Facebook Twitter Google +1     Admin

GUTUNAK.ETAren Agiria Euskal Herriari San Ferminen egunean.

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez gure
herriak bizi duen une garrantzitsu honetan bere hausnarketaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:
Azken hileotako bilakaerak eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian burutu diren hauteskundeen
emaitzek bereziki, zabaltzen ari den aro berrian mugarri bat ezarri dute, Euskal Herrian etorkizunari ekiteko
ilusio eta itxaropenerako tokia dagoela erakutsiz. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko eta gatazka
konponbidean jartzeko egitasmoak jaso duen babesa batetik, eta ezker abertzalearen ilegalizazioaren
babesean gauzatu diren bazterketa eta ordezkaritza instituzionalaren bahiketa udal eta foru aldundietan
gainditze bidean jarri izana bestetik, horren adierazle dira. Horretarako ekarpen handia egin dute euskal eragile
eta herritar ugarik.
Hori esanda, urtarrileko ekimenetik sei hilabete pasa direnean, Euskal Herriko egoeraren gaineko hausnarketa
pausatua eskaini nahi du ETAk. Egungo egoera politikoa ezin baita ulertu aurretik, urte luzeetan zehar, herri
honek garatu duen borroka eredugarria kontuan hartu gabe.
Zapalkuntzaren aurreko erresistentzian eta nazio eraikuntzan oinarritu borroka luze eta oparoa
Euskal Herria hilzorian zegoela sortu zen ETA, errepresioari erantzuteko eta Euskal Herriaren defentsa irmoa
egiteko helburuarekin. Borroka eskaintza honek eta berarekin batera eratu zen proiektu independentista eta
sozialistak, Euskal Herriaren aldeko indarrak biltzeko aukera eskaini zuten. Zapalkuntzarik bortitzenak eragiten
zuen etsipen eta zenbait indar abertzaleren epeltasunak hedatzen zuen esperantza ezaren aurrean, Euskal
Herriaren beharrei begiratzen zien egitasmo eta berau gauzatzeko bidea bazegoela erakutsi zuten.
Orduz geroztik, ezker abertzaleak Euskal Herriaren askatasuna lortu arteko borrokari eutsi dio, askapen
mugimendua eta Euskal Herria bera Espainia eta Frantziaren amaraunean irenstea helburu zuten amuei uko
eginez.
Frankismoaren ondorengo erreforma politikoaren aurrean haustura demokratikorako eskaintza egin zuen ezker
abertzaleak, indar abertzale guztiek Euskal Herriaren eskubideen aldeko estrategia bateratua izan genezan.
Tamalez, ez zen lortu. Batzuk burujabetza asmoa Espainiako marko autonomikoan asetzerik bazegoela iritzita.
Beste batzuk alderdi interesak hobetsi zituzten, kudeaketa autonomikoaren onurak eskuratuz Euskal Herriari
bizkarra ematearen truke.
Horrela, ezker abertzaleak bere proiektu politikoa lantzeaz gain, Euskal Herriaren ukazioa eta zatiketa
borrokatzearen eta eskubideen defentsa egitearen ardura osorik bereganatu zuen. Baita kemenez egin ere.
Errepresio latza jaso arren ez da kikildu. Eraso guztiei aurre egin die eta inposizio saio orori mugak jarri dizkio.
Horrekin batera, gatazkaren gakoak diren lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen aitortza aldarrikatu eta
elkarrizketa eta negoziazioaren bidezko konponbidea ahalbidetuko zuten proposamenak egin ditu, Euskal
Herrian benetako askatasun eta bake agertokia eraiki asmoz.
Ezker abertzalea zeregin horretan luzaro bakardadean aritu da. Haatik, herrian txertaturik egin du aurrera.
Independentismoa zokoratzeko hamaika saio egin arren, herritarrekin batera lan eginez, herritik arnasberritu da
etengabe.
Zapalkuntzari erresistentzia gogorra erakutsi diogu, baina gurea ez da erresistentzia hutsa izan. Herri egiten
gaituzten zutoinen eraikuntzan aritu gara beste herritar ugarirekin batera, euskararen bultzadan, kulturaren
garapenean, hezkuntza eredu propioaren alde, jendarte eredu berri bat sortuz. Era berean, Euskal Herriaren
zatiketa instituzionalari proiektu nazionala landuz eta sare sozial eta kulturalak ehunduz erantzun diogu.
Borroka honek guztiak, ondorengo ondorio politikoak ekarri ditu:
– Euskal Herria bizirik dago, Frantzia eta Espainiaren menpeko asimilazio politiko, sozial eta kulturalean
desagerrarazteko estrategia bortitza pairatu duen arren.
– Euskal Herriari inposatutako marko zatikatzailea ez dute egonkortzerik izan. Etsi gabeko borrokak
etengabeko higadura eragin dio, Euskal Herriaren beharrak asetzeko aukera antzua dela erakutsiz.
– Gatazkaren konponbide demokratikoaren aldeko jarrera nagusi da euskal jendartean. Gatazkaren
konponbidea elkarrizketa eta negoziazioa bidez eta lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidearen
aitortzaren eskutik etorriko dela euskal jendartearen gehiengoaren ustea eta nahia da.
– Egun, Espainia eta Frantziaren menpeko proiektuen aurrean, independentzia ageri da egiazko
alternatiba bakar gisa.
Duela bi urtetik hona, baldintza horiek askapen prozesuaren zutabe erabakigarri bilakatzeko hausnarketa
sakona burutu du ezker abertzaleak. Horrekin batera, estatuek askapen prozesuan behartu nahi zuten blokeo
egoera hausteko estrategia eraginkorra finkatu beharra zegoen.
Hausnarketa hartan, autokritikak toki garrantzitsua hartu zuen, edozein mugimendu iraultzaileari dagokion
gisan, gurea ez baita akatsik gabeko bidea izan. Baina egungo egoeraren gakoa urte luzeetako borrokan
asmatu izanean dago, zapalkuntzari erakutsitako erresistentzian, nazioaren eraikuntzan eta, horren ondorioz,
eskuratutako lorpen politikoetan. Horrek eman digu askapen prozesuan urrats berriak emateko aukera eta
hartzen ari garen norabidearen iparra erakusten digu.
Esan beharra dago, azkenik, eginiko bidea ez dela ez erakunde soil baten, ez pertsona gutxi batzuen
borondatearen eta argitasunaren emaitza. Euskal emakume eta gizon askoren ahalegin, sakrifizio eta
eskuzabaltasunak, auzolan zabal batek osatzen du askapen prozesuaren ibilbide kolektiboa, askok zeregin
horretan bizia eman eta galdu dutelarik.
Egungo egoera: aro berria zabaltzen ari gara
Ezker abertzalearen hausnarketa ez zen ariketa teoriko hutsa izan. Berarekin batera, ausardiaz eta
erabakitasunez, egoera iraultzeko eta aro berria zabaltzeko iniziatiba hartu zuen. Hor kokatzen dira
hilabeteotan egin diren proposamenak, burutu diren herri mobilizazioak, ETAk abiatu dituen ekimenak edota
sektore ezberdinen artean ehundu diren aliantzak eta garatu den elkarlana.
Ezker abertzalea indarberriturik
Ezkerreko independentismoa akabatzea lehentasunezko helburua izan da Espainia eta Frantziako
agintarientzat. Urtetan zehar molde errepresibo ororekin saiatu dira. Ezker abertzalea, alabaina, ez da
makurtu. Ezker abertzaleko gizon-emakumeek baldintzarik zailenetan kemenez eta eskuzabaltasunez erantzun
dute eta beren jardun politikoa atxiloketa, tortura eta espetxearekin ordaindu arren, lepoan hartu eta aurrera
segitu dute. Horren ondorioz bizirik dago egun ezker abertzalea eta, berarekin batera, herri honen askatasun
aukera.
Ez aspaldi, blokeoari eutsi nahi ziotenek, ezker abertzalearen porrota iragarri zuten. Zapaltzailearen
harrokeriatik begiratuta, Espainiako ustezko demokrazian barneratzeko aukera ikusi nahi izan zuten ezker
abertzalearen urratsetan. Urtetako jazarpen latzaren ondoren ezinduta eta etsita egongo zela sinetsita,
makilakadaz josita behingoz artegian sar araziko zutelakoan.
Itxikeriari eta errepresioari eutsi ez ezik, maltzurkeriaz aritu dira, ezker abertzalearen sinesgarritasuna
kaltetzeko eta barne zatiketa elikatzeko asmo zitalarekin. Baina oztopo eta erasoen aurrean, ezker
abertzalearen apustuari irmoki eusteko erabakitasunak jendartearen aurrean sinesgarritasuna eman dio lehenik,
atxikimendu zabala biltzeko ondoren.
Blokeo estrategia pitzatzen hasiak gara
Estatuek askapen prozesua eta aldaketarako aukera blokeatzeko estrategia oso bat eraiki dute azken
urteotan. Ezker abertzalearen zokoratzearekin batera, Euskal Herriaren aldeko indarrak biltzea ekidin nahi
zuten, abertzaleak barreiaturik eta eskaintza bateraturik gabe jardun genezan. Bestalde, gatazkaren
konponbide demokratikorako aukera itxita, Euskal Herria eta Frantzia eta Espainiaren arteko gatazka
desitxuratu nahi zuten, estatuak eta ezker abertzalearen arteko konfrontazio hutsa bilakatuta.
Hilabeteotan, ezker abertzalearen iniziatibaz eta beste sektore batzuetan ere egin den hausnarketaren
ondorioz, egoera erabat aldatu da. Egun, burujabetzaren aldeko indarrek bere protagonismoa eta
eraginkortasun politikoa berreskuratu dute, herri sektore zabaletan aldaketarako ilusioa eta esperantza piztuz
eta indar metarako aukera eskainiz.
Honekin batera, ETAk eman dituen urrats sakonak lagundurik, gatazka politikoaren konponbidearen aukera eta
premia indarrez plazaratu da Euskal Herrian zein nazioartean. Euskal eragile ugarik izenpetu zuten Gernikako
Akordioa eta bertan jasotzen den oinarrizko ibilbide orria konponbide demokratikorako ukaezinezko
erreferentzia bilakatu da.
Euskal jendartean gero eta ulergaitzagoa egiten da estatuen jarrera. Itxikeriarekin eta errepresioarekin
tematzeak inoiz baino zilegitasun gutxiago du Euskal Herrian. Horregatik esan dezakegu Euskal Herria eta
Espainiako estatuaren arteko distantzia areagotu egin dela: konponbideari uko egin eta urratsak ez emateak,
Euskal Herrian kostu politikoak eragiten dituela.
Zentzu horretan, atxiloketa, tortura, euro-agindu edota epaiketen kontra eta euskal preso politikoen
eskubideen defentsan burutu diren mobilizazioak azpimarratu behar dira. Zeresanik ez, ilegalizazioari eusteko
azken saiakerak jaso duen erantzun zabala, Espainiaren menpeko sektorearen lerroetan ere kontrakotasuna
agertzera behartu duena. Estatuek oraindik errepresioari eusten badiote ere, gero eta herri erantzun
zabalagoa aurkitzen dute parez pare, gero eta kontraesan gehiago itxikerian jarraitzeko. Eta dagoeneko galdu
dute Euskal Herriko egoera politikoaren gaineko aginte makila.
Ilegalizazioa indargabetze bidean, herri xumearen ahotsa udaletxeetan
Ezker abertzalearen antolakundeen ilegalizazioak eta, oro har, herri mugimenduaren aurkako erasoek
ezaugarritu dute azken hamarkadako estatuen estrategia errepresiboa. Eskubide zibil eta politikoen
zangopilatze masiboren urteak izan dira. Estrategia horrek “alderdien legea” deiturikoarekin katebegi berri bat
erantsi zuen. Espainiako estatuak Euskal Herriari indarrez inposatu zion lege arrotz harekin ezker abertzalearen
ekimen politikoa baldintzatu ez ezik, hauteskunde lehiatik kanpo eta ordezkaritza instituzionalik gabe uztea
bilatzen zuen.
Burutu berri diren hauteskundeak baldintza ez demokratikoetan burutu dira beste behin ere. Euskal Herria
ukatua eta indar armatuen mehatxupean egoteaz gain, ezker abertzalearen hautua zen Sorturen aukera legez
kanporatuta eta hamarnaka mila herritar hautagai izateko aukera debekatua burutu baitira hauteskundeok. Eta
hori izango da, besteren artean, epe motzeko erronka nagusienetakoa: eskubide zibil eta politikoak ezartzea
Euskal Herrian.
Hala eta guztiz ere, harrotasunez esan dezakegu Euskal Herriak ilegalizazioaren bataila politiko eta ideologikoa
irabazi egin duela. Euskal Herriak estrategi haren helburuak indargabetu dituela.
Hauteskunde hauen emaitzek egoera berri bat iragartzen dute. Hala uler daiteke, Bildu koalizioak herritarren
parte hartzea bultzatzeko eta ordezkaritza instituzionala herri boterea bilakatzeko egin duen zinari
erreparatuz.
Aldaketa politikoa eta soziala gauzatzeko aukera gorpuzten ari da
Euskal Herrira aldaketa sakonak datozen ustea gero eta hedatua dago euskal jendartean. Herritarren
aktibazioa eta presioarekin iraganeko erresistentziak hautsi eta etorkizunari askatasunez ekiteko aukera ireki
daitekeen ustea hedatzen ari da egunetik egunera.
Burujabetzaren aldeko esparru ezkertiarraren metaketak ilusio eta ikusmira berri bat ekarri du Euskal Herrira.
Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko egitasmoak euskal jendartearen babes zabala jaso ez ezik, berau
egikaritzeko tresneria berria eskuratu du. Gaur, agertoki demokratikoa zabaltzeko egin beharreko bidean eta
nazio eraikuntzari eta euskal langileen defentsari ekiteko baliabide gehiago du Euskal Herriak.
Euskal Herrian eman beharreko aldaketa politikoa aldaketa sozialen eskutik lotua doa ezinbestean, egungo krisi
ekonomikoak are nabarmenago erakusten duenez. Azken hilabeteetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek
erreforma eta neurri larriak hartu dituzte eta, orokorrean, kapitalismoaren eta banketxeen mesedetan
oinarrituriko politikak ari dira garatzen. Bitartean, herritarren egoera egunetik egunera makurragoa bilakatzen
da: langabeziaren areagotzea, prekarietatea eta lan baldintzen okertzea, kaleratzeak, zerbitzu publikoen
murrizketa...
Euskal sindikalgintza aldaketa horren erreferentea izaten ari da. Greba orokorraren ondotik, Madrilen egindako
mobilizazio jendetsuak edota Maiatzaren Leheneko deialdi bateratuak, aldaketa garaiotan euskal langileriaren
aktibazioan urrats berria ekarri dute. Berdin sektore ezberdinetan aitzinaturiko borrokek. Neurri murriztaileei
aurre egitetik harago, konfrontaziorako aukera eta beste eredu baterako alternatibak eskaintzearen
perspektiba eraikitzen ari da pixkanaka.
Aurrera begira: herriaren bultzadaz nazio eraikuntza, askatasuna eta bakea
Herria eraikitzeko premia
Orain artean, Euskal Herriak urtetako borrokaren bitartez eskuratu dituen lorpenak eta azken hilabeteotan
eman ditugun urratsak nabarmendu ditugu. Ez dira txikiak izan. Haatik, horrek ezin du ahantzarazi Euskal
Herria, oraindik orain, herri zapaldua dela. Arestian Euskal Herria bizirik iraunarazi dugula esan badugu ere,
herio geldoaren arriskuak bizirik dirau, bi estatu boteretsuen erasoen artean.
Hortaz, hurrengo urteotan erasoei aurre egiteaz batera Euskal Herriaren egituratzean urratsak ematea eta
herriaren garapen politiko, sozial, kultural eta ekonomikoa bermatzeko baliabide berriez hornitzea funtsezko
zeregina izango da Euskal Herrian sinisten dugunontzat.
Herri aktibazioan sakondu, ukazioaren harresia eraitsi arte
Herritarrek hitza hartu eta dagokien protagonismoa eskuratzearekin batera, egoera politikoa baldintzatzeko
eta mugiarazteko gaitasuna erakutsi da. Horrekin, errepresioa eta ukazioaren amaiera eta Euskal Herriaren eta
erabakitzeko eskubidearen aitortza geroz eta sektore zabalagoen metaketatik eta geroz eta presio bide
eraginkorragoen aktibatzetik etorriko dela agerian gelditu da.
Bakea eraikitzea, guztion eginkizuna
Hauteskundeak igaro eta berehala, orain arte urratsik eman ez dutenek Bildu eta ezker abertzaleari eginkizun
berriak jartzeari ekin diote. Euskal Herrian zabaltzen ari den aukera bururaino eramateko eta denon artean
justizian eta herriaren nahiarekiko begirunean oinarrituriko bakea eraikitzeko, guztion parte hartzea
beharrezkoa dela ulertu nahi gabe. Dagoeneko, euskal jendarteak argi erakutsi duen bezala, urratsik ez
emateko aitzakiak ez dira nahikoak.
Azkenik
– Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko aukera dagoelako uste osoa izanik, bide
horretan sakontzeko prestutasuna berretsi nahi du ETAk. Zentzu horretan eragile orori egiten diogu
deia, konponbidearen alde murgildu dadin eta guztion artean elkarrizketa eta negoziaziorako
esparruak zabal ditzagun.
– Euskal herritarrei eta bereziki ezker abertzaleko gizon-emakumeei, aurreratutakoak ematen duen
ilusioa eta arnas berriarekin, ohiko apaltasun eta eskuzabaltasunez, lanean gogor jarraitzeko deia
luzatu nahi die ETAk. Erronka handia dugu, lortuko dugu.
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!
Euskal Herrian, 2011ko uztailaren 7an
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.
13/07/2011 01:23. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario

orain



Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris