Blogia
orain

NI,ZU TA BIOK.EAJk Aberri Egunean

Andoni Ortuzar/Euzkadi Buru Batzarreko Presidentea

Gaur dugu Aberri Eguna, bost kontinenteetan bizi garen euskotarrok gure aberriaren egun handia ospatzen dugun eguna, gure Aberri-Eguna. Shangaitik Londonera, Sydney-tik Buenos Aires eta Rosarioraino. Euskal Aberriaren abertzale garenok, zazpi euskal herrietako abertzaleok gure kopak altxatu eta "topa" egiten dugu gure Herriaren etorkizun eta askatasunaren alde.Aberri Eguna 1932 urtetik hona ospatzen dugu. Dena dela, urte hori baino lehenago ere, euskal abertzaletasunak hazia erein zuen gure abertzaleen bihotzetan, Euzkadin, Argentinan eta mundu osoko hainbat lekutan, Sabino Arana Goiriren abertzaletasun haziak lur on eta emankorrean erori zirelako. Datorren urtean ospatuko dugu Sabino Arana Goiri gure Alderdiaren fundatzailearen jaiotzaren 150. urteurrena .Lehen Aberri Eguna Bilbon ospatu zen Arana anaiak omentzeko modu gisa, Alderdiaren berrogeita hamargarren urteurrenean. 1933 urtean Donostian ospatu zen Euzkadi-Europa lemapean, eta duela 80 urte Vitoria-Gasteizen ospatu zen denontzako Autonomia Estatutuaren aldeko kanpaina barruan. Orduan ere, Oriol jauntxoak zuzentzen zituen arabar eskuindarrek Araba beste euskal herrialdeengandik banatu nahi zuten. 1935ean Aberri Eguna, han eta hemengo eragozpen eta arazoekin, Iruña zaharrean ospatu zen.Gerra amaitutakoan, greba nagusien ondoren (1947 y 1951) eta Agirre Lehendakariaren heriotzaren ondoren (1960), erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzak Gernikara deitu zuen Aberri eguna 1964 urtean, hau da,gaur 50 urte. Poliziaren kontrolpean ere, Aberri Egunak jendetza erakarri zuen eta parte hartzaileak zein polizia frankista geratu ziren harrituta. Horrek ere lagundu zuen Alderdia klandestinitatean indartzen.1932 urte hartatik gaur egunera arte, Aberri Egunen erdiak debeku arriskuaren mende egon dira.Errepublika garaian Aberri Egunetako aldarria osatzen zen gure aberriari egituraketa emateko baliabide eta tresna sendoak emango zizkion Estatutuaren aldeko borrokarekin. Diktadura aldian,ordea, gure helburu nagusia zen gure nazioa ito eta desegin nahi zuen erregimen zapaltzailea erauztea.Datorren urtean berrogei urte beteko dira diktadorea hil zenetik. Lau hamarkada hauetan gure herriak Autonomia Estatutua izan du eta Erakunde batzuk jarri ditu martxan zati batean, gure izaera nazionala berreskuratzen lagundu dutenak. Gure autogobernuari esker, ahalegin handia eginik, gure ekonomia eta ongizate maila hobetu ditugu. Euzkadi erreferentea da gaur egun. Baina, 35 urte geroago, Autonomia Estatutua txiki geratu zaigu: beharrak aldatu egin dira, Europak eta mundu osoak aurrera egin dute eta gure Herriak botere propio handiagoa eskatzen du .Testuinguru honetan, Legebiltzarrean Autogobernu Txostena eratu berri da gure estatus politikoa eguneratzea helburu. Lan horretan jarri dugu ahalegin osoa: gure Nazioa subjektu politiko dela aitortzea. Hori da gure oinarri ukaezina eta etengabeko aldarria .Dakizuenez, Europan, maiatzaren 25ean hauteskundeak egingo ditugu Legebiltzar berria eratzeko eta Izaskun Bilbao gure hautagaiaren agintaldi berriaren aldeko lana egingo dugu, gure Herriaren onerako izango delakoan. Euskadi gehiago nahi dugu eta, horrekin batera, Europa gehiago ere bai. Europan aldaketa denborak dira hauek Estaturik gabeko Nazioentzat. Eskoziarrek hitzordu garrantzitsua izango dute irailaren 18an. Guk galdeketa hori babesten dugu eta hurbileko jarraipena egingo diogu.Ziur nago. Euskadiri ere bere unea helduko zaio eta bere etorkizun politikoa erabakiko du, egoera ekonomiko egonkorrago batean eta urteotako bortxakeriak apurtu zuen adiskidetzea eta normalizazioa errealitate ukaezin denean. Euzkadiren etorkizuna euskal hiritarren borondate demokratikoan oinarritu beharra dagoela sinesten dugu, defendatu eta egikaritu behar dugun erabakitzeko eskubidean.Eta horretarako, elkarrizketa eta pertsuasioa izango dira erabili eta bideratu beharko ditugun tresnak .Jakitun gara zuotako asko erbestearen seme-alaba eta ilobak zaretela. Zuek zarete hamarkada luzeetan gure Herriaren kontra egin zen errepresio ankerraren biktima eta lekukoak. Inork ez zaituzte makurrarazi eta zuen arbasoen aberriaren gomuta eta pasioa mantentzen duzue. Zuen aberria ere bada, gu guztion aberria. Aurten ospatuko dugun Aberri Egunean gure Herriaren askatasunaren aldeko urrats berria emango dugulako itxaropen eta ilusioarekin,
Gora Euzkadi Askatuta!!!

Andoni Ortuzar

Euzkadi Buru Batzarreko Presidentea

0 comentarios