Facebook Twitter Google +1     Admin

ORAIN KALERA.Aberri Eguna Iruñean

MAIDER IANTZI (GARAkoa)
Sarasate pasealekuan, musika solemnea jarrita martxa mantso-mantso agertokirantz zihoala, irudi ederra ikusten zen Foruen monumentutik begiratuta. Aitzinean, ikurrin handi bat, Gazte Abertzaleak erakundeko kideek eusten zutena, tarteka «behera-behera-behera» eginez eta salto batean igoz jolasean; ondotik, pankarta berde bat, izarrarekin eta «Independentzia» gainean idatzita; eta honen gibelean bandera eta buru pila bat. Palestinakoa, Eskoziakoa, Kataluniakoa... eta, denetan handiena eta garaiena, Nafarroakoa, «Independentzia berriz ere» leloarekin dantzan. Aurrena ikur zuri, gorri eta berdea zihoala erran dugu, baina ez da guztiz zuzena, lehenago baitzihoan Bobo Otsagabiko inauterietako pertsonaia xelebrea, bere kasa saltoka, gustura.Emakume batek ahopeka jarraitzen zuen belarriak laztantzen zituen doinu solemnea; bertze batek, berriz, irrintzi batekin puskatu eta tinpanoa lehertu zigun ia.Hala hasi zen martxa bukaerako ekitaldia, irrintzien bidez barrenak hustuz eta aldarrikapenak kanporatuz, indartsu. Eta hitzekin jolasean: «Herria, demokrazia, askatasuna, eskubideak, lana, etorkizuna denontzat». Solas horiek guztiak -eta aunitzez gehiago: justizia soziala, berdintasuna, aberastasunaren banaketa, babes soziala, euskara, euskal kultura...- praktikara eramateko «alternatiba bakarra» independentzia dela deritzote. Horretxegatik aldarrikatu zuten: «Gehiengoaren nahia, independentzia».Txutxi Ariznabarreta bozeramaileak bere hitzaldian aitortu zuenez, aukeratutako leloak badu probokazio puntu bat agian, baina independentzia ez dela zerbait abstraktua eta hutsa eta euskal herritarron gehiengoaren nahi eta beharrei lotuta dagoela adierazi nahi izan zuten. Azaldu zuenez, Sarearen azken konferentzian erronka zehatza jarri zuten mahai gainean: «Independentziaren aldeko gehiengo zabala osatzea, euskal Estatuaren eraikuntzarako subjektu berria osatzea, eta gehiengo zabal hori egoki planteaturiko prozesuaren baitan aktibatzea». Subjektu berri horri begira prestatu zuten eguna.Unionistei eta, bereziki, bezperan adierazpenak egin zituen Patxi Lopezi erantzunez, Ariznabarreta hala mintzatu zen; gaztelaniaz, ongi uler zezaten: «Independentziak euskal gizartean gatazka, zatiketa eta haustura ekarriko lituzkeela esaten digute, Euskal Herrian aniztasun handia dagoelako. Eta estatuak aurkezten dizkigute aniztasun horren bermatzaile bezala. A ze astakeria! Estatu espainol eta frantsesak ez dute-eta aniztasuna inoiz errespetatu, ezta errespetatuko ere!».Sareko kideak garbi utzi zuen: «Euskal estaturik gabe, ez dago etorkizunik».

Mezua diasporatik
Herria, maitasuna eta euskaltasuna hitzekin lotuz oroitu zituzten euskal diasporako lagunak, eta Mariana Fernandezek Buenos Airesetik bidalitako grabazioa jarri zuten: «Argentinatik besarkada bero-bero bat. Gora Euskal Herria askatuta! Gora independentzia!», eta ziztada bularrean, lehenbiziko lerroan, ukabilak altxatuta oihuka ari ziren adineko gizonei so egitean bezala.Elkartasuna eta askatasuna hitzek Eskoziara eta Kataluniara eraman zituzten Iruñean bildutakoak. Handik ere iritsi zen mezu bana, ekainaren 8an hiriburu hau eta Durango besarkada handi batez lotzeko erronkan zorte ona opaz. «Guk ere lortuko dugu, gure esku dago!», oihukatuz animatu zituen herritarrak Ariznabarretak.Martxaren hasierara bueltatuz, goizean xira eta motxila hartuta ikusten zen lagun ugari, taldeka, bikoteka, banaka... Erraz identifika zitezkeen, pauso irmoz zihoazelako, helmuga garbi batekin: Golem. Aunitzek zapi berdea zeraman, edo pegatina, bandera... Edozein aldarrikapen ikur. Manifestazioa hasteko zain, aurreneko lerroan gogotsu zeuden Urretxutik etorritako Pili eta Josune. Autobusez egina zuten bidaia. «Normalean beti etortzen naiz, pentsatzen dudalako Euskal Herria herri bat dela eta bere eguna ospatu behar duela. Ez digutenez herri bat izaten uzten, gure eskubideak aldarrikatzera etortzen naiz», azaldu zuen Josunek.Martxa bukatu eta herrira bueltatzeko asmoa zuten, hainbat jende bazkaltzeko elkartu, abestu eta han ere giroa jartzeko, ekitaldia Iruñean izanda ere, Euskal Herri osoan ospatzen baita Aberri Eguna. «Gure eskubidea da eta ea lortzen dugun herri bat izatea», zioten.Oier, Mikel eta Gazte Abertzaleetako bertze kideek ikurrin erraldoi bat zabaldu zuten, martxari hasiera emanez. Kontatu zutenez, erlazio handia dute Independentistak Sarearekin eta poz-pozik hartu zuten laguntzera etortzeko eta bandera eramateko gonbidapena. Txaloka ekin zioten bideari, txistu eta danbolin soinuarekin, tronpetekin, irrintziekin... Garrasia, bakarra: «Independentzia», bidean aitzinera egin ahala «Etorkizuna, independentzia» bilakatu zena.Sestaoko Iñaki eta Pili bikoteak bandera berde txiki bat zeraman. Otsagabian daude egun batzuk pasatzen eta umeak lagun batzuekin utzi eta Iruñera hurbildu ziren. Zerbait jan eta laster bueltatu behar zuten, baina ez zuten hutsik egin nahi izan eurentzat ohitura bihurtu den hitzordura.Baiona etorbidearen amaieran etorri zen une hunkigarrietako bat: Altsasuko «Burutakzio» topaketetako gazteak espaloian zeuden zain, eta martxan zetozenek eta trenez iritsitako neska-mutilek txalo jo zioten elkarri. Hauek lelo gehiago ekarri zituzten.Ondarroako Jon Anderrek kontatu zuenez, ongi bukatu zituzten topaketak, hori bai, «oso nekatuta eta hanketan ia indarrik gabe». Bezperan parranda egin arren, 08.00etarako musika jarri zieten topera espabilatzeko eta 09.00etarako dena jaso eta 10.00etarako hartu zuten trena. Eguna Iruñean pasatu eta «apurtuta, guztia emanda» itzuli zen Ondarroara, lagun mordoa eginda eta «motibata».
21/04/2014 12:41. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris