Blogia
orain

ORAIN KULTURA.Fredi Paia,Bizkaiko bertsolariak txapeldun da.

AGENTZIAK                                                                                                                   Oholtzan jarrera berezia dauka Fredi Paiak, barru-barrutik ateratakoa. Atzoko final handiaren hasierako bertsoan ere, ohi bezala, arima utziko zuela agindu zuen. Esan eta egin, bertso bakoitza kolpe bihurtu zuen Paiak eta bere anaia Xabik 2006an egin zuen legez, Paiatarren etxera eraman zuen Bizkaiko txapela. Hunkituta, orain hiru urte zendutako aitari eskaini zion garaipena. Arkaitz Estiballesek, saio erregularra egin arren, ezin izan zuen hirugarrenez txapela irabazi eta bigarren lekuarekin konformatu behar izan zuen. Saio osoan eta, bereziki, buruz burukoan, entzuleak berotzen jakin zuten Paiak eta Estiballesek.Final bati eskatzen zaion maila izan zuen atzo Miribillan entzundakoak, bai harmailetan eta baita oholtzan ere. Entzuleen animo nekaezinei erantzunaz, zortzi finalistek beren onena emateko ahalegina egin zuten. Halako hitzorduetan ohikoa izaten den seriotasun uneak ez ziren falta izan baina, 2014ko Bizkaiko finalak, umorea izan zuen ezaugarri nagusietako bat.Gai umoretsuetan ertzak bilatu eta eztena sartzen ondo baino hobeto dakite Paiak eta Estiballesek eta ez zuten aukera pasatzen utzi. Haien atzetik, Etxahun Lekue izan zen hirugarren eta Oihana Bartra laugarren. Larrabetzuarrak bere eskarmentua baliatu zuen puntuak pilatzeko baina koska bat falta izan zitzaion buruz burukora heltzeko. “Bai baina ai ibili naiz saio osoan, beti zerbaiten faltan”, aitortu zuen Lekuek ondoren. Bartra, aldiz, bere lehenengo finalean, ondo aritu zen.Jone Uria izan zen bosgarrena. Ale politak utzi zituen arren, bere mailarik onena lortu ezinda ibili zen. Onin-tza Enbeita izan zen seigarrena eta Iratxe Ibarra zazpigarrena. Markinarrak iragarri zuen, aldi baterako behintzat, txapelketak utziko dituela. Beste debutaria, Xabat Galletebeitia, zortzigarren izan zen. Umorez zipriztindu zituen bere bertsoak, Lekeitiotik etorritako zale andanaren oihu artean: “Zarata eta kolorea ekarri dute behintzat, hau bizitzea itzela izan da”. Behetik gorako saioa egin zuen Galletebeitiak.Fredi Paia lehenengo ariketatik hasi zen indarrean. Zortziko nagusian, Galletebeitia neurria hartu ezinda ibili zen, baina ez zion algortarrari kalterik egin. Zor-tziko txikian, aldiz, Estiballes egokitu zitzaion Paiari alboan eta arratsaldeko aurreneko barre algarak eragin zituzten. Jolas parkeko atrakzio batean jarri zituen Maite Berriozabal gai-jartzaileak. Elkarri adarra ondo jo zioten. Paia zirikatzaileena entzun zen orduan, erreferentzia ugari eginaz. Pixkanaka, saioa berotzen joan zen eta unerik gogoangarrienetako bat Arkaitz Estiballes eta Xabat Galletebeitiaren arteko hamarreko txikikoa izan zen. Suizidatzeko asmoz, autoan sartuta daudela, Estiballesek bost minutu itxaroteko eskatu zion Galletebeitiari. Gai serioa behar zuena, umore kolpe biziko norgehiagoka bihurtu zuten. “Zertarako diozu, itxaron gehiago/ ni neu bost minutuan damututa nago”, kantatu zuen lekeitiarrak eta galdakoztarrak eran-tzuna: “Lehenengo zigarro bat, erre nahiko nuke”. Xabatek bota zion bere autoan ezin zela erre eta, azkenean, autoarekin PPren egoitzaren aurka jotzea dela suizidatzeko modurik onena adostu zuten.Bakarkakoan, Fredi Paiak onartu zuen gaiaz ez zekiela asko, (“Kezka bat duzu, zure alaba ez dela bere sexukoa sentitzen” zen gaia). “Ideiarik ez badaukazu, txiklea bezala beste alde batetik luzatu behar dela, horixe gogoan hartuta kantatu dut”, adierazi zuen Paiak, “pozik geratu naiz emaitzarekin”. Kolpez kolpe, buruz burukorako puntu nahikoa pilatzen joan zen Fredi Paia. Arkaitz Estiballesek, lasai eta sendo, lagundu zion. Zortziko txikian, bezperako parranda gogoratzen ez zuten bi lagunen azalean, berriro ere elkarri ziria sartzeari ekin zioten, zenbaitetan umore gordinera jota. “Gaiak gure neurrikoak izan dira”, aitortu zuen gero Paiak. Seiko motzean, saioaren beste une aparteko bat bizi izan zuten Miribillako zaleek. Bernar Mandaluniz gai-jartzailea bahitu egin dutela eta Estiballes eta Paia detektibeek aurkitu egin behar dituztela, horixe gaia. Txinpartak atera zizkioten egoerari biek.Amaitzeko, kartzelakoan, hauxe izan zuten gaia: “Eskua emon deutsazu”. Fredi Paiak goia jo zuen hor. Gehiegikeriaz betetako bizimoduagatik, transplantearen zain dagoen gaixoaren larrutik, nori eta Heriotzari eman zion bostekoa. Transplantea iritsiko ez zela eta, “lehenengo heldu leikela elizako organoa”, abestu zuen aurreneko alean. Umore beltzaren maisulana izan zen bertsoaldia biribiltzeko, hauxe hirugarrena: Ta hiltzen ari naiz ari/ Hau denboraren morrontza/ Lehen auto istripuak ziren/ Alkohola eta izotza/ Orain oso gutxi daude/ Azpimarratzeak lotsa/ Txikia da emaileen/ Ta organo libreen poltsa/ Baten bat atetik dator/ Bere sega bere hortza/ Garezur bat du buruan/ Eta hizketan ostotsa/ Aupa Heriotz zelan zabilz/ Hau nire logela motsa/ Aurkari ona izan zara/ Eman eskua Heriotza.Fredi Paiak 901 puntu lortu zituen eta Estiballesek, 874,5. Kristina Mardarasek jantzi zion txapela irabazleari, hau belauniko zela. Mardarasek ere ez zuen aukera galdu bertso pare bat botatzeko eta txaloak izan zituen sari. Kontuak kontu, Miribillako 4.600 entzuleek Paiaren berezko estiloaz gozatu ahal izan zuten. Bizkaiak txapeldun berria dauka, Estiballesen lekukoa hartuko duena: Fredi Paia Ruiz.

0 comentarios