Blogia
orain

GUTUNAK.EUSKADI TA ASKATASUNAREN AGIRIA EUSKAL HERRIARI

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez euskal preso
politikoen egoeraren inguruan bere iritzia helarazi nahi dio Euskal Herriari:
Espainia eta Frantziako gobernuek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kontra ezarrita duten
espetxe politikaren ondorioz, azken asteetan gertaera oso larriak ezagutu ditugu. Angel Figueroa eta
Xabier Lopez Peñaren heriotzak, euskal preso politikoek pairatzen duten mendekuzko politikaren
muturreko adierazleak dira.
Mariano Rajoy eta François Hollande dira, bi gobernuetako agintari goren gisa, Angel eta Xabierren
heriotzen arduradun nagusiak, bai eta presoek jasan beharreko sakabanaketa, isolamendu eta
zigorrenak ere. Aski da euskal preso politikoen bizitza eta eskubideekin jolasteaz.
Espainia eta Frantziaren espetxe politikak dagoeneko ez dira soilik Euskal Herritik behatzen.
Nazioarteko eragile eta instantzia ezberdinak estatuen hainbat erabaki zalantzan jartzen ari dira.
Alta, errealitate honek, jarrera aldatzera baino, gehiago ixtera eramaten ditu. Berriki, Espainiako
Estatuko ordezkariek Estrasburgon zabaldutako mezuak inkisizio edota frankismo garaietako
jarduerak ekartzen ditu gogora.
Sakabanaketa eta salbuespen neurriak, sufrimendu eragile izateaz gain, konponbide prozesua
ibilbiderik gabe uzteko dituzte indarrean. Estatuak eta Euskal Herriko zenbait eragile politiko
aitzakiak asmatzen ari dira prozesuaren blokeoa errotzeko. Denek, bakoitzak bere diskurtsoarekin,
egoera politikoan aldaketa esanguratsurik eman ez balitz bezala jokatzen dute, blokeoaren ardura
ezker abertzalearen bizkar gainean jarri nahian. Ildo horretan, iraingarria da mota guztietako
erasoak pairatzen ari diren presoei egoera horren errua egotzi nahi izatea.
Euskal preso politikoek jasaten duten egoeraren eta azken gertaera larrien aurrean, PNVren
jokabidea ere salatu nahi dugu. Harrigarria suerta badaiteke ere, ez du presoen egoerari
konponbidea emateko konpromiso zehatzik hartu. Bitartean, blokeoaren arduradun den Espainiako
Gobernuari leialtasun osoa eskaintzen dio. Hobe luke, presoen eskubideen aldeko aldarriak erasotu
eta lekuz kanpoko adierazpenak egin ordez, bi gobernuekiko exijentzia maila igo eta euskal
gehiengoaren interesekin batera, prozesuan ekarpen positiboak egiten hastea.
Izan ere, euskal jendartearen gehiengoak, konponbide osoaren aldarriaren barnean, euskal presoen
Euskal Herriratzea eta salbuespen neurriak gainditzea eskatzen du aspalditik. Aieteko Konferentzia
eta ETAk borroka armatuaren amaiera iragarrita, benetako bakea nahi duen edozein eragile eta
herritarrentzat zentzuzko hurrengo urratsa hori litzateke.
Une erabakigarrian gaude, konponbide osoa baitago jokoan. Mendeetako gatazka gaindituko bada,
ez dago ikusle paperean esperoan egoterik. Euskal preso politikoen egoerari eta blokeo jarrera
gotorrei herriaren nahiarekin eta urratsekin aurre egin behar zaie. Euskal eragile eta herritarren
presioa areagotzea da gehiengoaren borondatea gutxiengoaren erabakiei gailentzeko bermea.
Azkenik, Xabier Lopez Peña euskal borrokalariaren heriotzak eragin digun samin sakona
agertzearekin batera, lagun eta senitartekoei gure doluminik sentituenak eman nahi dizkiegu.
ETAk, sarraski espetxeetan dauden euskal borrokalariek eta haien senitartekoek egunerokoan
erakusten duten kuraia goraipatu nahi du. Bihoakie guztiei gure babesik sendoena. Lortuko dugu!
Gora Euskal Herria askatuta! Gora Euskal Herria sozialista!Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!
Euskal Herrian, 2013ko apirilean
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.

0 comentarios