Blogia
orain

ORAIN KALERA.Denok Herrirarentzat

ORAIN KALERA.Denok Herrirarentzat Aitziber Laskibar Lizarribar/Bilbo (Berriako zerbitzu berezia)
Milaka eta milaka herritar bildu zituen atzo Bilbon, 50 alderdi, sindikatu eta gizarte eragilek baino gehiagok Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde lelopean egindako manifestazioak. Herrira mugimenduaren aurkako polizia operazioa salatu eta euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioak lepo bete zuen ibilbide osoa. 17:30ak jota abiatu zen protestak ordubete baino zerbait gehiago behar izan zuen udaletxera iristeko. Orduan, burua helmugan zegoenean, abiapuntutik ehun bat metrora zeuden azkenak, Autonomia kalean, kale nagusi hori zeharkatzen duen lehen gurutzera iritsi gabe: Gordoniz kalearekiko bidegurutzetik ehun bat metrora.Jendetza horren aurrean iragarri zituzten hemendik aurrerako asmoak antolatzaileek, protestaren amaierako ekitaldian: «Aurreratzen dizuegu urrats berriak prestatu, aurkeztu eta abiatuko ditugula hurrengo asteetan».«Urrats» horien norabidea ere aurreratu zuten Madrilen bizi den Carlos Olaya aktoreak eta Maite Bidarte Info7 irratiko esatariak, antolatzaileen izenean. Operazioak herritarrak haserrarazi dituela ohartarazi zuten. Atxilotuen aurkako erasoa ez ezik, «herriaren kontrakoa, denon kontrakoa» izan dela salatu zuten, eta horrek bildu duela horren desberdina den horrenbeste jende protesta berean.Baina haserrealdiak emandako indarra ongi bideratzeko asmoa dutela azaldu zuten; ez dituela «pozoinduko», eta «emankorra» izango dela: «tantaz tanta, indarrak batuz, urrats berriak emateko bultzada izango da».Presoen eskubideen aldeko jardunaren zilegitasuna defendatu zuten. Herritarrek ere, behin eta berriz aldarrikatu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak jomugan jarritako antolamenduaren lana: Herrira aurrera!, oihukatu zuten behin eta berriz. Eta, «osasun demokratikoaren» izenean, eskubide horien alde lanean jarraituko dutela adierazi zuten protestaren antolatzaileek.Baina ez hori bakarrik: «Aro berri honetan, bake justua lortzeko aukera hain gertu sentitzen dugun honetan, etxean nahi ditugu preso eta iheslari guztiak; etxean, denon artean elkarbizitza eredu berria eraikitzeko», adierazi zuten. «Etxean nahi ditugu euskal preso eta iheslari politikoak, zauri guztiak senda ditzagun, garai ilunenak atzean utz ditzagun, herri honen etorkizuna denon artean eraiki dezagun». Txalo zaparrada jaso zuten hitz horiek amaierako ekitaldian. Manifestazioan zehar ere, gehien errepikatu ziren oihuak euskal preso eta iheslariak etxeratzearen zein amnistiaren aldekoak izan ziren.

18 atxilotuak, bertan
Asteleheneko operazioak eragindako protesta izanik, protagonismo berezia izan zuten atzo sarekadan atxilotutako 18 pertsonek. Manifestazioan izan ziren. «Presoen aldeko ekitaldiak antolatzea da debekatuta duguna», arrazoitu zuten espero ez zen presentzia. Txalo, besarkada eta muxu etengabeak jaso zituzten, manifestazioa hasi aurretik Casilla inguruan azaldu zirenetik, amaierako ekitaldia amaitu eta gerora udaletxe aurretik alde egin zuten arte.Casilla ondoan agertu zirenean argazkilari guztien jomuga izan ziren. Manifestazioan, hirugarren lerroa hartu zuten. Kultura eta kirol munduko hogei pertsonalitatek hartu zuten burua, leloari eutsita. Eider Rodriguez, Irati Jimenez eta Lutxo Egia idazleak, Pello Ospital, Ines Osinaga eta Enrique Villarreal Drogas musikariak, Arkaitz Estiballes eta Miren Amuriza bertsolariak, Oier Zearra pelotaria, Irati Anda eskalatzailea eta Axi Muniain surflaria izan ziren horien artean.Emakume batzuek Herrira-ren ikurra eraman zuten ondoren. Horien atzean zihoazen astelehenean atxilotutakoak, manifestazioan parte hartu zuten milaka lagunetatik askok bezala, elastiko urdina soinean zeramatela. Horien ondoren protestarako deia egin zuten dozenaka eragileetako ehunka ordezkari joan ziren, eta herritarrak gero.Amaierako ekitaldian, atxilotuak kalean izanagatik poza agertu zuten Olayak eta Bidartek. «Baina horrek ez du erasoaren larritasuna mugatzen», ohartarazi zuten. «Euskal herritar gisa, ez dugu halakorik berriz bizi nahi, benetako askatasun eta bake aro berri batean bizi nahi dugulako».Horregatik egin zuten halako erasoei aurre egiteko deia: «Denok jaso dugu mezua, denoi zuzendua baitzegoen. Herrira-ko lagunak izan dira atxilotuak, baina, nolabait, denok atxilotu gaituzte. Denok jarri gaituzte fidantzapean. Denok gaude baldintzapeko askatasunean».Horri aurre egitea dute, beraz, hemendik aurrerako erronka-tzat. Hartarako konpromisoa hartu dute, arrazoia azalduta: «Lehenbailehen ireki nahi dugu itxi nahi diguten atea». Hortaz, preso eta iheslariak etxeratzeko lanak «biderkatu» egingo direla ohartarazi dute. Hori elkarlanean egingo dela, eta hartarako, guztien laguntza beharko dela. «Ongi etorriak erronkaren fase berri honetara. Denon artean gaindituko dugu, herria garelako. Preso politikorik izan nahi ez duen herria garelako. Preso izan nahi ez duen herria garelako».Bi hizlariek eguneko mezua eman aurretik eta Arkaitz Estiballesek pare bat bertso kantatu ondoren, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda igo ziren eskenatoki gisa atondutako udaletxeko balkoira. Duela zortzi urte 18/98 auziaren aurkako epaiketa hastear zela auzipetuekiko elkartasunez sortutako Zurekin kanta abestu zuen Urdangarinek, Ruedaren kitarraren laguntzarekin.

0 comentarios