Txuekaren hitzetan; "burgesiako hainbat sektore jabetu ziren hobe zela gauza batzuk aldatzea, bestela, goiz edo berandu, halako leherketa edo iraultza bat gerta zitekeela, eta orduan ez zutela tresnarik izango hori bideratzeko". Sanchez Erauskinen hitzetan, gainera, "iraultzak adore handia eman zion oposizioari".Espainian legez kanpo zeuden alderdi politiko asko legezkoak ziren Europan —batzuk gobernuetan zeuden—, baita sindikatuak ere. "Sektore ekonomiko batzuk jabetu ziren Espainian lan harremanak erabat gatazkatsu suertatzen zirela, errepresioa beherala jokoan sartzen baitzen edozein lan gatazkatan", gehitu du Txuekak, Nafarroan egin zen astebeteko greba orokorra gogora ekarrita. 74tik aurrera batez ere, grebetan lan arlokoak ez ezik, aldarri politikoak ere areagotzen ari ziren... Eta patronalak Portugal izango zuen gogoan...Horrela, errepresioa gogortuz, protestak areagotuz, "gauzak larrituz" joan ziren, azkartuz, eta, horri 1975eko azaroko Francoren heriotza batuta, ezinbestean zabalduko zen trantsizioaren aroa. "Gero etorriko zen beheraldia, trantsizioarekin, alegia", gogora ekarri du Sanchez Erauskinek, "baina hori beste kontu bat da".

21/12/2013 10:19. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris