Facebook Twitter Google +1     Admin

ORAIN KALERA.Kilometroak 2012 Andoainen.Euskararen egun bat.

AGENTZIAK
Segurtasun halako bat ematen dute neurriek, eta ez soilik propio segurtasuna bermatzeko ezartzen direnek. Lasaigarria da, esate baterako, kilometro batek beti eta edonon mila metro dituela jakiteak. Gipuzkoako ikastolen festan, baina, kilometro batek aspaldi utzi zion mila metro neurtzeari, zeren aspaldi utzi baitzion jaiak berak aurretik jarritako neurrietara mugatzeari.Kilometroak magnitude neurgarrietara eramateko modurik balego, posible izango litzateke atzo Andoainen zenbat jende ibili zen jakitea. Urteroko 100.000 lagun horiek? Kopuru ia estandar horren azpitik? Gainetik? Eguna amaitu aurretik egindako balantzean, antolatzaileek ez zuten zenbakirik eman, ez zehatzik, ez gutxigorabeherakorik. Behar ere ez. Ezta posible ere.Jende asko, asko, asko ibili zen atzo Andoainen. Sekulako jendetza zebilen inpresioa areagotu egiten zen ibilbidea estutzen zen puntuetan. Inbutu bilakatu ziren, besteak beste, pasatzeko txandak egin behar izan zituzten Kiroldegirako zubia eta tren geltokitik abiatzen zen ibilbideko zatia. Izan ere, goizeko lehen orduetan zabalera handiko hodiak behar ziren Irun-Brinkola bideko bi noranzkoetatik iristen ziren trenetatik jaisten ziren jende andanei bidea emateko...Parte hartzeari buruzko zenbaki ofizialik ez badago ere, atzoko festaren tamaina irudikatzeko lagungarri eta argigarriak izango dira RENFEk, aurreko urteetako usadioari eusten badio behinik behin, emango dituenak. Antolatzaileen aholkuei kasu eginda, trena eta autobusa erruz erabili zituen jendeak, Andoain horretarako aproposa dela aprobetxatuz. Urnietarako bidean treneko leihotik ikusten zen autobus ilara benetan zen ikusgarria. Argitu behar da autobusak aparkatuta eta hutsik zeudela, bueltarako prest, bestelako auto-ilara eta pilaketa handirik ez baitzen egon egunean zehar.Eguraldia ere lagun izan zuten, bahiz eta arratsaldera arte ez zen azaldu meteorologia zerbitzu guztiek iragarritako eguzkia. Zorionez, ez zen izan agertu ez zen bakarra, goizean goiz hainbat tokitan erori ziren euri tantek ere Andoaindik urrun gelditzea erabaki baitzuten. Argazkietarako grisa akaso, baina ibiltzeko aparta suertatu zen eguna.Kilometroek muga non duten asmatzea ezinezkoa da, baina argi dago giza ahalmena mugatua dela, eta etengabeko hazkundea, beste alor batzuetan ikusi den bezala, ez dagoela arriskuetatik libre. Hala, deserosotasunen batzuk ekarri zituen horrenbesteko arrakastak: guneren batzuetako postuetan amaitu egin ziren hornidurak, eta beste batzuetan oso komenigarria zen pazientzia. Alde horretatik ere esperientzia atsegina izan zen atzokoa, patxadaz hartu baitzituen jende gehienak eragozpen txiki horiek.Antolakuntzak asko jarri zuen bere aldetik gauzak erraztu eta zailtasunak arintzeko: behar zen guztietan zegoen eskura peto fosforitoren bat, laguntzeko prest, eta megafonia zerbitzuak -eskarmentu handiko profesionalak zeuden mikrofonoetan- etengabe banatzen zuen informazioa. Lan bikaina benetan alor guztietako boluntarioena.Bozgorailuek zabaltzen zituzten mezuen artean, maiz entzuten zen «arduraz jokatu zure buruarekin» gogoratzen zuena. Jana eta edana aipatzen zituen, baina jakina da honelako jaietan betekadak ez direla izaten arazo nagusia. Atzo, askoren aje nagusia entzumen arazo selektiboak ziren, batez ere gaztetxoenen artean. Edo nahiago zuten entzungor egin. Twitterren oso aktibo egon zen politikari beasaindar batek bi pare beso litro-karreoan erakusten zituen argazki bat igo zuen, «gaztetxoak, nagusiei ikusten dizkigutenak mimetikoki errepikatzen» esaldiarekin. «Menuda borrachera llevo!», zioen beste batek #Kilometroak2012 etiketarekin. Argi gelditu zen, edonola ere, adin batetik aurrerakoek eta gazteenek oso modu desberdinean egin zutela ibilbidea. Ariketa fisikoa denek egin zuten, haatik. Ibilbideak zituen maldatxoak gainditzen metroak egitera joan zirenek, Zer Esatek!-en aurrean saltoka besteek. Talde gipuzkoarraren kantuen letra zuzenek eta erritmo dantzagarriek segituan jarri zuen bai 'on' Goikoplazako gunea betetzen zuen gazte jendea! Jende gazte horrexek elikatu zuen batik bat atzokoan berrikuntza gisara planteatu zen Kilometroen luzapen birtuala. Nork bere konexioa edo ibilbideko hainbat puntutan egokitu zen wifi konexio irekia baliatuz (herriarentzat geldituko da gaurtik aurrera), gogotik bidali zituzten argazkiak eta mezuak, sare sozialen bitartez uneoro emanez ibilbidean barrena gertatzen zenaren berri. Azken batean, bakoitzak bere ekarpena egin zion arrakastari. Emaitza, eta hori da garrantzitsua, elkartasun eta atxikimendu adierazpen erraldoia izan zen.
08/10/2012 20:40. ORAIN-Euskal Aldizkaria Katalunian #. sin tema

Comentarios > Ir a formulario





Blog creado con Blogia. Esta web utiliza cookies para adaptarse a tus preferencias y analítica web.
Blogia apoya a la Fundación Josep Carreras.

Contrato Coloriuris