Blogia
orain

'Egunkaria auzia' ixteko eskaerari uko egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa egingo dute

'Egunkaria auzia' ixteko eskaerari uko egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta epaiketa egingo dute Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu da Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala, gaur kaleratu duen autoan. Joan den ekainaren 23an izandako auzi saioan, Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua defentsa abokatuek eta Miguel Angel Caballero fiskalak auzia behin betiko ixtea eskatu zuten, baina salak baztertu egin ditu eskaera horiek. Ondorioz, epaiketa egingo dute (ez dute zehaztu data).Bi argudio mota ezberdin aurkeztu zituzten defentsak eta fiskalak auzia ixteko eskatzeko orduan. Biak atzera bota ditu Javier Gomez Bermudez epailea buru zuen epaimahaiak. Batetik, auzigaia epaitutzat jo behar zela eta deliturik egozterik ez zela argudiatu zuen defentsak auzia ixteko eskatzeko. Bestetik, AVTk eta Dignidad y Justiciak osatutako herri akusazioaren zilegitasunik eza argudiatu zuen. Biak ez ditu onartu salak, eta ez dago helegite aukerarik.Aldiz, beste bi eskaera onartu ditu epaimahaiak. Batetik, Xabier Alegria auzipetuaren kasuan, onartu du auzitik kanpo uztea, akusazioengatik epaitutzat jotzen duelako (Alegria ETAko kidetzat zuten joa, baina 18/98 auzia-n ere epaitu zuten ETAko kide gisa jota, zigortu egin zuten hori egotzita, eta orain, defentsaren ustez, Egunkaria auzia-n gauza bera leporatuta ezin zuten epaitu berriro). Bestetik, Pello Zubiria auzipetuaren kontrako akusazioak iraungitutzat jo ditu Auzitegi Nazionalak eta, beraz, auzitik at gelditu da ere. Bi erabaki horiei helegitea jarri ahal zaie Espainiako Auzitegi Gorenean.
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila. Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude. Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga eta Alegria eduki dituzte auzipetuta. Egunkaria-n "izandako ardurengatik", ETAko kide izatea egotzi zieten, eta 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu zituzten haien aurka. Auzitegi Nazionalak gaur auzitik kanpo utzi ditu Zubiria eta Alegria.
SEI URTE EGUNKARIAK GABE
2003
Otsailak 20. Euskaldunon Egunkaria euskarazko kazeta itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila izan ziren atxilotutakoak.

Otsailak 25. Guardia Zibilaren esku bost egun inkomunikatuta egin ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Aldiz, Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituen, bermea ordainduta.

Urriak 16. Martin Ugalde Kultur Parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmok aginduta, eta zortzi lagun atxilotu zituen: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.

Urriak 20. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatzeko agindu zuen Del Olmok, Auzitegi Nazionalean bertan.

Urriak 21. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik ordaindu gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Etxeberria ez beste denak inkomunikatuta eduki zituzten.

2004

Abuztuak 2. Iñaki Uria izan zen Egunkaria auzia zela-eta aske geratzen azkena. 2004ko abuztuaren 2an atera zen, 450.000 euroko bermea ordaindu ondoren.

Urriak 15. Martin Ugalde Egunkaria-ren sortzaileetakoaren kontu korronteak desblokatu zituen Auzitegi Nazionalak, hura hil eta 11 egunera.

Azaroak 4. Auzipetze autoa kaleratu zuen Del Olmok: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga eta Alegria auzipetu zituen instrukzio epaileak. Joxemi Zumalabe Egunkaria-ren sortzaileetakoa ere bai, hura hilik egon arren.

Abenduak 25. Auzipetzeak berretsi zituen epaileak, Joxemi Zumalaberena salbu. Defentsa abokatuek dei helegiteak aurkeztu zituzten zigor aretoan.

2006

Urtarrilak 26. Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salak auzipetuen abokatuek jarritako helegiteak aztertu zituen.

Abenduak 15. Egunkaria ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela aitortu, eta auzia ixteko eskatu zuen Miguel Angel Carballo Espaniako Auzitegi Nazionaleko fiskalak.

2007

Martxoak 29. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deituta, auzi ekonomikoa berpiztu zuen Del Olmok.

Maiatzak 10. Egunkaria auzia (sumario nagusia) epaitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak.

Ekainak 14. Fiskalak ez zuen akusaziorik aurkeztu kalifikazio idatzian.

Azaroak 28. Del Olmok auzi ekonomikoan epaiketa egitea erabaki zuen, prozedura laburtuaren bidez.

2008

Urtarrilak 24. Salak erabaki zuen auzi ekonomikoaren epaiketa Auzitegi Nazionalean egitea.

Otsailak 20. Egunkaria-ren itxieraren bosgarren urteurrena bete zen. Hainbat lagunek eta eragilek elkarretaratzea egin zuten urteurren hartan ere Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean. Eusko Jaurlaritzak berriro eskatu zuen auzia artxibatzeko.

2009

Apirilak 15. Egunkaria-ko auzi ekonomikoan hainbat eginbide berriro egiteko eskatu zuen Auzitegiak.

Maiatzak 13. Auzi ekonomikoko hiru inputaturi lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren (Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendiri), auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.

Ekainak 23. Sumario nagusiko azkeneko auzi saioa egin zuten Auzitegi Nazionalean, 2. Salako epaimahaiaren aurrean (Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatua). Carballo fiskalak auzia behin betiko ixteko eskaera egin zuen. Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua Egunkaria-ko defentsa abokatuek ere bai. AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek epaiketa egiteko eskatu zuten.

Uztailak 30. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salako epaimahaia Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu da. Pello Zubiria eta Xabier Alegria auzitik kanpo utzi ditu: aurrenaren kasuan iraungitutzat jo duelako kasua eta bigarrenaren kasuan ETAko kide gisa lehen epaitu zutelako (18/98 auzia-n). Bost auzipetu geratu dira, beraz: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga.

0 comentarios