Facebook Twitter Google +1     Admin

ORAIN KALERA/ELKARRIZKETA EPPK-KO MINTZAKIDEEI."Irtenbideak kolektiboa izan beharko du edo ez da izango"

PELLO URZELAI (Berriako kazetaria)/Berezi zerbitzua
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) 640 preso inguru biltzen ditu bere barnean, 82 espetxetan barreiatuta. EPPK-k bere antolakuntza berritu du, eta mintzakide talde berria izendatu. EPPKren Mintzakide talde berria honako sei preso hauek osatzen dute: Anabel Eguesek, Jon Olarrak eta Xabier Alegriak, Espainiako espetxeetan; eta Lorentxa Gimonek, Marixol Iparragirrek eta Mikel Albisuk, Frantziako espetxeetan. Kolektiboaren iritzia biltzeko asmoz, galdetegi bat helarazi dio Gara eta Berria egunkariak (eta ORAIN-Euskal Aldizkaria difusioa bere web orrian)mintzakide taldeari, Gara egunkariarekin batera. Galdetegia erantzuteko ardura mintzakide taldeko lau presok hartu badute ere, Mintzakidetza osoak sinatu du elkarrizketa. EPPK-k eztabaida bat izan du azken hilabeteetan egoera berriaz gogoeta egiteko, eta laster jakinaraziko ditu ondorio politikoak, udaberri honetan bertan.

-Nola dago osatua Euskal Preso Politikoen Kolektiboa? Zein da haren eginkizuna? Nola aukeratu du Mintzakide talde berria?
MARIXOL IPARRAGIRRE: Euskal Herriaren aldeko askapen borrokagatik espetxeratuta gauden kideok osatzen dugu EPPK. Askapen borrokaren aldi bakoitzean preso politikoek antolaketa berezia izan dute kartzela barruan. Frankismoan eta trantsizioaren lehen urteetan hainbat antolakunde politiko eta armatutako kideak zeuden espetxeetan, eta, orduan, bakoitzaren antolakundearen arabera elkartu eta antolatzen zuten beren komuna. Denborak aurrera egin arau, espetxeetan ETArekin zerikusia zuten kideek osatzen zuten kolektiboaren gehiengo nagusia. Azken hamarkadan, ordea, errepresioa zorroztu ahala jendartean arlo eta zeregin oso desberdinetan ari diren antolakundeetako pertsonak kartzelatu eta zigortu dituzte. Errealitate hori bere barnean islatzen jakin zuen kolektiboak, 2003ko eztabaidan ondorioztatu bezala. Kolektiboaren eginkizun nagusia da Euskal Herriaren aldeko borrokaren kausaz espetxeratua denari kartzela-administrazioaren aurrean gure eskubideak bermatuz babesa ematea eta kartzelak ezartzen dituen mugak muga militanteari bere ekinbide politikoan jarraitzeko aukera ematea, hezkuntza pertsonalean sakonduz eta Euskal Herriarekiko lotura mantentzen lagunduz.
JON OLARRA: Giltzapean ez da amaitzen gure konpromiso politikoa; gure neurrian, gure herriaren aldeko borrokan jarraitzen dugu kolektiboan antolatuta. 2011ko udazkenean abiatu genuen eztabaidaren barnean, ildo politikoa zehaztu eta antolakuntza berritzearekin batera, ikusi dugu beharrezkoa dela egoera eta garai berriei erantzuteko kolektiboaren ahotsa izango diren kideen indarberritzea. Mikel Albisu, Marixol Iparragirre eta Lorentxa Gimon Frantziako Estatuan eta Jon Olarra, Xabier Alegria eta Anabel Egues Espainiako Estatuan hautatu gaituzte kolektiboaren mintzakide gisa. Beste hamalau kide, zazpina estatu bakoitzean, Mintzakidetza ondoko talde gisa izendatu dira. Mintzakidetzaren espetxeaz kanpoko eragiletza bermatzeko ere, laguntza taldea izendatu dugu.
-Presoek itxaropenez hartu dute garai berria?
MIKEL ALBISU: Kartzela barruotan ohituta gaude bat-bateko sentimenduak, bai pozezkoak eta bai etsipenezkoak, urruntasunaren galbahetik iragaztera. Ez du inork edukiko guk baino gogo handiagoa kartzelatik irteteko. Eta ez du inork jakingo guk baino hobeto zenbateko zailtasunez betea dagoen irteerako bide hori. Askapen borrokak eman duen pauso bakoitza itxaropen eta pozez hartu ohi dugu. Oraingo hau ere hala hartu dugu. Ederki konturatu gara gatazka ETAren amaierarekin identifikatu izan dutenak erresuminduta dabiltzala, ezker abertzaleak eta askapen borrokak egin dituen aurrerapausoekin haserre eta are beldurtuta daudela. Horrek prozesua eta aro berria nola hala zapuztu nahi izatera daramatzala dirudi. Eta konponbidearen etsai eta arerio agertzen diren horien ustez, euskal preso politikook baino ehizaki hobea ez omen dago helburu hori betetzeko.
ANABEL EGUES: Gu zigortuz euskal jendartea zigortu eta ahal izanez gero prozesua errailetatik atera nahiko lukete. Hilotan ezker abertzaleak eta euskal jendarteak oro har erakutsi duen heldutasunak garai berria are itxaropen handiagoz begiratzera garamatza. Itxaropen bare eta asaldagaitzez. Erantzukizunez, arduraz, zintzotasunez hartu ditugu garai honetako erronkak. Nazio kontzientzia indartu, sendotu eta dagozkigun eskubideak gauzatzeko bidean indarrak aktibatzeko urrats garrantzitsuak egiteko garaiak dira, eta gu prest gaude kolektiboaren kapitala noranzko horretan iraultzeko.
-Urriaren 20an ETAk hartutako erabakiak EPPKren ikuspuntua aldatzen du ezinbestean?
M. I.: Ez da soilik ETAren erabakia EPPKren ikuspuntua aldatzera daramana. Ezker abertzale osoak eta guk geuk egindako hausnarketak dakar presoon kolektiboaren eta presoon inguruko aldarrikapenen ikuspuntua aldatzea. Ez da inongo sekretua aurreko negoziazio edota elkarrizketa prozesuetan gobernuek presoon gaia jartzen zutela mahai gainean gatazka politikoaren funtsei ez heltzeko. Oraingoan, guztiz alderantziz ari da gertatzen, presoon gaia oztopatzearekin saiatzen ari dira prozesuari berari balazta jartzen.
J. O.: ETAk hartutako erabakiak jokaleku berri bat sortu du denontzat. Apustu politikoarekiko konpromisoan beste ondorio bat izan da; ez da gauetik goizera heldu. Askapen borrokaren lekukoa euskal herritar ororen eskuetan daukagula jakiteak ikuspuntu aldaketa baino gehiago tamainako ardura eskatzen duelakoan gaude, eta guri ere noski zuzenean eragiten digu. Inoiz ez bezala, bahitu politiko gisa darabilte kolektiboa; trukerako erabili nahi gaituzte, garaipena irudikatzeko.
-Presoen kolektiboak Gernikako Akordioa sinatu zuen joan den irailaren 25ean. Zer balio ematen diozue akordio horri aurrera begira?
M. A.: Hitzarmen horrek gatazka gainditu osteko zoruan lehen zutoinak non ezarri erakusten digu. Akordioa abiapuntu bat da, lan tresna eraginkorra indar metaketari begira, behar bati erantzuten diona. Gatazka konpontzea helburu duen akordio politikoaren beharra eta hori errespetarazteko konpromisoa azpimarratzen duena.
A. E.: Konponbide demokratikoaren noranzkoan Gernikako Akordioa erreferente politiko nagusia da guretzat, atxikimendu sozial eta politiko zabala bilatzen duena. Zabaltzen eta indartzen jarraitu behar dena estatuak konponbide demokratikoaren ibilbidera lerratzea lortzeko. 50 urte ez baizik gutxienez 500 urte badituen gatazka konponbidean jartzeko. Kolektiboak naturalki du bere lekua bertan; horregatik sinatu genuen guk ere akordioa. Presoon egoerari dagokionez, xantaiarik gabe gure eskubideen defentsa egiten baitu akordioak.
-Zein dira une honetan presoek jasaten dituzten egoera larrienak? Egoera horiek zeren ondorio dira?
M. I.: Pertsona soil gisa, preso politiko gisa, oinarrizko eskubideak urratuak dauzkagu: izaera politikoa aitortzen digute, modu kolektiboan zigortzen baikaituzte, eta gure izaera eta behar politikoak ukatzen dizkigute. Egoera muturrekoenak ezagunak dira, gaixotasun larriak dituzten kideak ororen buru. Hor dago zigorra bukatu eta bidegabeki luzatu dieten kideen egoera ere. Badago guztioi neurri batean edo bestean eragiten digun egoera bat: sakabanaketa. Senide eta lagunak sufritzen ikustea da latzena presoarentzat.
J. O.: Euskal preso politikoon kasuan, zigor erantsiak berariaz aplikatzen dira, helburua gu suntsitzea baita, politikoki ezin bada fisikoki ahulduz. Euskal preso politikoen aurkako kartzela politikaren diseinatzaile eta betearazleek oso argi dute zertan ari diren. Hara hor gure premia larriak! Gure herriaren premiak!
-Nondik hasi beharko litzateke aldatzen orain espetxe politika?
M. A.: Espetxe politikak estrategia zapaltzaile bati erantzuten dio. Estatuei dagokie egitura zapaltzailea indargabetzea. Salbuespeneko egoera oro desaktibatzeak eta presooi dagozkigun eskubideak errespetatzeak aldaketa nabarmena ekarriko luke berez. Fase honetan gatazkari ikuspegi demokratiko batetik heltzeko apustua egin dugun neurrian, ezinbestekoa da espetxe politika molde horretara egokitzea ere. Gerra tresna izan dena hemendik aurrera onartezina dela ikusarazi behar diegu. Badakite egingo duten urratsik txikienak ere prozesua elikatu eta jokaleku berriari bultzada emango liokeela; hori da koska!
A. E.: Oraintxe jaso dugu Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabaki politikoa, mozorro juridikoz jantzia, non 2006tik 80 kide inguru lotsagabeki bahituta mantentzeko neurria ontzat eman duten. Espainiak aurrerapausoa eman du erabaki honekin presoon kontrako erasoan, egoera politikoak, ezker abertzalearen hautuak, gure gizarteak eta nazioarteko ahotsek bestelako norabidea exijitzen dioten arren. Abiatutako prozesuaren kontrako urratsa da. Herri honen nahiaren eta hitzaren aurkako erasoa, bizi guztiko espetxealdia babestu eta espetxe politika bera indartzen duen heinean. Besarkada eta adore kementsuena helarazi nahiko genieke hitz hauen bidez espetxealdi luze eta gogorra daramaten borrokalari guztioi!
-Presoen aferak lehentasuna al dauka konponbide prozesu orokorrean?
J. O.: Helburua autodeterminazioa eta amnistia izanik, argi izendatuta daude gatazka gainditzeko nahitaez ukitu eta konpondu beharko diren gaiak: gatazkaren sustraiak eta gatazkaren ondorioak. Norabide horretan, presoak kaleratzen eta iheslariak etxeratzen gaur bertan hastea ezinbesteko urratsa izango litzateke. Gatazka politikoaren konponbide osoan urrats kualitatiboa esan nahiko lukeelarik.
M. I.: Gatazkaren ondorioei irtenbidea ematea prozesu demokratikoaren lehen fasean kokatzen dugu, prozesu politikoari bultzada eta aukera berriak irekitzen dizkiola ulertuta. Beraz, lehentasuna gatazka konpontzea izanik, presoon egoera konpontzea bide horretan aurrera egiteko lagungarri gisa ikusi beharko lukete eragile guztiek, baita Espainia eta Frantziako gobernuek ere. EPPK espiritu horretan ari da lanean.
-Nola ikusten du presoen kolektiboak amnistiaren aldarrikapena? Zein da zuen iritzia Espainiako agintariek amnistiarik edota indultu kolektiborik ez dela izango esan izanari buruz?
M.A.: Espainiako agintariek etsipena hedatu nahi dute euskal jendartean. Konponbide erabatekoaren bidean, presoen egoera desblokeatuz prozesuak bide egoki eta atzeraezina hartuko zukeen planteamendua usteltzeko. Prozesuaren abiada edonola mantsotu nahian dabiltza. Uste dute presook helburu horretarako tresna aproposa garela estatuen bahitu gisa. Ate baten ordez, gero eta aho estuagoa duen inbututik pasatu beharko dugula irudikatzen ari dira; hain estua, pertsona makurtu eta belaunikatu gabe bertatik pasatzea ezinezkoa baita. Oraingoz, zer ez duten egingo esanez eta presook egin beharko genukeenaren errezeta egunez egun mikaztuz eta irents ezinagoa eginez beren posizioa zaildu eta ahuldu baino ez dira egiten ari.
A.E.: Amnistiaren aldekoak gara, baina alferrikakoa izango da 77an bezala ez badiegu gatazka politikoaren arrazoiei heltzen; horregatik diogu prozesua integrala dela. Amnistia prozesu dinamiko bat izan daiteke erabakitzeko eskubidea onartzen duen egoera demokratikoa lortu arte. Amnistia prozesuan aurrera joan ahala urratuko dugu; orain, has daitezela behingoz egoera larrienak desblokeatzen!
-Nola eta noizko ikusten duzue presoen kaleratzea? Irteera indibidualak/irteera kolektiboa eztabaida errotua dagoela dirudi? EPPK-k onartuko al luke Irlandan erabilitako formula, hau da, banan-banan gauzatutako irtenbide kolektiboa?
M. I.: Presoak izugarrizko ardura du bere kaleratzea proiektatzeko orduan, noizbait gauzatuko den amets horrek sortzen dituen esperantza edo etsipenengatik. Kartzela urteak eta norberaren adinak ere kontuan hartzeko aldagaiak dira. EPPKri dagokionez, ez dago irteera indibidualik, EPPKko kide den presoa bakarrik ateratzen denean ere kolektibo baten partaide izanda ateratzen da. Kolektibo bateko partaide izanik egin diogu aurre kartzelari eta garatu dugu kartzelan gure militantzia; kolektibo bateko partaide izanik gurutzatuko dugu askatasuneranzko atea ere.
J. O.: EPPKren kontra neurri kolektiboak hartzen dituzte tratamendu indibidualizatuaren faltsukeria haizatuz. Egungoa indargabetu, eta irtenbideak kolektiboa izan beharko du edo ez da izango. Irlandan beste baldintza batzuetan iritsi ziren galdera horri erantzuteko unera, ostiral santuko akordio politikoaren ondorenean, inposizio politikoa kendu ondorenean beraz, nazioarteko batzorde independente batek aztertu zuen kolektiboaren kaleratzea noiz eta nola izango zen. Gure kasuan, gurea propioa osatu beharko dugu. Gu, Anoetako negoziazio eskemari jarraituz, erakunde armatu eta estatuen arteko esparru negoziatzailean kokatuak gaude; akordio zabal batek ekarriko du kaleratzea. ETAri, bere errailari dagokion eremuan presoen egoera eta kaleratzeari begira egin ditzakeen urratsei dagokienez, gure aitortza egiten diogu.
-Espainiako Gobernuaren eta PPren jarrera eskema eta estrategia zaharretan murgilduta dago? Nola aldaraz daiteke?
M. A.: Garbi da garaitu/garaile eskeman gotortuta daudela, ez dagoela konponbidea ekar lezakeen fase batean murgiltzeko intentzio zantzurik. Eskema zaharrekin ari dira egoera berrian jokatzen. Aldiz, estrategia errepresiboa erabili edo babestu duten alderdien desgaste politikoa nabaria da Euskal Herrian. Baina guk egingo dugun indarraren arabera izango da emaitza. Etsaiak erdipurdiko konponbide bat eszenifikatu nahiko du; guri dagokigu gatazka politikoaren benetako gakoak zehaztea eta horiei fermuki heltzea gure herria independentziarako atariraino eramateko.
A. E.: Kartzelatik askapen prozesuarekin dugun engaiamendu erabatekoa berresten dugu. Kaleko ekintzen bidez gero eta biluziago utzi behar da ezezkoan gotortuta dagoen jarrera hori. Nazioartetik ere begi pare bat baino gehiago egongo da gertatzen ari den guztiari arreta handiz begira, eta bultzada handia eman diezaiokete prozesuari.
-Nola baloratzen du EPPK-k oro har presoen eskubideen alde euskal gizarteak erakutsi duen konpromisoa eta mobilizatzeko gaitasuna, urtarrilaren 7ko manifestazioa este baterako?
J. O.: Urtea hasteko opari ezin hobea izan da. Mirespenez, harrotasunez, sekulako erakustaldia izan baita. Txalotu baino ezin dugu egin. Pozak ez gaitu itsutzen halere, eragile batzuen ausentzia oso nabarmen geratu baitzen Bilbon; bertan egoteari uko egin ziotenen posizio politikoa ahulduta dago geroztik. Tamainako mobilizazio bat pozgarria izanda ere, ezinbestekoa da lanean jarraitzea, bakoitza bere herriko egituretan antolatuz.
M. I.: Milaka eta milaka euskal herritar ikusteak Bilbon pozez betetzen gaitu. Milaka eta milaka lagun horien konpromisoaz eta metatutako urteetako lanaz Herrira mugimendua jaio da. Herriz herri, auzoz auzo eta elkar bultzatuz lortuko dugu orain mugiezinak direnak mugiaraztea.
-Ba al dago antsietate sentimendurik kaleratzeko itxaropenaren inguruan? Zer esango zenieke senideei horri buruz?
M. A.: Etsipena eta itxaropen itsua biak ala biak dira baztertu beharrekoak. Badakigu zergatik hartu gintuzten atxilo, zergatik aplikatzen zaigun kartzela erregimen anker hau, baita gure askatasuna Euskal Herriak bizi duen zanpaketa egoera gainditzearekin estu-estuki lotuta dagoela. Herriak aterako gaitu.
A. E.: Senideei zer esan? Aurrera goazela elkarrekin bide horretan. Nolatan aurre egin egoera honi haiek gabe? Esan baino gehiago, senideek gugan islatuta ikusten dute nondik nora doan askapen prozesuarekiko gure ustea. Horretan ardura handia dugu presook, gure militantzia politikoa lantzen eta gure hezkuntza pertsonala sakontzen, egoerarik zailenean egonda ere. Askatasuna da gure iparrorratza; bide horretan prestatzen dihardugu geure burua espetxeratu gintuzten lehen unetik. «Ilunpetan bizi denak argia amets».
-Zer eskatzen ari zarete zehazki konponbide prozesuan parte hartzeko eskubidea aldarrikatuta?
M. I.: Gatazka politikoaren ondorio eta parte gara; horregatik, kolektibo gisa prozesuan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Gure konpromiso politikoaren ondorioz, bahituak gauzkate kartzelan; beraz, gure herriko errealitatean parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu kolektibo gisa. Horregatik eskatzen dugu estatus politikoa, gure betebehar politikoak baldintza ahalik eta egokienetan egiteko, kartzelan gauzkaten bitartean. Gutako bakoitzak ahaleginak egiten ditu preso dagoen bitartean bere herriko bizitza politikoan parte hartzen, baina gure aldarrikapena urrunago doa: kalean aktibo politikoak izaten jarraitu nahi dugu.
J. O.: Euskal Herriratuak izan behar dugu eskubide guztien jabe; herriaren zerbitzura eskaini dugu duguna, garena, eta zer esana badugulakoan gaude. Mundu guztia mintzo da gutaz: ze politika aplikatu behar zaigun, ze premiak ditugun, ze egoeratan gauden… nahiz guk baino hobeto inork ez dakien; badugu ahots propioa Mintzakidetzaren eskutik.
-Garai berri honetan askatasun eskaera zehatzak egin dituzue bai gaixo dauden presoek bai zigorra beteta daukatenek. Euskal Herriratzeko eskaera ere preso guztiek egin duzue. Zergatik eskaera horiek orain? Nolako erantzuna jaso duzue?
M. I.: Kolektiboko kide guztiok egin dugu eskaera ofizialki, une aproposa iruditu zaigulako kolektiboaren barnean ditugun muturreko gaien inguruan agintariek urratsak egin ditzaten. Horrekin batera, konponbide prozesuan parte hartzeko dugun gogoa eta prestutasunaren erakusgarri ere izan dira ekintza horiek. Esku bat luzatu diegu estatuei eskaera horiek eginez. Ez dute hartu nahi izan. Espainian ezezkoa erantzun digute, eta Frantzian hori ere ez. Harrigarria bada ere, badirudi gatazka konpontzeko bidean presoen auziarekin zer egin erabaki gabe dutela, eta norabidez aldatu ez eta orain arteko ildo errepresiboan sakontzen jarraitzen dute. Eskaerok hilero pausatzen ditugu espetxe bakoitzean.
A. E.: Gure aldetik, urtarrilaren 9tik 13ra bitartean borrokaldia egin dugu espetxe guztietan; alde batetik, urte bukaerako ekintza horiek babesteko, eta, bestalde, Bilboko herri mobilizazio orokorrarekin bat egiteko.
-Frantziako asanbladak presoak gerturatzeko aukera onartu du. Zer balorazio egiten duzue, oro har, Frantziak presoekiko duen jokabidearen inguruan?
M.A.: Frantziak hitzez hitz bete izan ditu Espainiako kartzela agintaritzatik helarazi dizkioten ereduak: bakartzea, sakabanaketa, urruntzea; betiere Frantziako kartzela sistemara egokitua, zeina Espainiakoaren aldean desberdina den. Frantziako jokabidea ankerragoa ere bada. Aspaldi utzi zion espainiarren jarraitzaile izateari. Euskal arazoa Espainiako Estatuari dagokion arazo bat dela esanez estaltzen du bere menpe duen euskal eremuaren aurkako errepresioa. Harritzeko esperantza galdu behar ez bada ere, ez dirudi Frantziak egindako adierazpenez haratago presoen gaiaren konponbidean aitzindari izateko asmoz dabilenik.
A. E.: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan alderdi guztietako politikariak agertzen dira bai presoen gaiarekin bai gatazkaren konponbidearekin kezkatuta. Presoon babes taldeek egin duten xinaurri lan etengabea eta eskuratu dituzten lorpenak txapela kentzeko modukoak dira, eta Frantziako Estatutik lortu dituzten jarrera aldaketek, adierazpen hutsak izan arren, PPren gobernua bere jarreran gero eta bakartuagoa uzten dute. Dena den, ezin dugu bukatu esan gabe ekintzek eta urratsek balio dutela.
-Konponbide prozesua desitxuratzeko, atzeratzeko edo usteltzeko asmoz estatuek presoen afera erabil dezaketela uste al duzue?
M. A.: Arestian emandako erantzunetan nahiko argi agertzen da horixe dela une honetan Espainiako Gobernuak bederen abian jarri duen taktika. Euskal jendarteak presoen inguruan egindako eskaera indartsuari biktima batzuen auzia erabiltzen ari dira jaurtigai gisa, biktimak jarri nahi dituzte barrikada gisa konponbidean, presoen aldeko oldarrak bertan tupust egin eta prozesua lokaztu edo errailetatik ateratzeko esperantzaz. Gatazkaren erroei erantzuteko eta irtenbidea bilatzeko denbora irabazten ariko dira agian, ezker abertzalea jarrera deserosoagoan kokatzeko. Edonola ere, ez da batere jokabide arduratsua.
J. O.: Urrats politikoak egitearen beldur direnez, presoen gaian urratsak egitea atzeratu dezakete. Baina badakite lehenago edo geroago iritsiko zaiela gatazkaren oinarrietara jo beharreko unea. Diskurtso ideologikoan sakontzeko aukera ematen die, prozesua edukiz hustu eta bere horretan izoztuz. Hor koka daiteke PPk, PSOEk eta EAJk Espainiako Parlamentuan sinaturiko Estatu Ituna. Guztion esku dago Euskal Herrian zabaldu berri den aro historikoa usteltzen ez uztea. Egunero lotu behar gatzaizkio borrokari, denok batera indarrez, ilusioz eta gogotsu ekinez erronkari; gaurko urratsak biharko aukera berriak dira. Funtsezkoa da herri dinamika indartsua bizirik mantentzea. Martxoko mobilizazioak lekuko, izan emakumearen eskubideen aldekoa, euskararen ofizialtasuna edota langileen greba orokor arrakastatsua. Bat egiten dugu aldarrikapen salaketa guztiokin, are indartsu eta eraginkorrago bilakatzeko deia eginez.
-Harremanik izan al duzue Espainiako edo Frantziako agintariekin?
M. I.: Ez. Azken harreman zuzenak 2006ko prozesuaren testuinguruan izan ziren. Elkarrizketa hau profitatuz, deia egiten diegu bi gobernuetako arduradunei, frantses nahiz espainol, EPPKren Mintzakidetzarekin bil daitezen dagozkigun eskubideen errespetu eta gauzatzea jorratzeko. Serioski joka dezaten deia egiten diegu, har dezatela gurekin haria. Gure oinarrizko eskubide demokratikoak errespetatuz, mintzatzeko eta urratsak egiteko prest gaituzte, EPPKren mandatua dugu.
-Bistan da espetxe politikak ez duela kolektiboa desagerrarazi. Hala ere, zenbateko mina jaso du? Preso asko daude, sakabanaketa handia, bakartze egoera larriak, 62 presok hogei urte baino gehiago daramatzate espetxean... Nolako eragina izan du horrek guztiak?
A. E.: Sendo mantentzea da gure garaipenik handiena. Koherentzia politikoaren kostuak kide batzuentzat bizitza bera galtzea ekarri du, eta horrek ere guztiongan sorrarazten du mina. Babesgabetasunaren zama handia da, bakartze egoeretan, kundetan, zer esanik ez ezarritako kondena amaitzear duzula ez zarela irtengo esaten dizutenean, gaixo egon eta beharrezko duzun osasun arretarik jasotzen ez dugunean… Sakabanaketaren eragina familiak nozitu beharrak, haiek egiten duten kilometro bakoitza, errepideetako arriskuak… min handia eragiten du.
M. A.: Eragindako minaren zenbakiak gero eta ezagunagoak dira presoonganako elkartasun taldeek egindako lan etengabeari esker. Kolektiboari dagokionez, jasandako erasoa itzela izan da, eta duela 30 urte inork ez luke sinetsiko gainean erori zaion zigor zaparradari eutsiko liokeenik. Sakabanaketak eta baita presoon elkartasun taldeek eta abokatuek ere jasan dituzten erasoek babesgabetasun egoeran utzi dute kolektiboa behin baino gehiagotan. Baina EPPK bizirik dago, eutsi dio. Espainiako Gobernuak ez du nahi presoon kaleratzeak eraiki nahi duten kontakizuna itsustea eta hari sinesgarritasuna kentzea, baina kartzelen hormen artean bahituta daukaten gaitasun eta esperientzia politiko pilatua Euskal Herriaren askatasunaren alde kalean lanean ikustearen beldur ere bada.
-Zertan da kolektiboaren barnean hasitako eztabaida? Noiz espero duzue ondorioak plazaratzea?
J. O.: Kolektiboa izate bizia da, ezker abertzalearen parte, herri baten parte; ondorioz, eztabaida politiko iraunkor eta dinamikoan ari da uneoro. Elkarrizketa honen bidez urrats garrantzitsua egiten ari gara ezagutzera, antolakuntzari dagokionez kolektiboaren ordezkaritza eta bitartekaritzaren izendapena. Hain zuzen, EPPKren antolakuntza berritzea izan da eztabaidaren lehen fasearen xedea. Bigarren kolpean emango ditugu ezagutzera ondorio politikoak euskal gizartearen aurrean, udaberri honetan bertan. Garrantzitsua izaten ari da eztabaida, oztopoak oztopo eta baldintza errepresibo zorrotzen gainetik aurrera eramateko gaitasuna izan baitugu.
-Azkenik, Aberri Egunaz….
J. O.: Aparteko pozez jaso ditugu aurtengo Aberri Egunaren karietara indar abertzale eta ezkertiarren artean egin diren batasun eta adostasunerako urratsak. Garai berrien adierazgarri, zalantzarik gabe. Independentistak sareak Iruñean biltzeko egindako deiari esker, ohiko sakabanaketa murriztu da. Ezkertiarrek, abertzaleek, subiranistek, belaunaldi guztietako euskal herritarrek ikusi dute batasun dei horretan beren nahia islatuta. Alderdien eguna zirudien garaiekin alderatuz, urratsa handia da. Pozik egoteko modukoa, baina ezin dugu atzendu oraino zenbat bide dugun urratzeko. Nahi baino astiroago bada ere, bide onean goaz. Urrunduta, sakabanatuta eta kasu batzuetan baita isolatuta ere ospatuko dugu aurtengoa ere. Ospakizun xumeak, gorputza gatibu eta buru-bihotzak Iruñeko kaleetan.
NOR,NORI,NORK (Eppkan)
ESPAINIAKO ESPETXEETAN
*Anabel Egues.1968-12-19.Elduain (Gipuzkoa).
-Atxilotze data: 2001eko azaroaren 6an, Madrilen. Espainiako Poliziak. Torturak salatu zituen.
-Destino espetxea: Algeciras - Botafuego.
-Pasatutako espetxeak: Soto del Real, Brieva (Avila), Castello, Granada - Albolote, Huelva, Algeciras.
*Xabier Alegria.1958-11-26.Lezo (Gipuzkoa).
-Atxilotze data: 2000ko irailaren 13an; 2001eko ekainaren 25ean behin-behinean kaleratu zuten. 2003ko otsailaren 20an berriro atxilotu zuten, 2004ko abenduaren 4an behin-behinean kaleratu zutelarik. Eta 2007ko azaroaren 30ean berriro atxilotu zuten, Lezon, 18/98 sententzia betetzeko. Torturak salatu zituen.
-Destino espetxea: Puerto III.
-Pasatutako espetxeak: Soto del Real, Valdemoro, Puerto III.
*Jon Olarra.1967-09-11.Donostia (Gipuzkoa).
-Atxilotze data: 2002ko irailaren 16an, Talencen (Frantzia).
-Destino espetxea: Granada - Albolote.
-Pasatutako espetxeak: Fresnes, Fleury Merogis, Soto del Real, Villena, Valdemoro, Alcala Meco, Granada. Bi aldiz estraditatua aldi baterako Frantziatik Espainiara. Estradizio behin betikoa 2010ean.
FRANTZIAKO ESPETXEETAN
*Lorentxa Gimon.1969-09-15.Angelu (Lapurdi).
-Atxilotze data: 2003ko urtarrilaren 22an.
-Destino espetxea egun: Roazhon (Rennes).
-Pasatutako espetxeak: Fleury Merogis, Fresnes, Gradignan, Roanne, Roazhon.
*Mikel Albisu.1961-06-07. Donostia (Gipuzkoa).
-Atxilotze data: 2004ko urriaren 3an, Salies de Bearnen (Frantzia). Marixol Iparragirrerekin atxilotu zuten, euren 8 urteko semea ere eraman zutelarik. Bi egun pasatuta eman zieten semea familiakoei.
-Destino espetxea: Lyon Corbas.
-Pasatutako espetxeak: Moulins Yzeure, Naoned (Nantes), Muret - Seysses, Marseille, Draguignan, Fresnes, Perpinya, Lyon Corbas.
*Marixol Iparragirre.1961-04-25.Eskoriatza (Gipuzkoa).
-Atxilotze data: 2004ko urriaren 3an, Salies de Bearnen (Frantzia). Mikel Albisurekin atxilotu zuten, euren 8 urteko semea ere eraman zutelarik. Bi egun pasatuta eman zieten semea familiakoei.
-Destino espetxea: Lyon Corbas.
-Pasatutako espetxeak: Gradignan - Bordele, Naoned, Muret Seysses, Marseille, Draguignan, Perpinya, Lyon Corbas.
ELKARRIZKETAK IRAKURTZEN.ETA ZER PASATZEN DA?
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur Cope irratian emandako elkarrizketan esan du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "lehenengo" egin behar duena ETAri desegiteko eskatzea dela. Preso daudenei "ez engainatzeko" deia luzatu die EPPK-ko mintzakide taldeko kideei, eta gogorarazi du ez dela "amnistiarik eta neurri kolektiborik" egongo.Horrekin batera EPPK-ri eskatu dio presoei "euren diktadura propiotik askatzeko". Haren arabera, "preso askok" ezin izan dituzte bergizarteratze neurriak baliatu "talde terroristak hori ukatu" egin dielako.Lopezek ez du baloraziorik egin nahi izan EPPK-ko mintzakide berriei egindako elkarrizketaren inguruan.Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak uste du Lopezek "galduta" jarraitzen duela, eta "gertatzen ari denetik urrun" dagoela.Bitartean,Maribi Ugarteburu ("Egin daitekeen eskaririk argiena da" esan dio.Pello Urizar (EA) "EPPK kontziente da bizitzen ari garen garai berriaz, eta Espainiako Gobernuak bere gain hartu behar du hitz egiteko beharra" deklaratu du.Patxi Zabaleta (Aralar)"Presoak ETAren jardun armatuaren amaierarekin bat etorriz gero, komenigarria litzateke Espainiako Gobernuak haiekin hitz egitea".Emilio Olabarria (EAJ): "EPPK-ren mintzakide talde berria ez da argia, banatuta daude, eta hainbat mintzakide kolektibo daude".Azkena,Herrira mugimendua: "Euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien muturreko neurriak eta salbuespeneko legedia bertan behera utzi eta konponbide integral bat eraikitzera bidean Euskal Preso Politikoen Kolektiboen parte hartzea ahalbidetuko dituen neurriak abiatzea eskatzen dugu".Espainian,AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea "EPPK-ren izendapen berriekin ETAk erakusten du presoak kontrolatu nahi dituela espetxeetan" erantzun du.

13/04/2012 21:54. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris