Blogia
orain

ORAIN KALERA.Durangoko Azoka:Erromintxela, ijitoen altxorra

ANE ARALUZEA
Ez hizkuntza, ez dialekto. "Erromintxela pagodolekto bat da; ijitoen lexikoa euskararekin nahastean sortu zen hizkera", azaldu zuen Josune Muñozek, Durangoko Azokan kultura gonbidatua ijitoa dela eta erromintxelaren inguruan atzo eskainitako mahainguruan parte hartu baino lehen. "Ijitoen kontrako aurreiritzi guztiak desarmatzeko aukera paregabea" aprobetxatu nahi izan zuen Muñozek, euskal filologo eta erromintxela fenomenoaren ikertzaileak; eta, horren bidez, haien "altxorra" dena jendeari ezagutarazi. Ijitoak XI. mendean irten ziren Indiatik, ordutik hainbat herritatik pasa dira, baina "zoritxarrez ez dute tratu onik jaso inon", adierazi zuen Muñozek. 600 urte inguru darama-tzate ijitoek Euskal Herrian, baina ezin daiteke zehaztu noiz sortu zuten erromintxela, "denboraren poderioz izan zen, baina XVIII. menderako bazeuden lehenengo aipamenak". Sorreraren zergatia, aldiz, jakina da: "larrialdi egoeratan erabiltzen hasi ziren, euren buruak babesteko eta ijito ez zenak zer zioten uler ez zezan", esplikatu zuen euskal filologoak.
Hizkuntza aldetik, erromintxelaren gramatika, joskera, sintaxia... euskararena da; eta hiztegia romaniarena izan arren, euskal fonetika eta fonologia jasotzen du. Hala ere, erromintxelaren bitxikeriarik nagusienenetakoa euskaldunontzat hizkuntza ulergaitza izatea da. Soziolinguistika aldetik, berriz, "Euskal Herrian ijitoen eta euskaldunen arteko mestizajea egon dela" frogatzen du, Muñozen arabera. Erromintxela hitz egiten zuten ijitoek euskara menperatzen zuten eta horrek "ijitoen aldetik Euskal Herrian integratzeko ahalegina egon dela" egiaztatzen du.Hala ere, "ez dugu uste mestizajea alde bietan berdina izan denik", azaldu zuen Muñozek. Ikertutakoaren arabera, euskarak ez du erromintxeletik eratorritako hiztegi mailegurik hartu, nahiz eta hiztegietan erromintxeletik datozen hitzak aurki daitezkeen, ez baitago horiek erabiliak izan direnaren frogarik. "Guk dakigunaren arabera, maileguak ez dira hizkuntzakoak izan, baizik eta kulturalak", azaldu zuen Muñozek: pandero musika-tresnaren ekarpena edota kaldereroen jaia, besteak beste.
Josune Muñozek 90ko hamarkadan ekindako ikerketa baino lehen, erromintxelaren inguruan egindako azterketak oso urriak izan dira. Euskal filologoa Kale Dor Kayiko elkartearen enkarguz murgildu zen ijitoen hizkeraren azterketan, "ijitoen ikuspuntutik egin zen lehendabizikoa" izan zena, alegia. Horregatik,elkartearen "ekarpena, ezagutza eta esperien-tzia" nabarmendu zuen Muñozek. Kontaktuak lortzeaz gain, elkarrizketak bideratu zituzten; hizketaldi sakonak baina errespetuzkoak sortuz. Izan ere, aurretik egindako azterketan, informazioa lortu nahi zuenak, askotan, arrazismorako joera erakusten zuen eta horrek ikerketak kaskartzen zituen. Kale Dor Kayiko elkartearen bitartez egindako lanak, berriz, "aurreiritzi askorekin bukatzeko aukera eman du", Muñozen esanetan.Bere ikerketa hasi zuenean, duela hamazazpi urte, gipuzkoar bi eta bizkaitar batekin elkarrizketatu zen euskal filologoa; oso adineko erromintxelak ziren. Hiztunik geratzen ote den galdetuta, "egon badaude" adierazi zuen Muñozek; arazoa beraiek "topatzeko eta, batez ere, elkarrizketatzeko zailtasuna" omen da. Erromintxelez mintza daitezkeen ijito gutxi batzuk daude, "baina taldean aurkitzeko Nafarroara, eta, bereziki, Iparraldera joan beharko ginateke". Muñozek ekindako azterketa, tamalez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan baino ez zen gauzatu. Beraz, amaigabe dago ikerketa hura; batetik, euskararen eremu guztietan gauzatu ez delako eta, bestetik, ondorio erabakigarrietara heldu ez direlako oraindik. Muñozen arabera, "hainbat kasutan, atzizkietan zein joskeran, euskara eta erromintxelaren artean paralelismoak zeudela" konturatu ziren. Garai hartan ezin izan zuten guztiz argitu; baina egun horretarako aukera dagoela uste du. Zentzu horretan, Durangoko Azokan kultura ijitoa presente egotea garrantzitsua zela iritzi zuen, azterketari jarraipena emateko aldarrikapena gero eta jende gehiagorengana hel dadin.

0 comentarios