Blogia
orain

ETB2n, euskaldunak euskaraz

NEREA AZURMENDI/El Correokoa

Euskal Herriko bertsolaritzaren, letren, musikaren, kirolaren eta arte eszenikoen izen nagusiak daude 'ETB2n euskaldunok euskaraz egitearen alde' eta, horrenbestez, izenburu bereko eskutitza sinatu dutenen artean. Aldarrikatu dutenaren arabera, kirol eta kultur eragileek adierazpenak gaztelaniaz egiteari uko egingo baliote, mutu geratuko litzateke euskal kirolaren eta kulturgintzaren zati handi-handi bat.Euskarazko hitzak gaztelaniara ez eramatea eskatu diote hain zuzen ETB2ri -zehazki EITBko zuzendaritzari- gutun irekiaren bitartez. Dokumentua sinatu dutenen lagin zabal bat zutela, Pako Aristik eta Itziar Ituñok irakurri dute Lea-Artibai eta Uroka Kosta eskualdeetan abiatu zen dinamika Euskal Herri osora hedatzea ekarri duen agiria. 140 lagunetik gorako zerrenda osatzen dute. Bertsolarien artean, besteak beste, Amets Arzallus, Maialen Lujambio, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Jon Maia, Imanol Lazkano, Xabier Azpillaga, Mañukorta edo Julio Soto. Idazleen artean, beste askoren artean, Pako Aristi, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe, Ana Urkiza, Leire Bilbao, Miren Agur Meabe edo Castillo Suarez. Kirolariak ere ondo ordezkatuta daude: Jose Angel Iribarrek irekitzen du zerrenda, Gaizka Garitano Eibar taldeko entrenatzailea da hurrenga eta horien ondotik datoz Amets Txurruka txirrindularia, Irati Anda eskalatzailea, Aimar Olaizola pilotaria... Musikaren mundua ere oso ondo ordezkatuta dago: Anari, Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Mikel Markez, Mikel Urdangarin, Zea Mays, Fermin Muguruza....Lehenengo paragrafoan heltzen diote gaiari bete-berean. ETB2 kateko albistegietan bereziki, "euskal hiztunei ematen zaien tratuarekin kezkaturik", gogoratzen dute egunero behartzen dituztela euskaldunak, "protagonista ospetsuak zein jende anonimoa, gaztelaniaz hitz egitera, eta horrek bi ondorio larri eragiten ditu". "Batetik -dio oharrak- desitxuratzen du Euskal Herriaren mapa linguistikoa, euskararen arnasgune diren herrietan gaztelania entzutea normala balitz bezala agertuz, inguru ez hain euskaldunetan euskara dakienari edo ikasi duenari bere dohaina agertzea debekatzeaz batera; eta, bestetik, ETBren sorreran zegoen helburu nagusietakoa boikotatzen du, hots, euskararen normalizazioa, erdarazko albistegietan euskal hiztunak desagertzen diren neurrian".Horrez gain, "anormal bilakatzen du euskal kate publikoan euskaraz hitz egiten agertzea, eta hori onartezina da gure egungo egoeran. Ondorio hauei gaineratu behar zaie euskal hiztunek senti dezaketen biolentzia linguistikoa, egunerokoa duten hizkuntza aldatzea exijitzen zaienean. Hain zuzen, espainolera behartutako euskaldun askori sumatzen zaio zer lan ematen dion hizkuntza horrek; sumatzen zaie ez dutela aspaldi espainolik erabili; euskaraz zenbat dotoreago egingo luketen euren jarduna!".Eskaera zehatza, beraz, honakoa da: "EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen den edo ez, kamerak kalera ateratzen dituzten aldioro zorrotz begiratu eta errespetatu behar duten arau bihurtzeraino. Gaur egun, bitarteko tekniko egokiak daude horretarako: euskaldun horien hitzak azpitituluekin joan daitezke, esate baterako. Denborarekin, azken hauek ere desagertzen joan beharko lukete, horrela euskarak gozatu ditzan erdaldunen belarriak. Horrela soilik ulertuko dute hauek, erdaldunek, euskarak bere herrian daukan presentzia, pisua eta normalizatzeko grina".

0 comentarios