Blogia
orain

ORAIN KORRIKAREKIN.ZORIONAK!

Korrika 18
AEK-ren amaierako hitzaldia
Maider Heguy, Iparraldeko AEKren presidentea eta
Jakes Bortairu, AEKren Artezkaritza kontseiluko kidea
Baionan, martxoaren 24an
Agur eta ongi etorri euskalakari maiteak !
Zuei guztiei eta beste milaka herritarri esker iritsi gara Baionara, Iparraldeko hiri nagusira.
AEK-ren partez gure esker beroenak beraz, 10 egunez eta gauez, bidez bide, ttipi ttapa, ibili
diren, ibili zareten haur, gizon eta emazte guziei.
Txalo beroak denentzat !
Andoainetik hona, esku tipi edo zabalek, esku leun edo latzek elkarri pasatu diote lekukoa eta
plaza honetaraino ekarri barnean gordetzen zuen mezua.
Ametsek oraintxe irakurri du eta gogoan ditugu bere hitzak : hizkuntzak erditzen gaitu
indibidualki baita kolektiboki ere.
Edozein izanik gure jatorria, gure larru kolorea, gure filosofia edo ideiak.
Hizkuntzak erditzen gaitu edozein adinetan. Haurtzaroan batzuentzat, heldu garaietan
besteentzat.
Hemen zareten euskaldun berriek ongi badakizue zertaz ari garen. Erditzearen bidaia intimo
hori bizi izan baituzue. Erditze horrek dituen zailtasunak ezagutzen dituzue. Bainan oroz
gainetik ekartzen dituen zoriona eta plazera dastatu dituzue. Harro izan zaitezte !
Zuen erditzea dugu publizitate emankorrena gero eta jende gehiago euskarara erakartzeko.
Horretarako eskaini dizue Korrika 18k merezi duzuen omenaldi beroa !
Oraindik ere Euskal Herriko biztanlegoaren parte handi bat euskarara erakarri behar dugu,
hauxe erronka handia!
Jendea erakartzeko, euskararen gutizia sortu behar da. Alta euskararen egoera gatazka iturri
izan da eta izaiten da oraindik ere. Bainan dudarik ez ! Euskara, korrikaren bitartez besteak
beste, elkarbizitzarako gakoa bilakatzen hasi da. Eta gatazka iturri diren gaiak konpontzeko
garai honetan, zuek denak, hemen bilduak, korrikan ibiliak, euskara elkarbizitzarako gakoa
dela ezin hobekiago frogatzen ari zarete.
“Eman euskara elkarri” izan dugu mezu eta lelo azken aste hauetan. Bihartik goiti euskalakari
fin eta sutsuak bihurturik, jarraituko dugu euskara elkar ulertzeko behar dugula erakusten.
Eta euskara ez dakiena konbentzituko dugu hizkuntzen arteko benetako berdintasuna
segurtatzeko ulermen maila ezinbestekoa duela. Entzuteko beharko du euskara eta horrela,
dakienari erabiltzeko parada eskainiko dio, berak ere “eman euskara elkarri” leloa gauzatuz.
Ametsek arrazoi du : euskararik gabe ez litzateke Euskal Herririk. Horretan adostasun zabala
bada jendartean. Horretarako da hain handia, euskal lurraldeak gobernatzen dituzten podere
publikoen ardura. Euskal hiztunak sortzeko baldintzak jartzea eta indartzea tokatzen zaie :
koadro legalak, baliabide ekonomikoak eta borondate irmoa. Eta bereziki helduen irakaskuntza
sustatu, lagundu eta antolatu !
Korrika 18 amaitu da. 19garrena gogoan dugu jada.
Bainan gaurko... nahikoa ! Orai festaren ordua , orai adiskideen arteko beroa !
Festaz gozatzeko lanean ariko diren AEK-ko ikasle, irakasle eta laguntzaile guziei gure esker
beroenak !
Pasa egun on bat... euskara elkarri emanez !
Gora Korrika !
Gora AEK !
Gora euskara !

0 comentarios