Facebook Twitter Google +1     Admin

GUTUNAK.ETAren Agiria Euskal Herriari

Euskal Herrian aro berri bat irekitzen ari gara. Biolentziaren eta zapalkuntzaren zikloa gainditu eta etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko aukeran datza aro berriaren gakoa. Horretarako, gatazka historikoaren behin betiko konponbidea osoki bideratzea dugu erronkarik nagusiena.

Aldaketa sakoneko garaia da:

Aro berria izanagatik ere, Euskal Herria oraindik bi zikloen artean aurkitzen dela esan dezakegu: ukazioan, zatiketan eta errepresioan oinarriturik agortuta baina itxi gabe ageri den estatuen ereduaren, eta Euskal Herriaren borondatearekiko errespetua ardatz izango duen agertoki demokratikoaren arteko erdibidean.

Bi zikloen arteko igarobidea egiteko benetako trantsizio demokratikoa burutu behar da Euskal Herrian. Elkarbizitza demokratikoa, besteak beste, honako hiru zutabe hauen gainean eraiki beharko litzateke:

- Konfrontazioaren ondorio guztien gainditzea.

- Eskubide politiko eta zibilekiko bermea.

- Orube demokratikoa eraikitzeko akordioa, edozein proiektu politikoren egikaritzea, independentzia barne, euskal herritarren hitza eta erabakiaren esku egon dadin.

Ahalegin horretan bete-betean sartuta dago Euskal Herria. Estatuen eta hainbat indar politikoren erresistentziak bidea zailtzen ari badira ere, ahaleginari eutsi behar zaio, konponbidearen aldeko indarren artean elkarlana sendotuz, indar berriak atxikiz eta estrategiak egokituz zailtasunak gainditzeko.

Aipatu trantsizioak eragile guzti-guztioi eragiten digu eta, aldaketa politikoak ez ezik, norberaren buruaren egokitzea ekarri behar luke ere. Tamalez, honetan ere erresistentziak nonahi ageri dira, alde guztien arteko elkarrizketak eta akordioak ezinezko bilakatzeraino. Izan ere, antiterrorista deiturarekin osatu ziren eta askapen mugimendua indargabetzeko helburua zuten itunei loturiko jarrerek eta estrategiek gidatzen dute oraindik orain alderdi gehienen jarduna.

ETAren eraldatzea fase berrira egokitzeko:

ETAk bide horren zatirik nagusiena egina du dagoeneko, erabaki historikoak hartu baititu azken urteotan. Euskal Herriaren eskubide demokratikoak eskuratzeko gure erakundearen borroka molde nagusia izan den borroka armatua bertan behera utzi dugu eta estrategia osoa eraberritu dugu.

Izan ere, urtetako borrokaren ondorioz, ETAk uste du baldintza aski dagoela herriak osoki bere gain har dezan Euskal Herriaren eskubideen defentsa. Hartara, Euskal Herria ukatu eta zapaltzen duten Estatuekiko konfrontazioa herri gisa burutzeko, indar metaketa eta herriaren aktibazioa tresna eraginkorrenak direla deritzogu.

ETAren erabaki nagusi hauen ondorioz, oihartzun publikorik izan ez duten beste barne aldaketa batzuk ere gauzatu ditugu azken urteotan. Halaber, konponbiderako elkarrizketetan bestelako urratsak adosteko prestutasuna agertu dugu.

Nolanahi ere, akordio horien zain egon gabe, agertoki berria sendotzeko eta erakundea eta egitura bera honetara egokitzeko erabakia hartu du ETAk. Horretarako, orain arte hartutako erabakiekin koherentea den eta askapen prozesuaren egungo fase historikoari erantzuten dion barne eraldaketa hasi du ETAk.

ETAren eraldatze hau azken barne hausnarketan ETAren militanteok berretsi ditugun bi konpromisotan oinarritzen da:

- Batetik, konfrontazio armatuaren fasea behin betiko amaitzeko konpromisoa.

- Bestetik, ETAren helburu estrategikoa den independentzia eta sozialismoaren defentsan jarduteko konpromisoa berretsi dugu, Euskal Herriaren biziraupena eta garapena eta euskal herritarren askatasuna eta eskubide guztiak bermatzen dituen proiektu bakarra dela iritzita.

Ezker abertzalearen eta herri mugimenduaren aitzindaritza:

Irekitzen ari garen aro berrian, ETAk bere ikusmoldea eskainiko dio Euskal Herriari eta askapen mugimenduak dituen erronken aurrean bere ekarpena egingo du, inor ordeztu gabe eta berari ez dagozkion zereginak bereganatu gabe.

Bada, ETAk uste du fase politiko honetan ezker abertzaleko gainerako antolakundeak eta herri mugimendua direla egun askapen prozesuak dituen erronkak aurrera ateratzeko subjekturik eraginkorrenak. Beraiek dute arazo zehatzen aurrean erantzuteko eta proposamenak aurkezteko ardura eta gaitasuna ere. Ezker abertzaleko antolakundeei eta beren militante guztiei dagokie, beraz, aitzindaritza beren gain hartu eta askapen prozesua fase honetan gidatzeko ardura.

Ondorioz:

1.- ETAk eraldatze prozesu sakon bati ekin diola jakinarazi nahi dio Euskal Herriari. Eraldatze prozesu honek konfrontazio armatuaren ziklotik konfrontazio politiko demokratikora doan igarobidea egitea du helburu; gure helburu politiko zilegiak erdiesteko bide politiko eta demokratikoetatik borrokatzen jarraitzeko egokitzea, alegia.

2.- Martxoan iragarri zen armategien zigilatze egiaztagarria eraldatze honen lehen zutabea da. Horrekin, armak eta leherkariak erabilera operatibotik kanpo utziz, armen auziari irtenbide koherente, egingarri eta osoa emateko borondatea adierazten dugu.

3.- Eraldatzearen bigarren zutabea ETAren egituraren egokitzapenari dagokio. Honako erabaki hauek hartu dira:

- Borroka armatuaren praktikatik eratortzen diren egitura logistiko eta operatiboen desegitea burutu da.

- Armategien zigilatzea burutzeko zeregina izango duen egitura tekniko-logistikoa osatzen ari da.

- ETAren zeregin politikoak burutzera zuzendutako egitura sendotuko da, bai eta bake prozesuan aurrera egiteko alde ezberdinen arteko elkarrizketak bideratzea helburu dutenak ere.

- Barne dinamikari dagozkion egokitzapenak burutzen ari dira, ETAren militante guztiak prozesuan partaide aktiboak izan daitezen, besteak beste.

- Barne funtzionamendua bermatzeko beharrezkoak diren egiturek bere horretan jarraituko dute.

4.- ETAren militantzia aipatu zeregin eta egituraketaren arabera antolatuko da.

5.- Honokoa bide baten hasiera dela deritzogu, konfrontazio politiko demokratikora egokitzeko eraldatzea bere osotasunean gatazkaren ondorio guztien gainditzearekin emango delarik:

- Euskal preso eta iheslari guztien etxeratzearekin, egun klandestinitatean dauden ETAren kideak barne.

- ETAren armagabetze adostu eta ordenatuarekin.

- Euskal Herriaren desmilitarizazioarekin, gatazkaren ezaugarrien aldatzearen ondorioz eta normaltasun demokratikorako oinarri gisa.

6.- Honekin guztiarekin, konfrontazio armatuaren fasea behin betiko gaindituko litzateke. Gatazka politikoa bere osotasunean konpontzeko baina, Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen artean bestelako elkarrizketa dinamikak garatu beharko lirateke, gatazka politikoaren jatorriari heldu eta berau gainditzeko akordioetara iristeko.

7.- Zabaldu dugun aroa Euskal Herriaren askatasunera iritsiko bada indar guztiak dira beharrezko. Horregatik, urteotan guztiotan ETA babestu eta bere jarduera bultzatu duten herritar guztiei orain arteko konpromiso eta erabakitasuna askapen mugimenduaren erronka berrien mesedetan jartzeko deia egin nahi diegu, ezker abertzalean antolatuz eta dinamika eta borroka ezberdinetan murgilduz horretarako.

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!

JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!

20/07/2014 08:51. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris