Facebook Twitter Google +1     Admin

OMENALDIA/100 URTE.Koldo Mitxelena, egile eta eragile

Iñaki Mendizabal Elordi

Ehun urte beteko zituen gaur Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta euskalariak. 1987an zendu zen Oreretako semea, baina ondo baino hobeto profitatu zituen bizitza honetan eginiko 72 urteak. Bere lana aztertu dutenek, bere lagunek, ikasleek edo familikoek profil zabala irudikatzen dute, baina, gauza guztien gainetik, egile eta eragilearen itzala nabarmentzen da. Hala ere, Mitxelenak bazituen mila ertz, batzuk jakinak, bestetzuk ez hain ezagunak. Esaterako, eta beste askori gerta-tzen zaion legez, badirudi Mitxelena bere frustrazioen emaitza zela. Nobelista izan nahi zuen, edo, bestela, matematikaria, baina bizitzak beste bide batetik eraman zuen: “Ni gogoz kontrako filologoa naiz”, zioen hizkuntzalariak, ironia fina erabiliz. Horren adibide da nerabezaroan idatzi zuen Memorias de un jelkide, amak sutara bota ziona. Oraindik ez zuen euskara menperatzen, eta espainolez idatzi zuen estreinakoa. Aurrerago, kartzelako egonaldi luzeetan berrartu zuen idazteko zaletasuna, Espetxean aldizkariari esker. Gogoko zuen literatura, baina ordurako euskaltzalea eta abertzalea ere bazen. “1929an euskaltzaletu nintzen, inork eragin gabe eta neuk ere nola ez dakidala; hazia, dudarik gabe, aspaldidanik ereina nuen”, zioen izkribu batean, ondotxo baitzekien etxetik zetorkiola hori guztia dena. “Abertzale etxean egin ninduten”, onartu zuen gero oreretarrak, ñabardura txiki bat gehituz esaldiari: “baina ez ninduten alderdi bateko eraginetara bultza”. Bultzatu beharrik ez zeukan, miseria eta bidegabekeriaz inguratuta bizi bai-tzen. Honela, bere herriaren sufrikarioarekin bat egitea erabaki zuen hasiera-hasieratik, jakinez hautuak bere infernu propioa zekarrela atzetik: “Maizegi pentsatu dut euskalduntasunari edo delako arbasoengandik datorkigun grina horri hain loturik ez banengo, lasaiago biziko nintzatekeela eta agian nagoen baino diruz hornituago nengokeela”.  Herriarekiko konpromiso hori azken eguneraino mantendu zuen, Koldo Mitxelena Elissant: egitasmoa eta egitatea tesiaren egile Elixabete Perez Gazteluk azpimarratzen duen legez: “Ez zuen inoiz ahaztu zein herritan jaio zen eta zein gizarteri erantzun behar zion. Mitxelenaren konpromiso etikoa irmoa zen, diru edo ospearekiko inolako atxikimendurik ez zuelako izan. Eta, era berean, pentsalari eta ikerlari unibertsala izan zen”.  Barrukoari eta kanpokoari begira beti, hangoa hemengoarekin uztartzen saiatu zen. Batzuetan, modu harrigarrian, Perez Gazteluk agertzen duenez: “Bitxia da nola konbinatzen dituen bi jakintza ezberdin: bertsolaritza eta testu klasikoak. Bertsolarien mundua oso presente dago bere buruan, eta Platon edo Socrates bezalako pentsalari klasikoak ere bai. Ondo uztartzen ditu jakintza iturri desberdinak: bata, hurbilagoa eta ustez apalagoa, eta, bestea, landuagoa, grekoena eta latinoena. Batetik eta bestetik hartzeko gaitasun itzela zuen, eta bere prosan nabari da sinbiosi hori”. Koldo Mitxelenaren bestelako kontu batzuk ere aipatzen ditu ikertzaileak, tartean, bere fedea, borondatea eta kartzelan igarotako une latzen aurrean erakutsitako portaera: “Fededuna zen, baina bereizten zuen norberaren sinesmena eta gizarteko antolamendua. Hori gauza pribatutzat zeukan eta hortxe bukatzen zen dena”. Eskolatua ere ez zen, baina horrek ez zion unibertsitateko atea zarratu; hori bai, irakasle bezala sartu zen bertan, inoiz ikasle izan barik: “Kontuan izan behar da oso bizimodu aldrebesa izan zuela -aipa-tzen du Perez Gazteluk-, bere gisa ikasi behar izan zuen eta unibertsitatean ez zuen inoiz eskolarik hartu. Eman bai, eta doktore izatera ere iritzi zen. Horrek erakusten du zer nolako gaitasuna zuen”. Gerra garaian ere, bere izaeraren lorratz txiki batzuk utzi zituen: “Gaztaroa gerran eta kartzelan egin zuen, baina bitxia da Eugenio Ibarzabali kontatzen diona elkarrizketa batean, heriotza zigorra dela eta. Sufrikario galanta omen zen gauero-gauero zain egon behar hori, beldurrez, bataren edo bestearen izena noiz entzungo. Baina, Mitxelenak esaten du egoera hori onartzen duen momentuan erabat lasaitzen dela. Harrigarria, hilko dutela jakiteak lasaitu egin zen”. Pentsamoldez zabala zen Mitxelena, bazekien gozoa izaten, eta zinea, filosofia edo literatura (nobela beltza, batez ere) zituen gustuko. Memoria harrigarria zuela gogoratzen dute bere lagunek, eta ikasleek onartzen dute maisu aparta izan zela, “zuzena eta zorrotza”. Gerra eta kartzela urteak gogorrak izan baziren Mitxelena eta bere familiarentzat, ez ziren askozaz gozoagoak izan ondorengo urteak: Frankisten jazarpena, euskara batuaren auzia, PNVren zatiketa... Frankisten jazarpenari lagunei esker egin zion aurre, han edo hemen lana bilatuz, baina Eusko Alderdi Jeltzalearen zatiketan nahikoa egur jaso zuen. Mitxelenak Garaikoetxearen alde egin zuen, eta alderdikide batzuk ez zioten traizioa parkatu. Mitxelenaren izena, baina, Aran-tzazurekin lotuta geratu da betirako, 1968an santutegian egindako batzarrean erabaki baitzen euskara batuaren auzia. Batzarrean, Mitxelenak berak proposatutako bidea onartu zen, baina euskaltzale guztiek ez zuten begi onez ikusi erabakia. “Gizon hau zientifikoa zen -gogoratzen du Perez Gazteluk-, eta ordura arte ez zen horrelako euskalaririk izan gure artean. Beraz, Arantzazun bera zen autoritate handiena. Ezagupide izugarria zuen eta horrek sekulako abantaila ematen zion besteengandik”. Hizkuntza gaurkotu behar zela ikusten zuen Mitxelenak, eta horretarako euskara literario baturanzko proposamen akademiko orokor bat prestatu zuen, Euskaltzaindiak eskatuta. Horretarako, gure literatur tradiziora jo eta eredu nagusi bat proposatu zuen, idazle gazteek defendatzen zutena: eredu gipuzkoar-nafar-lapurtarra. Oinarri-txosten hori eztabaidatu zen Arantzazuko Batzar historikoan. “Ni ohartu nin-tzen nire lagun erdiak galduko nituela han”, esan zuen beranduago Oreretakoak. “Koldok gazteen alde egin zuen, Sarasola eta hauen alde -gaineratzen du Perez Gazteluk-, eta haiek ere bere alde egin zuten. Zubi-lana egin zuen belaunaldien artean, eta hori ere bere bertutea da. Zubia zen Mitxelena”. “Batasuna ez da nahikoa euskarak iraun dezan. Ez da nahikoa, baina bai beharrezkoa, batasunik gabe ez baitu iraungo gaur egungo munduan, ez eta biharkoan. Batasuna lortuta ere, dena beharko da”, utzi zuen idatzita euskalariak, bestelakoak ere aipatuz: “Ez nuke nahi nik inorena ez den euskara bateratua; denona izango litzatekeena beharko genuke, edo, hori ezinezkoa balitz, gutxienez batzuena, ahalik eta gehienen euskara”. Eztabaidak eztabaida, etorkizunari begira ezohiko ikuspegia zeukala erakutsi zuen Koldo Mitxelenak. Elixabete Perez Gazteluren iritziz, “orain dela 60-70 urte berak idatzitako kontuak berdin-berdin balio dute gaur egun, eta horrek dena esaten du”. Hahor, egile eta eragile handi baten aztarnak.

20/08/2015 11:36. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris