Facebook Twitter Google +1     Admin

KIROLAK-SASKIBALOIA.EUSKADIKO KUTXAK IRABAZI DU.

20091016085019-import-5431431-1.jpg
MAUDILI PRIETO/GASTEIZ
Indartsuenak irabazi zuen, betikoak. Espero zena gertatu zen, Caja Laboral Baskonia garaile, baina partidako analisiak sakonagoa izan behar du, Bizkaia Bilbo Basketek oso zail jarri zielako garaipena gasteiztarrei. Xehetasun txiki batzugatik itzuli ziren esku hutsik etxera bilbotarrak, baina xehetasun txiki horiek izaten dira sarri balantza desorekatzen dutenak, eta lan horretan ere zaildu egin beharko du Bidorretaren taldeak. Partidak 40 minutu irauten duela da xehetasun garrantzitsu bat. Baskoniak oldarkor ekin zion oso derbiari, eta bizilaguna irentsi zuen lehen laurdenean. 26-13 aurreratu ziren, Teletovicek Markotaren lasaitasunari etekin handia aterata. Bosniarrak hamalau puntu saskiratu zituen lehen laurdenean, modu guztietan: hirukoak, bizkarreko jokoa, kontraerasoak... Bidorreta odol hustea eteten saiatu zen hutsarte pare batekin, baina ez zuen lortu, Teletovic kemena galtzen hasi zenean Englishek edo San Emeteriok hartzen zutelako lekukoa. Zazpi hiruko sartu zituzten lehen laurdenean bi taldeek, lau Baskoniak, hiru Bilbo Basketek, baina jokaldi gehienak zortzi-hamar segundokoak ziren. Defentsatik erasorako trantsizioa azkar egiten zuten bi taldeek, Baskoniak batez ere, eta korrika eginez hasi zen partida hausten Ivanovicen taldea. Bigarren laurdena ere antzera hasi zen, eta Baskoniak 18 puntuko zuloa ere ireki zuen. Orduan esnatu zen Bilbo Basket. Erraztasun asko ematen ari zela ulertu zuen, eta lanean hasi zen. Pixkanaka, pausoz pauso, baino fede handiarekin. Alex Mumbruk eta Blumsek hartu zuten aginte makila, eta bi hirukorekin aldea txikitu zuten atsedenaldiaren atarian: 47-35. Muturreko handi samarra izan zitekeena saihestu zuten, eta partidan sartu berriro buru-belarri. Nola, gainera. Litekeena da Bidorretak jokalariei estatistika esanguratsu bi eman izana. Lehena, Baskoniak 15 puntu sartu zituela Bilbo Basketek galdutako baloien ondoren -bederatzi denera-, eta bigarrena, arabarrek 28 puntu lortu zituztela saskipean. Beltzekoek defentsan eman zituzten erraztasunen adierazlea da datu hori, talde batek saskipeko jokalari on asko izanagatik zaila delako pibotek hainbeste puntu saskiratzea. Bidorretak taktika aldatu zuen erabat. Hiruko lerrotik jaurtiketa trebea duten jokalariak kantxaratu zituen batera, jokalari handi bakarrarekin saskipean. Mumbru hasi zen aurrena Baskoniaren saskia urrutitik zigortzen, eta Blumsek eta Markotak hartu zioten txanda ondoren. Aginduak argiak ziren. Blokeoa edo barneraketa, eta baloiaren zirkulazio azkarra, kokapen onena zeukan jokalariak hirukoa egiteko. Baskoniak asko sufritu zuen joko sistema horrekin, eta Bilbo Basket sei puntura hurbildu zen aurrena (50-44), eta hiru puntura bakarrik hirugarren laurdena bukatu aurretik: 56-53. Ivanovicek erabaki garrantzitsuak hartu behar izan zituen minutu pare batean. English aldatu zuen, eta Ribas eskolta postuan jarri, Blums zorrotz zaintza zezan. Huertasek ere asko estutu zuen Salgado, eta San Emeteriok ere nahiko ondo itxi zion bidea min handia egiten ari zen Mumbruri. Hirugarren laurdena 65-56 bukatu zen Ivanovicek agindutako aldaketei esker, baina bizkaitarrek ez zuten amore eman. Ezta gutxiagorik ere. Mumbruk, bikain, eman eta eman jarraitzen zuen, eta Banicek ere saskiraketa garrantzitsuak lortu zituen bere taldea borrokan mantentzeko: 74-66. Egoera, ordea, ez zen hirugarren laurdeneko berbera. Bi taldeak eman eta erantzun ari ziren, kolpez kolpe. Nekeak defentsako indarra apaldu zuen, eta batek jo, besteak erantzun, oso ondo moldatzen da Baskonia. Kalitate handiko jokalari on asko dituelako. Horixe nabarmendu zen azken txanpan. San Emeteriok, Eliyahuk, Englishek eta ordura arte nahiko pattal ibili zen Splitterrek garaipena lotu zuten.

PARTIDUAREN FITXA

Caja Laboral 85 - Bizkaia Bilbo Basket 76

Caja Laboral Baskonia. Ribas (4), English (13), San Emeterio (20), Teletovic (21) eta Splitter (6) -hasierako bostekoa-; Micov (4), Barac (2), Huertas (3), Eliyahu (14) eta Oleson.

Bizkaia Bilbo Basket. Javi Rodriguez, Blums (14), Mumbru (24), Markota (11) eta Moiso (2) -hasierako bostekoa-; Guardia, Vazquez (3), Seibutis, Banic (19) eta Salgado (3).

Markagailua. 26-13, 47-35 (atsed.); 65-56 eta 85-76.

Epaileak. Mitjana, Conde eta Cortes. Kanporatua: Blums.

Bestelakoak. Lepo bete zen Araba Pabilioli: 9.300 lagun.

16/10/2009 08:50. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario

orain



Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris