Blogia
orain

GONBIDATUA ZAUDE.Yoyes: aitzindariaren patua



ELIXABETE GARMENDIA

Gaur bezala, asteazkena zen irailaren
hamargarrena, duela 28 urte. Ordiziako Euskal Jaietako egun nagusia zen,
distiratsua eguraldiaren aldetik. Pilota partiden orduan, arratsaldeko bost eta
erdietan, zurrunbilo bat zabaldu zen: neska batek bere buruaz beste egin zuela,
frontoitik bertan, artean obretan zegoen plazan. Anjelita Katarainek, paseoan
zebilela, alaba zaharrenaren galtzetinak antzeman zituen estalita zegoen
gorpuaren oinetan; estalkia apur bat altxatu, eta… alaba bigarrena ikusi zuen
zerraldo: Yoyes. Haren semeak —artean lau urte bete gabea— azaldu zion
gertatua: «Amoña, amoña: bi gizon etorri dira, eta hil egin dute». Gauean,
etxean, Akaitzek izeba Gloriri adierazi zion ama «bakeroek» hil zutela.Hurrengo
egunean, Ordizian greba orokorra izan zen. Yoyes hilobiratu baino ordu batzuk
lehenago ETAk bere gain hartu zuen hilketa, hauxe leporatuz: «colaboradora en
los planes represivos del Estado opresor español y traidora al proceso de
liberación que el Pueblo Trabajador Vasco lleva a cabo».Yoyesen hilketak
izugarrizko zirrara eragin zuen; haren ispilu, egunkarietan azaltzen joan ziren
artikulu eta gutunak. Eta zirrara hartan, ehunka pertsonak sinatu zuten
izen-abizenez, publikoki, Yoyesen hilketa gaitzesten zuen idatzia (lehen aldiz,
ETAren ekintza baten kontra). Tabua erortzen hasita zegoen. Uholdea, artean, ez
zen ez zabala, ezta indartsua ere, baina bai irmoa bere xumean: mugarri bat
markatuko zuen. Borroka dialektiko hartan Herri Batasunako buruzagiek logika
eta hizkera militarrera jo behar izan zuten justifikazio bila: jeneralen arteko
kontu garbitze modura zuritu zuten ETAk Yoyes hil izana. Gizalege zibiletik
—gizalegetik— ez zegoen hura esplikatzerik.Eskerrak jasota utzi zizkigun
Yoyesek bere gorabeherak: 1979ko irailean hasita —ETAtik irten zen garaia—,
azkenera arte itsatsi zituen, egunerokoan, bere bilakaera pertsonal,
intelektual, sozial eta politikoaren giltzak. Nahiak eta ezinak, zalantzak eta
ziurtasunak, beldurrak eta pozak, lotako ametsak eta besteak… Idatzi haiekin
eta gertukoen lekukotasunekin osatu genuen Yoyes desde su ventana liburua
(1987). Hori irakurrita batek baino gehiagok aldatu du Yoyesen ibilbideari
buruzko iritzia, eta jabetu da ETAk eta haren inguruak egindako basakeriaz.Beste
idatzi batzuk ere utzi zituen Maria Dolores Gonzalez Katarainek. Gutunak,
adibidez. Bat hedabideetara bidaltzeko asmoz egin zuen, 1985eko urrian, bere
etorrerak bi bandoetan (batetik, Espainiako gobernua eta haren hedabide
bozeramaleak; bestetik, ETAren inguruko mundua) piztutako interpretazio
interesatuei erantzunez. Beste gutun batean dio zerbait gertatuko balitzaio
errua ETArena izango zela. (Ez al da ikaragarria burkide izandakoen mehatxupean
sentitzea? Eta edozertarako gai direla jakitea?).Geroztik, hainbatek eman
dituzte Yoyesen pauso haien antzekoak. Asko —oraindik nahikoa ez— etorri ahal
izan dira herrira, etxera. Eztabaidak bai, badaude, itzultzeko moduari buruz,
baina —zorionez— ez da paretarik zikindu txibato salaketarekin; kolaborazio eta
traizio hitzak hautsak hartuta dauzka; jeneralen arteko dueluak ahaztuta daude;
ez du inork biziarekin ordaindu behar erakundea uztea edota autokritika egitea…
Izan ere, suzko armak isildu ahala, besteak ere kamustu egin dira. Gauzak
doazen bezala, geroz eta garbiago ageri da Yoyesen errua azkarregi ibiltzea
izan zela, aitzindari izatea.Gaur, urtero bezala, hil zuten tokian loreak
egongo dira; hantxe, Barandiaran plazan —herritarrek Yoyesena deitzen diote—,
Picassoren lore sortak markatzen duen harlauzan; esaldi honekin: «adostasun eza
agertzen ausartzeagatik eta askatasuna usatzeagatik».




0 comentarios