Facebook Twitter Google +1     Admin

GUTUNAK.ETA-ren agiria Euskal Herriari

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, azken asteotan jazo diren gertakari garrantzitsuen harira, honakoa adierazi nahi dio Euskal Herriari:
Euskal Herria eta Espainiako Estatuaren arteko talka agerian gelditu da beste behin ere. Euskal Herrian konponbidean aurrera egiteko urratsak ugaldu diren bitartean, Espainiako Estatuak hauek ezintzeko eta itxaropen oro zapuzteko indarkeriazko tresneria guztia abian jarri du.
Blokeoaren aurrean, konponbidearen aldeko konpromiso berriak:
Konponbidearen aldeko urratsetan, bake prozesua bultzatzeko batzordearen sorrerak mugarri garrantzitsua ezarri du. Izan ere, Foro Sozialaren ondorioz argitaratu adituen gomendioak, adierazpen soila baino, alde ezberdinen arteko elkarlanerako eta akordiorako tresna izan daitezen funtsezko ekarpena egin dezake batzordeak.EPPK-ren ekimena, bere aldetik, konpromiso handiko urratsa izan da, alde anitzek aitortu dutenez. Estatuek prozesua espetxetan lokaztu nahi dutela ikusita, ausardiarekin eta erabakitasunarekin jokatu du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. Horrela, prozesuarekiko konpromiso argia agertzearekin batera, erabaki historikoak hartu ditu euskal eragileekin adostasunetara iritsi eta konponbideari aukera berriak zabaltzeko.
Ildo beretik, berriki kaleratu diren preso ohien agerraldiaren garrantzia nabarmendu behar da. Urte luzez bahituak izan eta gero (baita legez kanpo ere, Estrasburgoko epaiak ebatzi duenez), aurrera begira jarri eta garai politiko berriarekiko eta konponbide prozesuarekiko erabateko konpromisoa adieraztea lehen mailako ekarpen politikoa dela deritzogu.
Espainiako Estatuak, konponbideari eraso:
Konponbidean eginiko urratsei erantzutera etorri da Espainiako Estatuak EPPK-ren Bitartekari Taldeko kideak atxilotuz eta Tantaz Tanka ekimenak antolatutako mobilizazioa debekatuz gauzatu duen erasoa.Alde batetik, EPPK-ren aurkako zuzeneko erasoa izan da:Bitartekari Taldearen espetxeratzeak EPPK-k euskal eragileekin zabaldu nahi dituen harremanak zaildu eta EPPK-ren ekimen politikoa indargabetzea bilatzen du.Aurretik Herrira erasotu eta legez kanporatu zutenean bezala, oraingoan erraldoi aurreikusten zen mobilizazioa debekatuz euskal preso politikoen giza eskubideen eta etxeratzearen aldeko aldarria isilarazi nahi izan dute.Euskal preso politikoen egoera usteltzeko eta euren eskubideak urratzen jarraitzeko estrategian sakontzera datozen erasoak dira, beraz.Beste aldetik, erasoek konponbide eta bake aukerari zuzenean eragiten diete, gerraren logika elikatzera baitatoz:
Babes zabala jaso eta ilusioa piztu duen EPPK-ren ekimen politikoari, haren bultzatzaile izan direnak atxilo hartuz, Espainiako Estatuak itxaropenerako tokirik ez dagoela adierazi nahi izan du. Gertatzen dena gertatzen dela, Espainiako Estatuak ohiko ildo zapaltzaileari eutsiko diola, hain zuzen.Espainiako Estatuak euskal herritarren borondateari erantzuteko mehatxua eta indarkeria beste eskaintzarik ez du.Euskal jendartean konponbide eta bake nahia nagusi denean, Espainiak armatutako dozenaka guardia zibilen irudia jarri nahi izan du agertoki politikoaren erdigunean.Azkenik, Urkullu EAEko lehendakariarekiko mespretxua ere izan dela uste dugu. EPPK-ren Adierazpenaren ondotik, Urkulluk Espainiako presidenteari bilkura eskatuko ziola iragarri eta gero, Espainiako Gobernuak mezu argia helarazi dio: «euskal auziari» dagokionez Espainiako Gobernuak Guardia Zibilarekin zehazten duela bere ildoa. Edo bestela esanda, herritarren borondatea bezala, EAE-ko lehendakariaren iritzia ere hutsala dela Espainiako Gobernuarentzat.
Erantzun bateratua, itxaropenari eusteko inflexio unea:
Testuinguru honetan, «Giza eskubideak, konponbidea, bakea» lelopean konponbidearen aldeko indarrek egin zuten deialdi bateratua ardura eta konpromiso politiko handiko urratsa izan da. Egoerak eskatzen zuen tamainako erantzuna izateaz harago, euskal jendartearen sektore zabaletan itxaropena piztu du eta aurrerabidea marraztu du.Herritarren erantzunak leloak biltzen duen atxikimendu maila eta bide horretatik aurrera egiteko dagoen gogoa adierazten ditu, deitzaileen oinarri sozialetatik harago doazenak.ETAren ustez, urrats honek inflexio une bat ezarri beharko luke. Izan ere, azken erasoak «salbuespen-une» gisa izendatu diren arren, indarkeriaren bidez salbuespen egoera aspaldi ezarria da Euskal Herrian.Urratsaren eraginkortasuna ikusten hasia da, gainera. Orain arte prozesuaren blokeoarekin eta konponbidearen aldeko indarren zatiketarekin eroso zeudenak urduri jarri dira. Hasitako bidea geldiarazteko ahalegin guztiak eta bi egingo badituzte ere, herri bultzadak behartuta dagoeneko diskurtso batzuk egokitzen hasiak dira eta gero eta gehiago dira Espainiako Gobernuaren ildoa desegokitzat jotzen dutenak.Konponbideak indar politiko guztien beharra du. Argi gelditu da, ordea, aurrera egiteko modua ez dela egun konponbidea nahi ez dutenen exijentziak etengabe asetzen ahalegintzea edota euren betoa onartzea. Horrela jarrera ezkorrak errotu besterik ez dira egiten. Sektore horiek mugiarazteko eta konponbidera erakartzeko modu bakarra, konponbidearen aldeko dinamikan aurrera egitea da, euskal jendartearen bultzadarekin.
Espainia eta Frantziako Estatuen ezezkoen aurrean, Euskal Herrian dago gakoa:
Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio erraldoienari ohiko harrokeriaz erantzun dio Espainiako Gobernuak: ez mobilizazio batek ez bik ez dute Espainiako Gobernuaren politika aldaraziko. Areago, PP-ko agintariak eraso gehiago iragartzen ari dira.Frantziako Estatuak, berriz, isilik dirau. Ohi gisan, gertatzen ari dena berarekin zerikusirik izango ez bailuke. Bitartean, baina, konponbidearekiko jarrera ezkorrari eusteaz gain, euskal preso politikoen giza eskubideak urratzen jarraitzen du.Honek guztiak Espainiako Gobernuarekiko harreman diskretuen bidez egoera zuzendu daitekeelako ustea irudikeria baino ez dela agerian utzi du. Espainiaren ezetza entzutera joan baino, Euskal Herriaren baietza erdigunean eta gauzatze bidean jartzeko ekinbidea zehazteko unea da.Horretarako, adituen gomendioen gainean abiatu daitekeen lana, EPPKren konpromisoari eman dakioken garapena, konponbidearen aldeko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek erantzun bateratuta antolatzean erakutsi konpromisoari eman beharko litzaiokeen jarraipena eta herritarrek erakutsitako babesa, besteak beste, oinarri sendoak dira. Oinarriak jarrita, aurrera egiteko erabakitasunez jokatzea dagokigu eragile guztioi.
Konponbiderako euskal agenda:
Manifestazioaren leloak konponbiderako euskal agenda garatzeko hiru osagaiak biltzen ditu. ETAren ustez, garrantzitsua litzateke:
«Giza eskubideak, konponbidea, bakea» leloak Euskal Herrian biltzen duen atxikimendu maila erakustea eta gero eta aldarri ozenagoa bilakatzea.Gaur eta hemen gertatzen ari diren giza eskubideen urraketekin lehentasunez bukatzea:Oldarraldi errepresiboei erantzuteko.Espainia eta Frantziako indar armatuen jarduerari muga jartzeko. Noizko Espainia eta Frantziako estatuen armagabetzea?Eskubide zibil eta politikoen urraketak ezintzeko.Euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak gainditzeko.Euskal Herrian konponbidea nahi dutenen artean elkarrizketa prozesu zabala abiatzea, konponbidean aurrera egiteko adostasunetara iristeko helburuarekin.Bake egonkor eta iraunkorra lortzeko, Euskal Herrian adostutakoa Espainia eta Frantziako estatuen aurrean aho batez eta tinko defendatzea.ETAren iritziz, oinarri hauen gainean abian jarri beharko liratekeen jarduerek euskal lurralde osoa eta eremu guztiak barnebildu beharko lituzkete, eremu politiko-instituzional, sozial eta sindikalaren nahiz herritarren parte hartzea bermatuz.
ETA-ren konpromisoa:
ETAk gainerako eragileei une garrantzitsu honetan eskatzen dien ardura eta konpromiso maila bera ezartzen dio bere buruari. Ez da beha geratzeko unea, nork bere hondar-alea jarriz, etorkizuna bakean eta askatasunean eraikitzeko erronka kolektiboa erabakitasunez elikatzekoa baizik. Horrela:Luze gabe prozesua elikatzeko ekarpen esanguratsuak egiteko konpromisoa hartzen du ETAk.
Konponbidea eta bakea lortzeko helburuarekin antolatu daitezkeen elkarrizketa edo negoziazioetan parte hartzeko gure prestutasuna adierazi nahi dugu. Horietan gure ikuspegia eskaintzeko eta, konponbide integralerako osagaien artean, gure erakundeari zuzenean eragiten dizkioten auziak elkarrizketen agendan sartzeko konpromisoa hartzen dugu.
Bake prozesua bultzatzeko batzordeak horretarako aukera eskaintzen duelakoan, berarekin harremanetan jarriko dela jakinarazi nahi du ETAk.
Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskal Herrian, 2014ko urtarrilaren 29an
Euskadi Ta Askatasuna-E.T.A.
06/02/2014 15:55. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris