Blogia
orain

NI,ZU TA BIOK.Beti ur gainean (Emilio Botín hil da)

JAKES GOIKOETXEA

Zipriztindu bai. Busti pixka bat, ere bai.
Hondoratu, ez. Beti ur gainean dabil Emilio Botin. Badaki zer den auzipetuta
egotea, baina salaketa guztietatik onik atera da, hainbat harreman politiko eta
ekonomiko direla medio. Azkeneko kasua artxibatu egin dute, aste honetan
bertan.2010ean, HSBC Private Bank Suisse bankuko langile ohi batek ezkutuko
kontuei buruzko informazioa eman zien Frantziako agintariei. Tartean hainbat
espainiar zeuden, botindarrak, esaterako: Emilio eta Jaime Botin anaiak eta
bakoitzaren bost seme-alabak. Baita Artur Mas Generalitateko presidentearen
aita ere. Espainiako Zerga Agentziak 659 ustezko iruzurgile ikertu zituen.
3.000 kontu baino gehiago ziren, eta, guztira, 6.000-8.000 milioi euro artean
zeuzkaten Suitzan.Zerga Agentziak egiaztatu zuen botindarrek ez zituztela kontu
haiei zegozkien pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) eta ondare
zerga ordaindu, 2005 eta 2009 artean. Zerga Agentziak, baina, iruzurgileen
kontrako zigor prozedura abiatu ordez, Emilio Botini eta senideei jakinarazi
zien iruzurra aurkitu zuela, eta eskatu zien ordain zitzatela zegozkien zergak,
atzerapenarekin bazen ere, aitorpen osagarrien bitartez. Ogasun Ministerioko
teknikoek eta ikuskatzaileek diote normalean iruzurgileei ez zaiela halako
aukerarik ematen.Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak botindarren aurkako salaketa
aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, iazko ekainean: alde batetik, 2005eko zerga
delituak baliorik gabe geratzeko arriskua zegoelako; beste alde batetik, Botin
familiak aurkeztutako agiriak ikertzeko denbora behar zutelako. Auzitegi
Nazionalak salaketak onartu egin zituen. Urte eta erdi geroago, auzia artxibatu
egin du. Baina onartu du «ezinezkoa» izan dela dena egiaztatzea Botin familiak emandako
agirietan oinarrituta.Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du botindarren
kontrako auzia, beren egoera arautu dutelako, 2005 eta 2009 artean ordaindu ez
zituzten zergak 2010ean ordaindu zituztelako. Sententzia ez da irmoa, eta
kontrako helegitea aurkez daiteke hiru hilabete baino lehen.Epaileak, Fernando
Andreuk, dio botindarrek Zerga Agentziak ikerketa eta egiaztatzea abiatu
aurretik arautu zutela beren egoera. Espainiako Gobernuak eman baitzien abisua.
«Beren borondatez» eta Zerga Agentziaren jakinarazpena jaso gabe ordaindu dute,
familiako abokatuen arabera. Guztira, 200 milioi euro inguru ordaindu zituzten
zergetan. Kontuetan, 2.000 milioi euro zeuzkaten. Ez zuten isunik ordaindu.Kasuak,
Gestharentzat, baieztatu egin du Espainiako Gobernuak Emilio Botinen eta HSBCko
ezkutuko kontuen 659 jabeen alde egin zuela. Espainiako ogasuneko teknikarien
sindikatua da Gestha. «Prozedura arauz kanpokoa izan zen, gainerako zerga
ordaintzaileei aplikatzen zaienekiko ezberdina», Jose Maria Mollinedo Gesthako
idazkari nagusiaren iritziz. Izan ere, Zerga Agentziak aitorpen osagarriak
egiten utzi zien, zigor prozedura abiatu ordez. «Larriena aukeratutako
prozedura izan da, iruzurra egin zutenek azkenean deliturik ez egitea
ahalbidetu duelako», salatu du Mollinedok.Zigor prozedura lehenago abiatuz
gero, aitorpen osagarriak zigorraren aringarri izango lirateke; baina
aitorpenak zigor prozeduraren aurretik egin zituztenez, ez dute zigorrik
jasoko, ez administratiboa, ez penala.Espainiako Gobernuak Botin familiari
aitorpen osagarriak egiteko aukera eman ez balio eta zuzenean zigor prozedura
abiatu izan balu, zigorra oso gogorra izan zitekeen: urtebete eta bost urte
arteko kartzela zigorra, iruzur egindako kopuruaren halako seiko isuna, eta bankari
lanetan aritzeko debekua.Emilio Botinek eta haren senideek esan du dute HSBCko
kontuak aitak zabaldu zituela —Emilio Botin zena—, 1936an, Espainiako gerratik
ihesi Suitzara joan zenean. Familiaren ondarearen zati handi bat eraman zuen.

Gobernuaren agindua

 Botere politikoek eta judizialek beste kasu
batzuetan ere egin izan dute Emilio Botinen alde. 1996an Maria Teresa Fernandez
de la Vega Justizia estatu idazkariak estatuaren abokatuari agindu zion ez
zezala auzitara jo Santander bankuaren kontra, maileguak lagatzeari buruzko
ikerketan. Esku hartzea frogatuta dago: Rodrigo Rato Ekonomia ministro ohiaren
defentsak aurkeztu zuen agiria epaiketa batean.2002an Teresa Palacios Auzitegi
Nazionaleko epaileak berriro zabaldu zuen maileguak lagatzeari buruzko kasua,
Emilio Botinen eta Santander bankuko hainbat kontseilariren kontra. Agiri
ofizialetan etenik gabe iruzur egitea eta Ogasun Publikoaren kontrako 30 delitu
egitea leporatu zien.Fiskalak kasua artxibatzeko eskatu zuen. Herri akusazioak
bakarrik eskatu zuen ahozko epaiketa egiteko. Ondoren, Auzitegi Nazionaleko
zigor aretoak Emilio Botin ez epaitzea erabaki zuen, herri akusazioak bakarrik
eskatzea ez zela nahikoa argudiatuta. Egunkaria auzia-n ez zuen irizpide hori
aplikatu, eta epaiketa egitea erabaki zuen.Auzitegi Nazionalak 2005ean ere
auzipetu zuen Botin, Jose Maria Amusategiri eta Angel Korkostegiri hainbat
milioi euroko ordainak emateagatik. Santander eta Central Hispano bankuek bat
egin zuten 1999an. SCH sortu zuten. Bankua utzi zutenean —Botinen esku geratu
zen botere guztia— Korkostegi lehendakariorde eta kontseilari ordezkariari
108,1 milioi euroko kalte-ordaina eman zioten; Amusategi lehendakarikideari
47,75 milioi eurokoa. Auzitegi Nazionalak esan zuen ordainketa egiteko ahalmena
zutela, eta ez ziotela kalterik egin bankuaren akziodunei.

0 comentarios