Facebook Twitter Google +1     Admin

GUTUNAK.Euskadi Ta Askatasunaren agiria Euskal Herriari

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Euskal Herriaren aldeko borrokan bizitza galdu duten gudariak omendu nahi ditu agiri honen bidez. Estatuek eta Estatuen estoldetatik sortutako talde parapolizialek erail, borroka-ekintzetan hil edota bizitza osoa borrokari eskaini eta gero, eritasunaren edo bestelako arrazoien eraginez joan zaizkigun burkideak gure oroimenean dira. Egun euren memoria ezabatzeko interes handiak dauden arren, Euskal Herriak askatasuna erdietsiko duenean jasoko dute merezi duten aitortza osoa.Izan ere, eroritako ETAko gudariak Euskal Herriaren ahalegin askatzaile luzearen protagonista garrantzitsuak izan dira, 36ko gerran borrokatu zuten gudariak eta, are lehenago ere, Euskal Herriaren zapalkuntzaren adierazpen ezberdinen kontra borrokatu zutenak izan diren bezala.Denarekin, beraiek buru eta bihotz urratutako bidea bururaino ibiltzea da eskaini diezaiekegun omenaldirik onena. Horretan ari gara, askatasunaren ametsa egia bilakatzeko ahalegin betean hain zuzen ere; gizon eta emakume librez osatutako Euskal Herri askea eraikitzeko bidean.Independentzia eta sozialismoa helburu, Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea izan da ETAren borrokaren ardatza. Hamarkadotan ezker abertzaleak egin du Euskal Herriaren eskubide demokratikoen defentsa, askotan bakardadean. Hala ere, zeregin hau Euskal Herriaren aldeko indarrekin partekatzea izan da beti ezker abertzalearen asmoa, herri bezala estrategia eraginkor bat garatzeko. ETAren proposamen ezberdinak asmo honen lekuko dira: Xibertan egindakoa, 98ko akordioan gauzatu zena edo 2004an aurkeztu zen Bergarako proposamena, besteak beste. Baina, tamalez, denbora luzez ez gara beste sektore politiko eta sozialekin estrategia bateratua adosteko gai izan.Zorionez, azken urteotan aurreratzen ari gara eta gero eta aliantza zabalagoa ehuntzen ari da. Egun erabakitzeko eskubidearen defentsa Euskal Herriko demokrata guztion topagune ageri zaigu, ideologia eta ibilbide politiko ezberdinetako herritarren eskuak lotzera iritsi delarik, Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik erraldoienean.Elkarlan nazionalerako oinarri sendoak jartzen ari dira eta ausardiarekin jokatzeko herri gogoa eta indarra egon badagoela erakutsi da. Aldarrikapenetik harago joateko baina, egoera eta aurrerabideen gogoeta partekatua egin behar delakoan dago ETA.Egoeraren inguruan, lau gako nabarmendu nahi ditugu:Erabakitzeko eskubidearen eztabaida nazioarteko agendan sartua dago, bereziki Eskozia eta Kataluniako prozesuen ondorioz, baina baita beste hainbat herriren aldarrikapenen eraginez ere. Gainera, herritarren hitzari adierazpide ematea eta erabakien demokratizazioa aldarrikatzen duten ahotsak gero eta ozenago entzuten ari dira. Beste herriekin batera indarra eginez, gure prozesua azkartzeko testuinguru historiko egokia dela ebatz genezake.Egun, ez orain ez epe motz-ertainean, ez dago Estatuekin erabakitzeko eskubidea bilduko duen inolako proposamenik adosteko aukerarik. Ez bederen herri honek aldebakarretik aurrera egiteko prestutasun osoa duela ikusiko ez duten bitartean. Estatuen esperoan gelditzea, beraz, erabakitzeko eskubidea eskuratzeko aukera baztertzea baino ez litzateke.Erabakitzeko eskubidea aldarrikapen hegemonikoa da Euskal Herrian, gero eta sektore zabalagoetara iristen ari dena. Gehiengo nahikoa dago prozesuan urrats erabakigarriak egiteko eta, eztabaidan eta ekintza zehatzetan sakondu ahala, indar berriak atxikituko direla aurreikus daiteke.Erabakitzeko gaitasuna Euskal Herrian izatea gero eta premiazkoagoa da, sektorez sektore eta auziz auzi ikusten ari denez. Madril eta Parisetik datozen inposizioak maila orotan eragiten ari diren sarraskien aurrean, herri gisa dituen beharrei eta herritarren beharrizanei erantzuteko baliabideak behar ditu Euskal Herriak.Luzaroan, erabakitzeko eskubidearen aitortza Estatuekin egin beharreko hitzarmenen ondorio gisa irudikatu izan da. Alta, Euskal Herriak urteotan metatu duen eskarmentuari eta Espainiako Estatuak behin eta berriz erakusten duen jarrera ez-demokratikoari erreparatuta, hamaika ezetz jaso eta gero, ikuspegia eraberritu eta aldebakarreko bideari ekin behar zaiolakoan gaude.Ondorioz, ETAk uste du erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesu demokratikoa abiatzeko tenorea dela: Euskal Herrian hausnartua, Euskal Herrian adostua eta Euskal Herrian egikaritua, prozesu konstituziogile baten gisara.Prozesu honi loturik mahai gainean dauden eztabaidak ez dira nolanahikoak: zer erabaki, noiz, nola... Hartara, ETAren iritziz Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen defentsan bat egiten duten indarren artean eztabaida nazionala zabaldu beharko litzateke, korapilo nagusiak identifikatu eta, denon artean, askatzen joateko. Eztabaida prozesu honen azken buruan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko Akordio Nazional zabal bat adostu beharko litzateke, dagozkion formulazio, epe eta programazioarekin.Euskal Herria bere etorkizuna idazteko une erabakigarrian dago. Euskal herritarron esku dago. Ardura historikoaz jokatzeko unea da, konpromisoarekin eta eskuzabaltasunarekin, eztabaida antzuak alboratuz eta herri gisa pentsatuz.

Ezker Abertzaleari mezua:

Datozen hilabeteak biziki garrantzitsuak izango dira askapen prozesuan aurrera egiteko. Erronka itzelak ditugu gure aurrean: aldaketa politiko eta soziala bultzatzen jarraitzeko, nazio eraikuntzan sakontzeko, langileen eskubideak borrokatzeko eta euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzeko, besteak beste. Horretarako ezker abertzaleak bere militante guztiak aktibo eta elkarlanerako prest behar ditu, eremuz eremu aliantzak egitea eta indarrak metatzea arrakastarako gakoetako bat izango baita.Testuinguru garrantzitsu honetan ETAk bi oharpen egin nahi dizkio ezker abertzalearen militantzia eta oinarri sozialari:Etsaiak bere jokabidearekin etsipenera eraman nahi baldin bagaitu ere, ahaleginari eutsi behar zaio. Ez dugu bide erraza aurretik; inoiz ez dugu izan. Baina askatasunerako bidea egiten ari gara eta gure indarretan sinistuz, ilusioarekin eta kemenarekin, lortuko dugu.Egungo estrategia kaltetu eta Askapen Mugimendua zatitzeko helburuarekin eusko gudarien memoria eta ezker abertzalearen ohiko ikur eta aldarrikapenak maltzurkeriaz erabiltzen ari direnek ez dute ETAren babesik. Are gehiago, ETAk oso kaltegarritzat jotzen ditu halako jarduerak.«Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten» konpromisorako deia biltzen duen leloa izan da hamarkadetan zehar. Egun lelo horri bide ematea inoiz baino garrantzitsuagoa da, Euskal Herria irabaz bidean jartzeko indar guztiak beharrezkoak baitira. Euskal Herriarengatik, dena eman dutenengatik, lotu borrokari!

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna

ETA

27/09/2014 19:24. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris