Blogia
orain

NI,ZU TA BIOK.'Tartalarien' alde, obedientziaren alde

DANIEL GONZALEZ ETA MARITXU BOLINAGA/ELEAK MUGIMENDUA
Hilaren 18an epaiketa izango dute Mugitu! mugimenduko bost kidek, Yolanda Barcinaren kontrako ekintza ezin goxoagoa egiteagatik. Nazio-manifestaldira deitu dute gaurko, eta, beste hainbatek bezala, Eleak Mugimenduak ere deialdiarekin bat egiten du. Tartalarien kasuak zenbait hausnarketa partekatzeko aukera ematen duelakoan gaude.
Gorka, Julio, Ibon eta Mikel salbuespen legedi baten pean eta salbuespen epaitegi batean epaituko dituzte, hain zuzen salbuespen politikaren enborretik jaiotako adarrak diren horien arabera. 2013ko azaroan epaituak, 2011ko urrian Ama Lurraren defentsan egindako ekintza desobediente batengatik. Frantziako Estatuan prozedurarik zabaltzea ekarri ez duen ekintza horrek bost eta bederatzi urte arteko zigorra merezi du, Espainiako Estatuaren eta Yolanda Barcinaren ustez, administrazioarena ez den bestelako biolentzia politikoak gure herrian aspaldi desagertuak diren testuinguruan. Zera erakusten du horrek guztiak: salbuespen politikak ez dira ezker abertzalearen arazoa (nahiz eta ex professo ezker abertzalearen kontra egiteko garatu), baizik eta esparru bateko edo besteko disidente guztiona; salbuespen politikek ez diote nazio-gatazkari soilik eragiten (nahiz eta ex professo independentismoa errepresioan itotzeko garatu), baizik eta boteretsuen statu quo-a zalantzan jartzen duten gatazka eta herri adierazpen guztiei; salbuespen politikak ez dira iraganeko arazo baten gaurko emaitza, txarto digeritutakoa baina desagertzera kondenatua, baizik eta egungo eta —ekidin ezean— etorkizuneko oinarrizko arazoa, gizarte bidezkoago baten alde jarduten dugun guztiontzat.
Krisi garaitzat saldu diguten honetan, estatuak eta administrazioa oro har ahultzen ari dira. Publikoa argaltzen ari da pribatua-ren aldean, antza, desagertu arteko erretretan. Ez da guztiz horrela, ordea. Egia da gizarte-zerbitzutan, gastu sozialean eta oinarrizko beharren esparruan publikoa gibelka ari dela pribatuaren mesedetan. Baina ez beste arlo batzuetan. Ez, adibidez, diru-iturri publikoaren jario oparorik gabe ekonomikoki sostengaezina litzatekeen AHTarenean. Eta, errepresioarenean ere, esparru publikoa osasuntsu eta oso presente dago. Jarri arreta zenbait administrazioren gastuen beherakadari kulturan, hezkuntzan edo osasunean, alde batetik, eta, bestetik, gastu militar eta polizialari. Ohartuko gara nola gure agintarien apeta murriztaileak ez dien azken horiei eragiten. Hain zuzen, errepresioa helburu duten gastuei eta salbuespen politikei eusten diete, ziurtatzeko murrizketak eta injustiziaren sakontzea bake soziala bermatuz gauzatuko direla.
Bestalde, legea desobeditzen dute AHTaren aurkako eta Ama Lurraren aldeko ekintzaile hauek. Balirudike legearekiko obediente bilakatzen dituela horrek haien etsaiak. Desobedientziaz aritzean, bi bando egongo balira bezala hitz egiteko joera dugu: desobeditzen dugunona edo behintzat horretarako bideak garatu nahi ditugunona, batetik; eta obeditzen dutenena eta obeditzera behartu nahi gaituztenona, bestetik. Ezta inondik ere. Gauzak asko sinpletuta, bi bando egon badaude, baina batzuen eta besteen arteko aldea ez da soilik halakoren obedientzia eta bestearen desobedientzia. Itxurazko obedientzia zale horiek dira, hain zuzen, herritarron eta herri mugimenduon desobedientzia kriminalizatzen duten berberak, desobedientzia gehien eta eraginkorren praktikatzen dutenak. Besteak beste, desobeditzen dituzte lotsagorritu gabe sinatutako giza eskubideen aldeko nazioarteko tratatuak, hauteskunde programak, betebehar fiskalak. Edo, AHTaren alorrera ekarriz, ingurumenari buruzko legedia bera, urrunago joan gabe.
Ematen du, beraz, banatzen gaituen marra ez dela obedienteen eta desobedienteen artekoa. Nork nori zor dion obedientzia eta zeri desobeditzea den zilegi ulertzeko modua, hor dago aldea. Piramide itxurako gure gizarte honen goialdean aurkitzen direnek uste dute haiei zor diegula obedientzia, gauzen ordena naturala balitz legez. Horretarako, lege eta arauak inposatzen dituzte. Behealdekoek halabeharrez obeditu behar ditugunak, otzan-otzan, baina zenbat eta gorago egin piramidean, are eta gehiago desobeditzen direnak. Zigorren beldur gabe, noski. Behetik gora eta ezker-eskuin obedientzia, errealitatearen onarpen etsitua eta otzantasuna. Goitik behera eta eskuin-ezker desobedientzia, inposaketa eta zigorgabetasuna.
Behealdean gaudenetako batzuek, ordea, ulertzen dugu obedientzia, zerbaiti zor izatekotan, inposaketarik gabe elkarri emandako arauei eta bidezkoa deritzogunari zor diogula (eta, zoritxarrez, obeditu nahiko genituzkeen printzipio justu gehiegi desobeditzen ditugu; desobeditu nahiko genituzkeen injustizia gehiegi obeditu).
Egun lotzen gaituen legeen amarauna oso urrun dago guztion artean eztabaidatua eta adostua izatetik. Are urrunago bidezkoa izatetik. Herri honetan noiz ahalbidetu dute agintariek AHTaren eta gainontzeko azpiegitura desarrollista erraldoien inguruko eztabaida? Noiz, jendartearen oinarrizko elementuei buruzko zerbaiten eztabaida?
Mugitu!-ko kideak desobedienteak dira, noski. Inposaketari, lege bidegabeei, onarpen etsituari desobeditu diete. Baina obediente ezin zintzoagoak ere badira. Bidezkoa deritzotenari, elkarren arteko eztabaidan adostutakoari, publikoki aldarrikatutakoari obeditu diete. Eta, jakina, gehienok ez bezala, Yolanda Barcina eta bere modukoak tartaz apaintzeko gogo biziari obeditu diote. Eskerrik asko irudi gogoangarri haiek oparitzeagatik! Eleak-etik, gure miresmenik goxoena haien desobedientziei, zein obedientziei.
Astirik gabe ia, hitz batzuk behintzat Ateak Ireki proiektuari, Ateak Ireki-ko lagunei. Gure elkartasun osoa pairatzen ari zareten erasoaren aurrean. Zorionak zuon urteotako lanarengatik, herri mugimenduaren ahotsa izateagatik, eta eskerrik asko zehazki guri hainbestetan eta hainbesteko prestutasunarekin hitza emateagatik. Kalean eta sarean elkar topatzen jarraituko dugu.

0 comentarios