Blogia
orain

ORAIN BEREZIA.Abenduak 3,Euskararen Nazioarteko Eguna

Arnasguneetatik normalizaziora

Maren Belastegi - UEMAko lehendakaria

Gaur,Abenduak 3, 2014ko euskararen nazioarteko
egunean, euskararen aldeko hautua egin duten herritarrak zoriondu nahi ditu
UEMAk. Administrazioa euskalduntzen aitzindari izan diren Udalak, eta baita
euskararen normalizazioa lortzeko lanean ari den euskalgintza ere. Finean,
euskararen alde lanean diharduten instituzio, eragile eta herritarrak zoriondu
nahi ditugu. Beraien ekarpenik gabe, ez legoke euskara bizirik, eta guztion
arteko elkarlanik gabe ez dugu lortuko euskara normalizatzerik.Euskararen
egunean, udalerri euskaldunetan, euskararen arnasguneetan jarri nahi dugu
begirada. Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik. Eta
beste hainbat tokitan ez bezala, nagusi da euskara. Belaunaldiz belaunaldi
transmititutako hizkuntza naturalki erabiltzen dugu eguneroko bizitzan.Udalerri
euskaldunak baditugu Euskal Herriko sei herrialdetan, eta hori herritarrek
bermatu duten lorpen bat izan da. Hainbat herritan, euskaraz bizitzea lehenetsi
dugu eta euskararen bizitasuna mantendu dugu. Gurean babes sozial zabala dauka
euskarak. Oraindik, ordea, badira osotasunez euskaraz bizitzea eragozten
diguten hainbat hutsune (lan muduan, administrazioan...). Eta hutsune horiek gainditzeko
lan egin nahi dugu.Udalerri euskaldunetako herritarrek bezala, bertako udalek
ere euskararen aldeko hautua egina dute. Lan handia egin dugu udala
euskalduntzeko, eta UEMAko udalak erreferentzia bilakatu gara euskararen
erabilerari dagokionez.Udalerri euskaldunen eginkizuna garrantzi handikoa da
euskararen normalkuntza prozesuan. Euskara nagusi den gutxieneko lurralde hori
ezinbestekoa da edozein hizkuntza aurrera ateratzeko. Euskara biziko bada,
nagusi izango den lurgunea behar du. Edozein hizkuntzak nagusi den esparruak
behar ditu. Arnasgune horietan, bilatu beharko du biziberritu nahi den
hizkuntzak heldulekua; bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai
hizkuntzaren funtzio komunikatiboari, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari
dagokionez. Euskararen arnasgune horiek zaindu, sortu eta, hala balitz hedatu
ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro.Horregatik, UEMA
eta bertako kide garen udalok euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko
lanean dihardugu. Izan ere, administrazioaren ardura ere bada gune hauek zaindu
eta sendotu daitezen politikak martxan jartzea. Iruditzen zaigu UEMAko
udalerriek badaukatela profila euskararen normalizazioan eredu izateko, eta
hori, baliatu nahi dugu euskararen hedapena bultzatzeko.Euskal Herria
euskalduna dugu helburu. Eta norabide horretan, euskararen arnasguneetatik
ekarpen garrantzitsua egin dezakegu. Udalerri euskaldunetako Udalak, eragileak
eta herritarrak elkarlanean, euskararen normalizazioan euskararen hedatzaile
papera jokatu behar dugu. Horrela, euskararen arnasguneak zabaldu eta
hedatzeko.

Koldo Mitxelena:Euskara batuaren eraikitzaile, euskararen biziberritzearen itsasargia

EUSKARAREN AHOLKU BATZORDEA

Euskara biziberritzeko bidean, erabakigarria izan da euskara batuaren eragina.Irakaskuntzatik komunikaziora, literatur sorkuntzatik lan mundura, alor guztietan sumatu dira, indar handiz sumatu ere, hizkuntza batasunaren onurak. Euskal gizarteak euskara batuaren makulua baliatu du, azken berrogeita hamar urteotan, euskarari bizi berri bat emateko ahalegina erraztu eta bultzatzeko. Eta, euskara batua ekarriko ziguten lanen lehen urratsez ari garenez, nola ez hartu gogoan Koldo Mitxelenaren figura erraldoia? Izan ere, datorren urtean 100 urte beteko zituzkeen euskalari jakintsuak ekarpen zeharo baliotsua egin zuen euskara batuaren hastapenetan eta hasiera luzeko urte zail eta erabakigarrietan. Ekarpen zeharo baliotsua egin zuen, halaber, euskara biziberritzeko oinarriak finkatzerakoan, horretan ere bide-erakusle izan baitzen. Eta gizalegezkoa da, jakina, langintza horretan aitzindarietan aitzindari eta bide-erakusle gisa egin zuenaren balio itzela onestea. Euskal letretan klasiko aitortua den Koldo Mitxelenaren idatzietan bilatu eta josiak dira, beraz, 2014ko Euskararen Nazioarteko Egunaren karietara Euskararen Aholku Batzordeak euskal gizartearen aurrean egin nahi duen adierazpena osatzen duten testuak. Esandako guztiagatik, Euskararen Aholku Batzordeak, Mitxelenari eman dio hitza aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean. Mitxelenarena da Adierazpena, bere 2 omenez. Hona hemen, bada, Koldo Mitxelenaren maisuahotsean esanak, guztiak ere euskararen inguruko gogoetak.                                   “Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpidea besterik. Ona da, beraz, elkarrekin mintzatzeko eta elkarri gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako; horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik; eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza kamutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik errua, behiala Axularrek zioenez. (…) Bitartekoa da hizkuntza, ez ontzia: (…) mutu da, ez baitu ez ahorik ez eztarririk, are gutxiago bururik. Hizketan dakitenak beste norbaitzuk dira: eztarridunak, ahodunak eta (hala-holako) burudunak, haren bitartez, hura dela medio, mintzatzen direnak. (…)”.“Eguzki argia bezain argi ikus daiteke batasunik gabe ez dugula bihar edo etzi euskararik izango: batasuna ez da aski den baldintza, baina bai premiazkoa eta ezinbestekoa, hizkuntza biziko baldin bada. Batua, noski, ez dugu non eta noiznahi erabiltzeko behar, zenbait izkribu mota edo erabil-mailarako baizik. Baita ere, bidenabar, han-hemengo euskaldunok elkarrekin hizketan hasten garenean ez dezagun berehala jo, maizegi gertatu ohi denez, erdara batura. (…)” “Ez da aski gure hizkuntzaren batasuna euskarak iraun dezan, ez hurrik eman ere; ez da aski, baina premiazkoa da, batasunik gabe ez baitu iraungo, bizi garen oraingo eta biharko mundu honetan. Batasuna eginik ere, gal daiteke; batasunik gabe galdua dago aldez aurretik. (…) Batasun-asmoa sortzetik bertatik zekarren Euskaltzaindiak. Are gehiago, sortu baino lehenagotik. (…)” “Hizkuntza ez da hor goian bi hegalez airean dabilen izpiritu mehea (hots, gorputzik ez duen sistema baten eskema soila), baizik eta hemen behean, gizatalde batean, oinak landaturik dituen zer bizi eta sendo bat: gizartean bizi da, hiztunengan; hiztunak ditu jasaile, hiztunek bizi dute. (…)” “Agian, gure artean hain errotua dagoen boluntarismoaren arriskua salatu beharrean gara, nahikunde hutsa helburuetara iristeko nahikoa bailitzan. Ez ditut ukatuko 3 utopiaren ondorio miresgarriak, batzuk begien aurrean baititut. Nahiago nuke, ordea, badaezpada ere, ezer egingo bada beti beharrezkoak diren ametsak eta berotasun suharrak, lagun eta aitzindari, kalkulua izango balute, eginahalean zehaztuz zeren bila gabiltzan, zein urratsetan lortuko dugun, eta nolako bitartekoak ditugun eskumenean orain eta etorkizunean. ”Ezin fida daiteke –zenbaitek, areago erosokeriaz beste ezertaz baino, egiten duen bezala– dekretuaren ondorio miresgarrietan, ezta ofizialkidetasun nahiz ofizialtasunezko aitorpenetan ere. Gure herriak herri artean bere tokia behar duen bezala, hizkuntzak ere berea aurkitu behar du hizkuntza artean: handikeriazko menturarik gabe, iraupena eta hazkuntza segurtatzeko behar adinako tokia. Beste nonbait esan eta idatzi dudan bezala, diglosiaren purgatorioetatik ihesi goazela, ez gaitezela ghettoaren infernuan eror. Hizkuntza integrazioa beste ezein bezain beharrezkoa dugu. (…)” “Eragozpenak eragozpen, plazara ginen (enparantzara, dio besteak) Etxeparez geroz, eta plazan iraungo dugu, gerta ahala gerta, baldin asmoz eta jakitez (ausarki, eta halere neurriz) jokatzen badakigu. (…)”

0 comentarios