Blogia
orain

GUTUNAK.ETB2

XANTI BEGIRISTAIN MADOTZ

AURITZ

Aitortu behar dut nik ETB2 oso gutxitan ikusi dudala, eta ikusi dudanetan ere, gehienetan izan da beste pertsonaren batek piztu duelako; izan ere, nire aburuz, euskal telebista da programak soil-soilik euskaraz ematen dituena, beraz, ETB2ri euskal abizen asko eta handiak jarri arren, erdal telebista jarraitzen du izaten, gehien-gehiena gaztelaniaz igortzen duelako. Jokaera horrekin, ETB2k nola erdietsiko du, konparaziora, Ipar Euskal Herriko biztanle erdaldunak euskararen mundura hurbiltzea? Oso-oso nekez!Gainera, askotan iruditzen zait, ETB2k aurrekontu eta programazio handiagoa eta hobea duela ETB1ek baino, esate baterako, lehiaketetan, eztabaida saioetan, film kontuetan eta abar.Beste alde batetik, oraintsu arte behintzat, ikusi dugu ETB2n sarritan behartu, edo bultzatu dituztela behinik behin, erdaraz egitera Euskal Herriko euskaldun erreferentzialak (kirolariak, politikariak, kulturakoak...) eta baita beste euskal hiztun arruntago asko ere. Nik uste dut badela garaia behin betiko jokamolde zaharkitu horiek aldatzeko. Esaterako, aurtengo sanferminetan, ez dakit zein arrazoirengatik, baina txupinazoa ETB2n euskaraz eman zutenean, jende askok idatzi zuen telebistara, beren harridura pozgarria adierazteko.Horretaz gain, ohartzen naiz batzuetan ematen duela ETB2k kontra-programazioa egiten diola ETB1i, egun eta ordu berean programa on eta interesgarriak jartzen dizkionean. Orduan, euskaldun askok beren buruak bortxatuak ikusten dituzte, euskara ala gazteleraren artean hautatzera. Halakoetan, badirudi euskal hiztunak lehia desleial batean sarrarazten dituztela, kate bat edo bestea ikustera behartuta. Kasu asko ezagutu ditut non ikusle euskaldunak ETBko bigarren katera pasatu diren, azken kate honen programazioa bestearena baino interesgarriagoa eta hobea zelakoan. Hitz gutxitan esanda, ETB2k sarritan kentzen dizkio ikusle euskaldunak ETB1i.Hau guztia ikusita, eta konturatu ondoren ETB2k deus gutxi laguntzen duela herritarrak euskalduntzen eta euskarara hurbiltzen, esan al liteke kate hau bere helburuak betetzen ari dela? Batzuetan, ez al du egiten aurkako eraginik? Ni baiezkoan nago. Pentsatzen dut, aspaldian iritsi zitzaiola ETB2ri bere norabidea aldatzeko momentua.Orain dela hiru bat hamarkada, ETB2 asmatu eta martxan jarri zutenean, jende askok ulertu genuen, telebista kate horrek balio beharko zuela Euskal Herrian bizi diren pertsona erdaldunak euskararen mundura hurbiltzeko, baina susmo handi samarra dut ETB2k ez duela lortu helburu hori. Are gehiago, uste dut arduradunak bertan gozo sentitzen direla, horrela, lorpen gehiago eskuratu gabe.

0 comentarios