Facebook Twitter Google +1     Admin

GUTUNAK.Adiorik ez

LAURA MINTEGI

Irailaren lehenetik aurrera Legebiltzarrean baino, unibertsitatean egongo naiz berriz ere. Garai bati amaiera emateko unea heldu da eta beste bati hasiera ematekoa.Ilusio handiaz ekin nion EH Bilduren egitasmo politikoari, eta ilusio berberaz segituko dut bizitzen politika, oraingoan unibertsitatetik eta kulturgintzatik, beti egin bezala.Bi urte hauek oso aberasgarriak izan dira. Luxua izan da lan egin ahal izatea taldeko parlamentari, idazkari, aholkulari eta kazetariekin. Jende fina. Baina, batez ere,jendeari eskertu behar dizkiot hurbiltasuna eta adierazitako maitasuna. Ez da egunik pasatu norbait hurbildu ez zaidanik, beti aupada emateko, aholkua edo iradokizuna eskaintzeko, taldekideek egiten duten lana eskertzeko. Ia beti irribarre batekin. Askotxo izan dira galdetu didatenak ea zergatik egiten zitzaien ezaguna nire aurpegia, ea erizaina naizen, kutxa bateko langilea edo dependienta arropa-denda batean. Egon da azkenean konturatu dena, askotxo pentsatu eta gero, eta sutsu esan didana: "ene bada, badakit! Badakit nor zaren, zu politikaria zara: Arantza Quiroga!". Pertsona horiei, irribarre zabala eskaini didaten hainbati, baita apur bat despistatuta ibili direnei ere, nire esker ona, zinez. Zuek guztiak zaituztet gogoan une honetan. Etapa bat amaitu da, baina oraindik ez da bukatu tourra. Jendeari bizimodu hobea emateko egiten dugu lan, jendarte justuago batean, non euskalduna izatea ez den zigortuko, emakume jaiotzeagatik inork ez dizun bizimodua mugatuko eta beste lurralde batetik etortzea ez den marjinazioaren sinonimo izango. Horixe da nahi eta behar dugun gizartea. Eta gauden lekuan gaudela, gutariko bakoitzari dagokigu beharra egitea helburuok lortzeko. Ezkerreko jendeak badaki erantzukizun politikoa norberarena dela, ardura ez dela delegatzen eta norbanakook kontsekuente izan behar dugula gure ideologiarekin. Ezkerrekoak izateaz gain independentistak ere garen heinean, gainera, dema polita dugu aurrez aurre. Erabaki dezagun nolako harremana nahi dugun auzokoekin, inguruko estatuekin, eta aurrera eraman ditzagun erabakiok.Tourra amaitu orduko tourmalet eta pic du midi batzuk gainditu behar ditugu oraindio, elkarlanean, indarrak bilduz. Prest nauzue nire garautxoa eskaintzeko, erizain,dendari edo irakasle gisa, gainontzekoekin batera. Beraz, adiorik ez eta bidean ikusi arte.

24/07/2014 13:12. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris