Blogia
orain

ORAIN KALERA.Giltzarraporik gabe, libre

JOKIN SAGARZAZU,Berriakoa
Aske da Jose Luis Elkoro, libre, bost urtez etxean preso egin ondoren eta aurretik beste hiru espetxean eman eta gero. Une oro kontrolpean izateko jarrita zeukan orkatilako telematikoa atzo kendu zioten. Gaurko zuen hitzordua jarrita, baina atzo arratsaldean jaso zuen Martuteneko espetxeko zuzendaritzaren mezua, oporraldietako etxean, Hondarribian. Une horretan amaitu zuen zigorra. Espainiako Auzitegi Nazionalaren 18/98 auziko sumarioan Egin egunkariari buruzko atalean epaitu eta zigortu zuten Elkoro: zortzi urte. 80 urte ditu ezker abertzaleko kide historikoak, eta hori izan du azken espetxealdia. Gaur eguerdian egingo diote harrera bere herrian, Bergaran, eta bihar arratsaldean ekitaldia, preso egon den urteetan hura aske uzteko eskatu duen plataformak deituta.Euskal Herriko azken 40 urteetako politikan rol garrantzitsua jokatu du Elkorok. Frankismoaren osteko Bergarako Udaleko lehen alkatea izan zen, eta orduan sortu zen Euskal Herriko Alkateen Mugimenduko burua zela, besteak beste, ikurrina legeztatzeko eta foruak berreskuratzeko Madrilekin izandako elkarrizketetan parte hartu zuen.Bi alditan izan zen Bergarako alkate Elkoro: 1970eko hamarkadaren eta 1980ko hamarkadaren hondarretan. Eta birritan ere Eusko Legebiltzarreko parlamentari, Gipuzkoako batzarkide eta diputatu Espainiako Gorteetan. HBko Mahai Nazionaleko kide ere izan zen, 1990eko hamarkadaren amaieran.Ibilbide politiko luzea egindakoa da Elkoro, eta ardura handiko lanetan aritutakoa. 1980ko eta 1990eko urteetan, gatazka konpontzeko izandako saio guztietan parte hartu zuen, zuzenean edo zeharka, bitartekari edo «errekadista», berak noiz edo noiz esan duen moduan. Hala egin zuen Aljerreko prozesuan, eta antzera Jose Maria Aznarren garaian. Aurretik, 1970eko hamarkadaren amaieran, Rodolfo Suarezen gobernuarekin «hari zuzena» izan zuen, Rodolfo Martin Villa Barne ministroarekin batez ere, eta harekin eta Suarezekin negoziatzen ibili zen, euskal presoez eta bestez. Horregatik, eta euskal politikan hartzen ari zen pisuagatik, hura hiltzen saiatu ziren garai hartan, BERRIAri 2007an emandako elkarrizketa batean kontatu zuenez. Baina hori ez zen izan hura hiltzeko egin zuten saio bakarra. 1989ko azaroaren 20an, Madrilen diputatu kargua hartu bezperan, HBko kideak tirokatu egin zituzten Madrilgo hotel batean afaltzen zirela; Josu Muguruza hil zuten, eta Iñaki Esnaola larriki zauritu. Han zen Elkoro.Frankismo garaian ezagutu zituen komisariak, baita ondoren ere. 1998an, HBko Mahai Nazionaleko kide zela, atxilotu egin zuten, eta hogei hilabetez izan zuten behin-behinean preso; gero, absolbitu egin zuten. Martuteneko espetxean zela deitu zuen deklaratzera Baltasar Garzon epaileak, 18/98 auziaren hastapenetan. Gerora, zortzi urteko zigorra ezarri zioten. 2010an sartu zuten preso, eta, Espainiako zenbait espetxetan izan ostean, 2009an Martutenera hurbildu zuten, gaixotasun larri batengatik. 2010ean irten zen handik, baldintzapean, kontrol telematikoarekin, eta egunero hainbat orduz etxean egoteko aginduarekin. Atzotik, aske da, giltzarraporik gabe.Hori ospatzeko eta Elkorori babesa agertzeko, haren senitarteko eta lagunek autobusak antolatuak zituzten gaurko, Martutenera joan eta euren herrikideari espetxeraino laguntzeko. Horren ordez, harrera egingo diote, 12:00etan, Bergarako Munibe plazan. Era berean, ekitaldia antolatu dute biharko, toki berean, 19:00etan. Elkororekin batera han izango dira, besteak beste, Frankismo ostean Bergarako alkate izandakoak, Mariano Ferrer kazetaria, Juanjo Alvarez irakaslea, Maite Aristegi diputatua, Peio Hospital kantaria eta harekin batera zigortu zituztenak, Patxo Murga, Isidro Murga eta Pablo Gorostiaga.

18/98ko azkenak
19/98 sumarioan zigortutakoen artean aske geratzen azkenetarikoa da Elkoro. 1998ko uztailaren 15ean eman zuen Baltasar Garzon epaileak Egin egunkaria eta Egin irratia ixteko agindua, eta handik zazpi urtera hasi zen 18/98 sumarioaren kontrako epaiketa, 2005eko azaroan. 2009an emandako behin betiko epaian, 38 lagun zigortu zituen Auzitegi Gorenak. Elkorori zigor luzeenetako bat ezarri zioten hasieran: 19 urte. Eta hori zortzira jaitsi zuen gero Gorenak. Fiskaltzak 48 urtekoa eskatu zuen.18/98 sumarioaren barruan epaitu zituzten Orain SA —Egin-en argitaratzen zuen enpresa— eta haren arduradunak. Atal horretan zigortutako ugari geratu dira libre 2015ean. Auzitegi Gorenak Xabier Alegria, Jose Luis Elkoro, Carlos Trenor , Jabier Salutregi , Teresa Toda , Manuel Intxauspe, Isidro Murga, Patxi Murga, Jexux Mari Zalakain, Pablo Gorostiaga, Xabi Otero, Iñaki Zapiain zigortu zituen. Egunkariko zuzendari Salutregi, Zalakain eta Trenor daude oraindik espetxeratuta. Zalakain izango da aske geratzen hurrengoa, hilabete amaieran, eta Salutregik urriaren 20an du kartzelatik irteteko eguna. Sumario berean zigortutako beste hainbat espetxean daude oraindik; Enpresak atalean zigortutako Joxean Etxeberria eta Bixente Askasibar, Ekinen zigortutako Txema Matanzas eta Juan Mari Mendizabal eta Xakin zigortutako Elena Beloki.

0 comentarios