Blogia
orain

ORAIN KALERA.EPPKren preso ohiek,herriaren aurrera

ORAIN KALERA.EPPKren preso ohiek,herriaren aurrera AITZIBER LASKIBAR Berriakoa
Mezu baikorra eman nahi zuten. Eraikitzailea. Eskuzabal aritu, eta konponbideari begirako ekarpena egin. Beraien inguruan nahastu dituzten urak baretu. Ondo neurtua zegoen dena, hargatik, Durangoko Plateruenan. Patxadaz aritu dira EPPKren bitartekariak eta duela gutxi askatu dituzten arte EPPK-ko kide izan direnak. Triunfalismo keinurik ez dute erakutsi hedabideen aurrean; haien arteko agur berorik ere ez. Guztia zen ondo zaindu beharrekoa mezua ondo uler zedin. Alde horretatik, esanguratsuak izan dira preso ohiek esandako lehen hitzak: «Kontziente gara gure hitzek sentimendu kontrajarriak sor ditzaketela, bati baino gehiagori ezinegona sortuko diotela. Hartara, arduraz arituko gara, borondate eta ikusmira baikor eta eraikitzailean, hainbeste urteren ondoren berriro ezagutzen ari garen errealitate sozial eta politikoari ekarpen xumea egiteko konfiantzarekin».Prentsaurrekoan parte hartu duten 80 lagun ingurutik 60 bat ziren azken hilabeteetan kaleratu dituzten preso ohiak. Asko, Estrasburgok 197/2006 doktrina baliogabetzearen ondorioz askatu dituztenak. Urte luzetan «salbuespen lege eta neurrien jomugan» izan direla adierazi, «sakabanaketak eragindako heriotz eta minaren lekuko» izan direla kontatu, eta EPPK-k atzo zortzi kaleratutako agiriaren norabidea hartu dute: «Gatazka politikoaren ondorioak ere badaramatzagu gure baitan, borrokaren lekuko eta subjektu izan baikara, jasan eta eragindako sufrimendua- ren hartzaile zuzen izan garen bezala; halaxe aitortzen dugu».2012ko urrian askatu zuten Itziar Martinez aritu da euskaraz preso ohien izenean. Gazteleraz, 197/2006 doktrina baliogabetuta askatu berri duten Antxon Lopez. EPPK-k hartutako erabakiekin «erabateko adostasuna» azaldu dute. «Ezker abertzalearen ekinbidez irekitako jokaleku politiko berriarekiko gure konpromisoa erabatekoa da». Minaren aitorpena ere egin dute: «Gatazka politikoaren ondorioekiko guri dagokigun erantzukizun osoa onartzen dugu».Gatazkaren konponbidea hizpide hartu, eta lortuko bada «ikuspegi integraletik garatuz» etorriko dela ohartarazi dute: «Gatazkaren erro politikoari helduz, eta hori euskal herritarrok gure geroari buruz erabakitzeko dugun eskubidean datza». Hartara, normalizazio politikoak erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea eskatzen duela ohartarazi dute.Era berean, «ondorio guztiak» konponbidean jarri beharko direla esan dute; beraz, baita presoen egoera ere. «Kolpe batean multzo handi bat kaleratu gara», adierazi dute. «Baina multzo handiagoak Frantzia eta Espainiako espetxetan jarraitzen du oraindik, eta egoera konpontzea premiazkoa da». «Gatazka armatuaren aroa amaitzearekin batera, haren ondorio guztiak konponbidean jarri behar dira». Salbuespen neurriak bertan behera utzi eta sakabanaketa lehenbailehen amaitu beharra aldarrikatu dute: «2014 honetan, sakabanaketaren 25. urteurrenak espetxe politikaren aldaketa ekarri behar du. (...). Presoak Euskal Herrira ekarri behar ditugu, eta azken presoa etxeratu».Herritarrei mintzatu zaie bide horretan lagun dezatela eskatzeko: «EPPK-k iniziatiba politikoa erakutsi du; orain jendartearen momentua da, kalearen momentua». Izan ere, preso ohien ustez, horrek ahalbidetuko du egungo «blokeoa pitzatu eta urratzea». Herritarrei, eragile sozial eta politikoei, alderdi eta instituzioei elkarlanean aritzeko deia egin die: «Guztion ahaleginarekin Espainiako eta Frantziako gobernuak mugiarazi behar ditugu».Bide horretan, EPPK-k urrats handia egin duela azaldu dute, eta nabarmendu mugimendu horien «balioa». Kolektiboak «euskal eragile sozial eta politikoekiko konpromisoa» adierazia duela gogorarazi dute, eta emaitzak iragarri dituzte: «Aurrera begira, ezbairik gabe, eremu zabala irekitzen du, eta beste eragile inplikatuekin batera mugimendu berriak ekarriko ditu». «Guk, EPPK-k aurrerantzean egingo dituen urrats eta ekintzak kanpotik bultzatzeko gure konpromiso pertsonala ere adierazten dugu», gaineratu dute. Era berean, «zapalkuntza gainditzeko» eta «askatasuna lortzeko» lanean jarraituko dutela adierazi dute, «maila sozial, ekonomiko eta politikoan topatu dugun gizarte aldatuan, herrikideekin eskuz esku».Hori guztia konponbideari eta ezker abertzaleak hartutako bideari egindako ekarpen gisa ulertzen dute preso ohiek, eta horretan murgilduko direla azaldu dute: «Gutako bakoitza ur tanta gara, itsasoa mugitzen laguntzeko. Daukaguna eskaintzen dugu: gure esperientzia eta bizipenak gatazkaren konponbideari begira eta proiektu politiko demokratikoaren mesedetan jartzen ditugu. Askapen prozesuan, ezker abertzalearen hautu politikoan, ekarpen xume eta eraikitzailea egiteko erabakitasuna dugu».
EPPKren bitartekariak ere aurrera begira jarri dira, eta jarrera suntsitzaileak baztertzeko deia egin dute. Zigorra betea zuten presoen kaleratzeak «drama eta derrota politiko gisa» hartu dutenen «kanpaina politikoa» salatu dute. 20 eta 30 urte arteko espetxealdiak «zigor gogor eta erantsia» direla adierazi dute; ez dela «inpunitatea». Aldiz, «gatazkaren beste aldean» presorik ez egoteak estatu aparatuek inpunitate osoa dutela erakusten duela deritzote.Edozein kasutan, baikortasunez jarduteko gonbita egin dute Estanis Etxaburuk eta Arantza Garbaiok EPPKren bitartekarien izenean: «Presoen kaleratzeak modu positibo eta eraikitzailean hartuak izan daitezen deialdi arduratsua egiten dugu, apaltasunetik gatazkan parte izan denak asko du-eta ekartzeko gatazkaren konponbidean aurrera egiteko». Preso ohien hitzak ekarpen gisa entzuteko eskatu dute, hargatik, gonbidatuei hitza eman aurretik.Bestalde, «datozen asteetan» EPPKren hausnarketaren ondorioak «euskal eragile sozial eta politikoekin jorratzeko konpromisoa» hartu dute.
PEDRAZ EPAILEA:"ASKEAK DIRA ETA BILERA AHAL DUTE"
Durangoko ekitaldia hasi baino orduerdi lehenago eman zuen ebazpena Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak, ekitaldia baimenduz. Espainiako Konstituzioaren arabera, biltzeko eta manifestatzeko eskubideak ez duela aldez aurreko baimenik behar dio bertan. «Hori erregimen diktatorialetan bakarrik gertatzen da». Ez du ekitaldiaren deialdian delitu zantzurik ikusten: «Deitzaileek hilaren 28an EPPK argitara emaniko komunikatua baloratu nahi dute, eta hori, berez, ez da inor gorestea». Deialdiari buruz ari da Pedraz, eta argi uzten du «oso bestelakoa» litzatekeela ekitaldian bertan delitu izan litekeen zerbait gertatzea. Horregatik eskatzen du ekitaldiari buruzko txosten bat.

0 comentarios