Blogia
orain

ORAIN KALERA.Barcina eta merengeak (Epaitegian)

EDURNE ELIZONDO/MADRIL
BERRIAko BERRIEMAILE BEREZIA
Merengea Espainiako Auzitegi Nazionalera ailegatu zen atzo: Fernando Grande-Marlaska epailea buru zuen aretoan epaitu zituzten Mugituko kide Gorka Ovejero, Julio Villanueva, Ibon Garcia eta Mikel Alvarez, haien defentsak epaitegi horren «jurisdikziorik eza argia» salatu zuen arren.Aginteari atentatua egin izana egotzi zieten fiskalak eta Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinaren abokatuak auzipetuei, Barcinari berari hiru tartakada emateagatik, 2011ko urriaren 27an, Okzitaniako Tolosan, Pirinioetako Lan Elkartearen osoko bilkuran. Akusazioari eutsi zioten, nahiz eta zigor eskaera arindu Barcinaren abokatuak; defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen.Tolosako protesta Barcinaren aurkako «atentatua» izan zela argi ikusi zuten fiskalak eta UPNko buruzagiaren abokatuak. Akusatuek, ordea, ukatu egin zuten egun horretan han egon izana, eta haien aurkako auzia Mugituren lana «kriminalizatzeko» saiotzat jo zuten laurek.Gorka Ovejero izan zen hitza hartzen lehenbizikoa. Bertze akusatuek bezala, bere abokatuak egindako galderei baino ez zien erantzun. «AHTaren aurkako mugimenduan urte luzez aritu gara, eta lagunak gara», erran zuen Ovejerok, Mugituko kideen arteko harremanari buruz. Frantziatik inoiz ez duela edozer auzirekin lotutako deialdirik jaso erantsi zuen Mugituko kideak.Ildo berean mintzatu ziren Villanueva eta Garcia ere, eta laurek nabarmendu zuten beti uste izan dutela tartakada bat emateagatik jaso daitekeen zigorra «administratiboa» dela. Alvarezek erantsi zuen bera ez zutela inoiz atxilotu. «Inputatu gisa deklaratzera deitu ninduten», azaldu zuen. Mugitu «kriminalizatzeko» helburua ikusi du Alvarezek ere haien kontrako auziaren atzean.

«Frantziak artxibatu zuen»
Mugituko lau kideentzat absoluzioa eskatu zuten defentsaren abokatuek. Ovejerorenak, Gonzalo Boyek, garbi erran zuen: «Tolosan bertan ikertu zuten auzia, eta fiskaltzak artxibatu egin zuen. Espainiako Auzitegi Nazionalaren jurisdikziorik eza argia da». Tolosako fiskaltzaren erabakiaren agiria erakutsi zuen defentsak, eta auzian kontuan hartzeko eskatu zuen. Aretoak onartu egin zuen. Epaiketa, hala ere, egin zuten, eta bost ordu baino gehiagoko saioa amaituta, sententziaren zain gelditu zen auzia.Fiskalak hasierako eskaerari eutsi zion: bost urteko espetxe zigorra Mugituko akusatu bakoitzarentzat; Barcinaren abokatuak, berriz, pixka bat arindu zuen berea: Alvarez, Garcia eta Villanuevarentzat bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen —hasieran seikoa eskatu zuen—, eta sei urte eta hiru hilabetekoa Ovejerorentzat —hasieran bederatzi—, bere kargu publikoa baliatzeagatik, Arruazuko alkateorde baitzen gertaerak jazo zirenean.Akusatuen deklarazioekinbatera, Yolanda Barcinak lekuko gisa egin zuen adierazpenak sortu zuen jakin-min gehien atzoko epaiketan. Mugituko kideen ondotik, hain zuzen, Nafarroako presidentea izan zen mintzatzen lehena. Erasoa, kolpeak eta mina. Hitz horiek errepikatu zituen behin eta berriz. Tartakadak «erasotzat» jo zituen, eta haietako batek, bereziki, «min handia» egin ziola nabarmendu zuen. Non zegoen ere ez zekiela gelditu zen denbora tarte batez, atzo epaileen aurrean erran zuenez. «Orduan konturatu nintzen kargu publikoei eraso egitea hagitz erraza dela», erantsi zuen Barcinak. Horrek kezkatu zuela, eta «ahul» sentiarazi zuela gaineratu zuen.Mugituko kideen abokatuek nabarmendu zuten Barcinak ez zuela gertatu zena salatu Tolosan bertan, eta tartakadak jaso eta gero, itzuli egin zela aretora, eta eman behar zuen diskurtsoari eutsi ziola. «Pirinioetako Lan Elkarteko lehendakaritza hasteko modu gozoa izan zela ere erran zuen», gogoratu zuen Boyek atzoko saioan. Abokatuak erantsi zuen 2011ko azaroaren 2an Espainiako Auzitegi Nazionalean jarri zuela salaketa Barcinak; eta biharamunean, Foruzaingoaren aurrean egin zuela deklarazioa, lehen salaketaren osagarri.Egindako bi deklarazioetan errandakoari eutsi zion Nafarroako Gobernuko buruak atzo, eta «erasoengatik justizia» eskatuz amaitu zuen bere adierazpena.

Foruzainen lana, «zalantzan»
Barcinaren ondotik, Mugituko kideen aurkako operazioan protagonista izan ziren lau foruzainek egin zuten deklarazioa. Webcam baten bidez egin zuten, lekuko babestu gisa. 8253 zenbakidun foruzaina izan zen hitza hartzen lehena. Tartakaden inguruko atestatuaren arduraduna izan zen. Haren idazkari lanak egin zituen 9364 foruzainak. Hark ere deklaratu zuen atzo. Bai eta Barcinarekin Tolosan egon ziren bi bizkartzainek ere. Batek onartu zuen aretotik kanpo zela tartakadak eman zizkiotenean. Bertzea, berriz, areto barruan zen. Akusatuak identifikatu zituen, Tolosatik bueltan.Foruzainen deklarazioari eta egindako ikerketari buruz, hagitz iritzi kontrajarriak erakutsi zituzten atzo defentsak eta akusazioak. Fiskalaren eta Barcinaren abokatuaren ustez, erasoa gertatu zela erakutsi, eta eraso haren egileak identifikatu zituzten foruzainek. «Akusatuak identifikatu zituzten», erran zuten. Defentsaren abokatuek, berriz, zalantzan jarri zuten Foruzaingoak egindako lan guztia. Batetik, salaketa jarri zuenak agindu zuelako ikerketa, defentsaren hitzetan; hau da, Yolanda Barcinak. Foruzainetako batek onartu zuen tartakaden inguruko auzia izan dela Nafarroatik at ikertu duten bakarra. Bertzetik, Foruzaingoak Frantziako Poliziarekin lan egin ez izana, Tolosako lekukoak galdekatu ez izana, eta DNA laginak eta hatz markak alderatu ez izana salatu zuten defentsako abokatuek. «Akusatuei hartu zizkieten DNA laginak, eta tarten kutxetakoak ere bai; baina ez zituzten alderatu», erran zuen Boyek.Defentsak salatu zuen, gainera, ez dela jatorrizkoa Gorka Ovejeroren izena eta kargu publikoa azaltzen diren zerrenda, Tolosako bilkurako parte hartzaileena. Tartakaden bideoarekin ere berdin gertatu dela esan zuen. «Aragoiko Telebistak grabatu zituen irudiak, baina inork ez zizkion eskatu». Ondorioz, froga horiek kontuan ez hartzeko eskatu zuen. Mugituk emandako prentsaurreko bateko eta elkarrizketa bateko irudiak eta audioa ere atzera botatzea galdegin zuten abokatuek.Auzipetuen identifikazioa ere zalantzan jarri zuen defentsak. Foruzainek epaileen aurrean erran zuten Ovejero eta Villanueva «anitz» ezagutzen zituztela, eta Alvarez ere ezaguna zutela. Ibon Garcia izan zen hasieran identifikatu ez zuten bakarra. «Foruzainek erran dute haiek direla eta kito, ez dute inolako ezagutze saiorik egin», erantsi zuen Boyek. «Bi urte izan dituzte fiskalak eta akusazio partikularrak frogak eskatzeko, eta ez dute deus egin».

«Balorazio okerra»
Dagoena nahikoa da Mugituko akusatuak tartakaden egile direla erakusteko. Horixe erran zuten atzo fiskalak eta Barcinaren abokatuak. Bien ustez, gainera, oldarra izan zen «Barcinaren aurkako atentatuan», bai eta Nafarroako Gobernuko presidentea «iraintzeko asmoa» ere. Haren abokatuak Barcinak duen kargua nabarmendu zuen, eta horrek «erasoa are larriago» bilakatzen duela erantsi zuen.Fiskalak, bertzalde, Mugituko kideek ere tartakaden egile izan zirela jendaurrean onartu izan dutela erran zuen. Ildo horretan, auzipetuak tartakaden egile izan zirela frogatutzat jotzen bada ere, «debekuaren balorazio okerrari» dagokion artikulua ezarri beharko zaiela erran zuen defentsak. «Ziur zirelako tartakada baten zigorra administratiboa dela». Ondorioz, ezin izanen lituzkete zigortu, Boyeren hitzetan.

0 comentarios