Facebook Twitter Google +1     Admin

EPPK-KO KOMUNIKATUA ETA OHARRA

20100104155216-kartela.jpgEUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOA
COLECTIVO DE PRE@S POLÍTIC@S VASC@S
COLLECTIF DES PRISIONNIER(E)S POLITIQUES BASQUES
30 urte borrokan
EUSKAL PRESOAK, EUSKAL HERRIRA!!
Esker ona
2010 urte berriko lehen egunetan borrokaldi berria abiatuko dugu. Euskal gizarteari mobilizazioaren
arrazoiak ezagutzera ematera gatozkio agiri honetan.
Zapalkuntzak borroka eragin du. Borrokak errepresioa. Errepresioarekin pertsekuzioa. Salbuespen egoera
bortitzak. Heriotza, tortura. Erbestea, espetxea. Azken hiru hamarkadetan berdintsu. Iruzur politikoa eta borroka
iraunkorra. Hamaika desarrazoi, atsekabe, heriotza.
Dena ez da samina. Borrokaren garraztasunak askatasun mugarriak eraiki ditu. Halaxe gorpuztu da, urte
latz eta luzeotan, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, dena eman duten kideen ekarpen eskuzabalaz. Berariaz
aipatuko ditugu atariko honetan askapen mugimenduaren ibilbide luzea ezagutu eta gobernu ezberdinen
politikak espetxean jasan dituzten kideok. 30 urtez giltzapean daukaten Gatza kidea, eta segidan atzetik
doazkion espetxealdi luzeko beste guztiak. Lagunoi, ohore! duintasun, kidetasun, maitasun eta borroka
erreferentzia ditugun horiei, gorazarre! omenaldi sentikorrena eskainiko diegu hitzon bidez eta aurrean dugun
borrokaldi berriaren bidez. Biba zuek!
Halaber, euskal preso politikoon eskubideen defentsan zauritu, jipoitu, mehatxatu, atxilotu, espetxeratu
eta hiltzeraino eraman dituzten lagun oro ditugu gogoan. Gure errekonozimendu publikoa lerrootatik guztioi.
Gure hurbiltasuna, maitasuna gertukoei. Haien izana oroitzan, udako oldarraldiak eragindako emaitza mingarriaren
izena hemen, Billabonako Remi gaztea, zipaioen basakerien zerrendan azken biktima.
Azkenik, espreski gogora ekarriko dugu Jon Anza militante eta 21 urtez kide izandakoa. Espetxealdi luzea
eginagatik ere, kalean borrokan jarraitu duen laguna, Espainiako armadak bere eritasun larriaz jakitun, bahitu,
torturatu eta erail arte.
Barrutik dakusaguna
Errepresioaren errotak ez du etenik. Sarekadak, auziak, kondenak, espetxeratzeak. Ezker Abertzalea,
gazteria, “Egunkaria”, Udalbiltza. Denentzako egurra. Gure eremuari helduko diogu berria ez dugun
baieztapenarekin hasteko: egoera politiko orokorra eta espetxetako egoera eskuz esku doaz.
Azken erasoei etsaiak eman dien dimentsioa da azpimarratzekoa. Haiek kokatu baitute EPPK gaitegi
politikoan. Kokapena, ohi dutenez, jazarpenaren aldetik heldu da, ez beste inondik. Aurretiko urratsei berriak
gehituz, presoon kontrako oldarraldia kalera eraman dute, modu esanguratsu eta interesatuan, udako giroa
gaiztoki kutsatuz. Presoon irudia aitzakia, elkartasuna eta borroka erreferentzia jo puntuan jarri dute. Erasoa,
elkartasunaren jazarpenaz haratago, euskal gizartearen gaitasun mobilizatzailea murrizteko baliatu nahiko
lukete. "Vaciar los espacios de impunidad" deitzen diote jokabide faxista horri.
Luze gabe, hurrengo kolpea: miaketak. Kaletik espetxera orain. Nolako beheramendu politiko eta etikoa,
presoon senide eta lagunak goitik behera miatzea! Eskuz, ukimenez eta baita "beharrezko" balute biluzketa
integrala eginaraziz. Haur, zahar eta gazte. Argitara emandako oharrean jakinarazi bezala, batetik, ez dugu
onartuko bisitetara datozen senitartekoek tratu desegokia jasan behar izatea, eta, bestetik, dagozkigun bisitaldiak
baldintza egokietan eman daitezen exijituko dugu, hamarkada luzetan borroka bidez irabazitako eskubideak
ez -ditugu eta hutsaren hurrengo bilakatzen utziko.
Biluzgorrian gaituzte, baina arrazoiz jantzita, duintasunez jantzita, agindua eman dutenak ez bezala.
Espainiako espetxe zuzendari eta funtzionarioei ohartarazten diegu, gurekin eta gure senideekin, baina euskal
gizartearekin aurrez aurre ipini direla. Joko politikoaren mesedetan erabiliak direla. Gobernuak emandako
aginduaren aplikazioa bertan behera utz dezatela. Bitartean, espetxez espetxe erasoaren tamainaren arabera
erantzuten ari gara. Erantzuten segituko dugu.
Gasteizko Parlamentuan izan dugu gonbitik gabeko hitzordua presook. Euskal Preso Politikoon sakabanaketa
salatzeko asmoz egindako proposamena baliatu baitu lotsagabe eta arduragabeki PP-PSOE bikoteak
sakabanaketa kriminalaren zilegitasuna eta behar politikoa aldarrikatzeko. Ez dira ohartu osotara, sakabanaketa
eta haren ondorioen erantzunkizuna eguneratu dutela parlamentariok ariketa honekin, espetxe politikak
eragindako 37 hildakoak eta bestelako kalte humano eta materialen erantzule euren burua salduz. Ez dira
jabetu, herriak ez duela etsiko kaltea ordainarazi arte. Ardura politikoei aurre egin beharko dieten eguna iritsiko
da.
Erasookin, egoera politikoa desitxuratu eta eztabaida politikoan eragin nahi dute, beste harri-koskor bat
gehitu. Egitasmo politikoak errazago aurrera eramateko helburu politikoa dute, egoera politiko berria irekitzen
ez uzteko. Azken hamarkadako mami eta urrats politikoak ezabatu nahi dituzte.
Sakabanaketaren zilegitasuna eta legezkotasuna aldarrikatuz ardurak ezkutatu nahi dituzte. Irudi ehiza
eta miaketa doilorrekin, xantaia egin asmo digute, kontraesanak sorrarazi. Bestetik, gizarteagandik isolatu nahi
gaituzte. Inpunitate eremua zabaldu asmo dute espetxeetan zernahi egiteko, edozelako mugimenduak errazteko.
Barruan dakusaguna
Testuinguru honetan ari gara barruan. Espetxe politika eta ondorioz euskal preso politikoak Estatuen
zapalkuntza estrategiaren menpeko jarraitzen baitugu. Presoak gogor zigortzeko tresna izateaz gain, mugaraino
eramaten dituzten erabaki eta neurriekin, espetxe politikak, nazio askapen prozesua baldintzatzeko helburua
du, ikusi dugunez.
Obamari munduko zoko guztietatik begiratzen zaio. Hari so mandatari guztiak. Halaxe, Espainiakoa eta
Frantziakoa, lehena uzkur eta bigarrena jeloskor, bekaizti. Guantanamon bahituta dituzten presoak, zuzenbidezko
babes demokratiko orotatik at, mundu osoko kezka eta mintzagai bilakatu dira. Ez ote dute Zapaterok eta
Sarkozyk ispilu horretan euren erretaratua ikusten? Ez ote ditu inork interpelatuko? Ez ote dute ba Espainiak
eta Frantziak Europako Guantanamoa kudeatzen? Eraitsi dezatela euren Guantanamo propioa: judiziala,
poliziala, eta penitentziarioa. Ez gaituzte laranjaz jantzarazten, baina heriotza-korridoreak badira Espainiako
eta Frantziako espetxetan. Torturatu gaituzte komisarietan lehenik, tortura zuria aplikatzeko gero urte luzetan.
Biziarteko zigorra indarrean da.
Gure irudietan lehenik, eta bisitetako senideon miaketekin gero, sakatu dute presoen gaia politikoki giroa
nahasteko, esan bezala. Guztiaren atzean da espetxeetan bizi dugun errealitatea:
Guantanamo espainola eta frantsesa. Garaiotan, nabarmen ari dira gibelasmotan. Traslado etengabeak
ematen dira preso batzuk urrunduz eta beste batzuk "hurbilduz". Bizibaldintzen inguruan kontraesanak sortu
nahian, presoen artean egoera ezberdinduak eragiten dituzte: baldintza eramangarriak egoera limiteekin
konbinatzen dira, isolamendua, jipoiak, presoa bere inguruarekin erlazionatzeko oztopoak, komunikatzeko
arazoak, etabar... Makila eta azenahoriaren politika ezaguna berritzen.
Jakin dugu Igor Gonzalez kidearena. Samina sentitzen dugu. Inpotentzia. Egoera kaxkarrean zela jakitun
zen espetxea. Bere buruaz beste egiteko saiakerara nola heldu da? Egoera horretan trasladatuz heriotza zigorra
aplikatu diote. Presoon sufrimenduarekin jolasean dabiltza. Zitalkeria halakoa. Zer gerta dakiokeen erantzule
bakar Gobernu espainola egiten dugu.
Osasun egoera larrian ditugu kide batzuk. Bizitza jokoan, heriotzaren mugan. Kaleratua izan den azken
kidearen atzetik, Belen Gonzalezen atzetik, kaleratuak izan daitezela beste guztiak orain! Xantaia eta damuketa
saiakerak alde batera utzi eta kanpoan osasun asistentzia egokia jasotzeko aukera izan dezatela exijitzen dugu.
Biziarteko zigorra aipatu dugu. Patxi Gomez kidearen egoera ezagutzera eman da: tortura zuria. Auzitegi
Gorenaren doktrina aplikatzen hasi direnetik 50etik gora laguni eragin die neurriak. Bere garaian ezarritako
zigorrak beteta, de facto preso atxiki dituzte, irizpide politiko huts baten aginduz, erabaki judizial baino dekretu
administratibo faxista dena. Onartezina, ezin krudelagoa. Doktrina eta espetxean mantentzeko agindua
indargabetzea exijitzen dugu, afektatuak diren kide guztion berehalako kaleratzea. Berdin baldintzapeko epeetan
diren ehundik gorako kidego multzoari buruz, kaleratzea oztopatua dute zigorraz geroztik, ad hoc moldatutako
lege eta arauen aginduz.
Biziarteko espetxe zigorra inoiz gaindituko bagenu, espetxetik irten eta kateatuta nahi gaituzte, dekretuz
deserriratuak. Preso ohien inguruko neurri berriak iragarri dituzte, praktikan modu ezberdinez aplikatzen ari direnak.
Mugarainoko politika honen ondoan damuketa politika berria dugu.
Euskal Preso Politikoon jarraipenerako ekipoa berrantolatu izana Espainian elementu berria da, espetxeetan
presoon segimendua zorrotz egiteko funtzionarioak ipintzea bezala, aipatu ekipoaren katebegi gisa. Hainbat
espetxetan funtzionario-mezulariak izan ditugu mintzaide, gure iritzi eta jarrerak neurtzeko helburuarekin.
Kolektiboarekiko atxikimendua mantentzen ote dugun galdezka, mesedeak nahi ote ditugun iradokiz, Euskal
Herrira joateko atea zabalik dela lotsagabe esanez.
Biziki salagarri eta jakingarri irizten diogu Euskal Herriko espetxeetan gertatzen ari dena. Martuteneko
espetxean bi kideri damutuketa eskaintza egin die bertoko zuzendariak. Exijitutako baldintzak betetzea (kondena
publikoa, kalte-ordaina bermatzea, kolaborazioa...) edo berehala Euskal Herritik kanporatuko dituztela mehatxu
eginez. Urrian gertatu da. Berdintsu Langraitzen. Kolektibokoak ote garen galdetu eta baiezkoa emanda
trasladatuak izan dira kide batzuk. Posible ote da hori Euskal Herriko espetxeetan gertatzea? Nortzuk dira bi
zuzendariok halako xantaiak egiteko? Egunero espetxe hauetan sartu-irten egiten duten horiek?
Komunikabideen papera ere nabarmena izaten ari da presoon hitzak eta jarrerak manipulatuz, oihartzun
mediatikoa eman eta ondoren mugimenduak justifikatu. Presoon hitzak edota posta miatu, manipulatu, moldatu,
berri toxikatzaileak eraikitzeko. Datozela gugana gure jarrera eta hitzen interesa dutenak: hor da Kolektiboaren
mintzakidetza.
Ez dugu baztertzen etsaiaren aldetik mugimendu sakonagoak egiteko aukera. Laguntza mediatiko
osoarekin, traslado masiboak egiteko tentazioa izan dezakete, Kolektibotik at diren kide ohien erabilpena
baliatuz damuketa politika berrindartzeko. Bide batez, egoera politiko orokorrean maltzurki eragiteko.
Herriari, dei egiten diogu, herritarrei, eragile sozial eta politikoei: euskal presoon eskubideen alde indar
egiten jarrai dezatela eraginkor. Norabide honetan urratsak emateak egoera orokorrean urratsak ematea
lagunduko baitu. Mobilizazio jendetsuek, sentsibilitate ezberdineko herritarrak batzeko bertutea izan dute.
Erantzun zabala antolatu da eta inportantea izan da. Sentitu dugu haize freskoa badela, honaino sarkor iritsi
baita. Urrats berriak emateko balio behar du. Geldituko ditugu erasoak, baina bidezidorrik ez da, arnas berria
borrokatik dator eta, argia, oldartzetik.
Agintari espainolei eta frantsesei, agintera heldu diren bezala, joan nahi ez badute, gatazka konpontzeko
aukera galduta alegia, ikuspegi demokratikotik hel diezaiotela arazoaren muinari. Guri dagokigunez, espetxe
politika errotik alda dezatela, hasteko, bahituak dituzten ehundik gora kide berehala kaleratuz. Guk dagozkigun
eskubide guztien jabe izan arte, gure Herriaren eskubideen alde borrokan jarraituko dugu, gatazka politikoaren
konponbidearen argiztagarri.
Barruan eta barrutik, dinamika berria
Urte batzuk badira jadanik Kolektiboa dinamika politiko iraunkorrean murgildua dela. Dinamika hau hileko
bigarren eta azken ostiraletako ekimenetan oinarritzen da alde batetik, eta ezein erasoren aurrean erantzuteko
ekimenetan, bestetik. Lehenari dagokionez, gure Estatus Politikoaren errepespetua aldarrikatuko dugu; ondorioz
eta espetxe egoera larrienak salatu asmoz, kondena beteta duten kideen kaleratzea, gaixo larri direnen
kaleratzea eta isolamendu-bakartasunik eza aldarrikatuko dugu.
Hilabeteotan, Jon Anzaren bahiketaren salaketa egin dugu iraunkorki eta Frantziako espetxeetan ikasketak
egiteko debekuaren aurrean garatutako dinamika, zeinak babes eta atxikimendu andana utzi digun. Miaketen
kontrako salaketa gehitu diogu gure dinamikari espetxez espetxe.
Urtarrilean abiatuko dugu borrokaldi berria eta urte osoan zehar bere garapena izango du. Lubakiotatik,
espetxe politika ankerrari aurre egiteko garatuko dugu dinamika berria. Euskal Herriaren kontrako zapalkuntza
orokorra indargabetu dezatela aldarrikatzera gatoz, errepresioaren antzutasuna azpimarratzera, espetxe
politikaren antzutasuna, biziarteko zigorraren antzutasuna.
Egoera politiko orokorra irauli behar duen prozesu demokratiko indartsua abiatzearen beharra ere erakutsi
nahi dugu. Euskal eragile politiko eta sozial nagusiei norabide horretan indar egin dezaten deia zabaltzen diegu,
guk geronen ekarria jarriz.
Beraz, Amnistia helburu, sakabanaketa politika amaitu eta euskal preso politikoon eskubide urraketa
sistematikoa bertan behera gera dadila. Estatus Politikoa ezagutua izan dakigun: Euskal Herrian bilduak izan
gaitezen, dagozkigun eskubideen jabe.
Aldarrikapen nagusi hauen ondoan, eskaera zehatzok pausatzen ditugu:
- Bere unean ezarritako zigorrak gaindituta dituzten kideen berehalako kaleratzea.
- Kondizionalaren epeetan diratekeen kideen berehalako kaleratzea
- Gaixo larri diren kideen berehalako kaleratzea
- Bakarrik aurkitzen diren kideak berehala beste kideekin elkartzea
Bultzada berritua ematera goaz! Urtarrila osoan zehar EPPK-ren kidegoa osatzen dugun guztiok batera
ekingo dugu Espainiaren eta Frantziaren agintepeko espetxe guztietan. Borrokaldia ezagutzera emateko
komunikazio astea eginez abiatuko gara hilaren 4an, segidan mota ezberdineko ekimenak, itxialdiak eta gose
grebak egingo ditugu. Ondoren eta norabide berean, martxotik aurrera txandakako borrokari hasiera emango
diogu.
Euskal Presoak Euskal Herrira!
EPPK
2009ko abendua
AGIRIARI ATXEKITUTAKO OHARRA
2010 urte hastapenean borrokaldi berritua abiatuko dugun honetan, agiri honen bidez jakinarazten
dugu, EPPKaren diziplina eta babesetik at kokatu dutela euren burua lagun batzuk, dagoeneko kide
ohi ditugunak: Iñaki Rekarte, Balentin Lasarte, Esteban Murillo, Jorge Urruñuela eta Andoni Muñoz,
hurrenez hurren. Aurrerantzean, haien izenean soilik hitz egin eta jardungo dute, ez orain arte parte
izan eta babesa jaso duten EPPKaren izenean. Jakinarazten dugu publikoki, etsaiaren jokaldi eta
manipulazioei aurre hartuz.
Euskal Presoak Euskal Herrira! Amnistia!
EPPK
2009ko abendua
04/01/2010 15:52. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario

orain



Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris