Blogia
orain

ORAIN KALERA.Deiadarra murrizketen aurka

IVAN SANTAMARIA/Berriako kazetaria
Milaka euskal herritar kalera atera zituen berriro euskal gehiengo sindikalak, murrizketak salatu eta eskubide sozial eta laboralak exijitzeko greba orokorraren bidez. Lanuzteak ez zuen gainditu joan den martxoko parte hartze masiboa, baina argi geratu zen mobilizatzeko arrazoiak ez direla amaitu, besteak beste, hainbat hiri eta herritan izan ziren manifestazio handietan. Antolatzaileen arabera, Hegoaldeko lau hiriburuetan 110.000 lagun bildu zituzten eguerdiko deialdiek.Irailaren 26rako «estatu kolpe sozial» bat iragarri zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek, 50 gizarte eragilerekin elkarlanean. Uztailean izan zen, Espainiako Gobernuak murrizketa plan gogorra iragarri eta egun gutxira. BEZa igotzea eta langabezia saria jaistea erabaki zuen Mariano Raxoiren kabineteak, esaterako. Madrilen erabakitako neurri horiek guztiak Euskal Herrian ez ezartzea exijitu izan diete antolatzaileek Hegoaldeko administrazio publikoei.Greba egunak atzo «erantzun zabala» izan zuela nabarmendu zuten antolatzaileek. Hainbat sektore eta enpresatan izandako oihartzunarekin pozik agertu ziren sindikatuak eta gizarte eragileak. Eusko Jaurlaritzaren ustez, ordea, lanuztea ez zen «hain orokorra» izan. Confebask patronalaren iritzia are ezkorragoa izan zen, eta azken urteotako deialdien artetik jarraipen «eskasena» izan duena iruditzen zaio. 2009. urteko maiatzaren 21etik atzora arte sei greba orokor antolatu dira Hego Euskal Herrian.Lanuztearen harira, desobedientziarako deia egin zien ELAko idazkari nagusiak, Adolfo Muñozek, alderdi politikoei. «Hala egiten ez bada, Raxoik erabakitako murrizketak ezarri baino ez du egingo urriaren 21eko hauteskundeeak irabazten dituenak». Ainhoa Etxaidek, berriz, gaur onartuko den Espainiako aurrekontu proiektuaren ondorioez ohartarazi zuen. «Murrizketa gehiago iragarriko dituzte. Pentsio, ordain eta zerbitzu publikoei erasoko diete», LABeko idazkari nagusiaren ustez. Bilboko manifestazioaren ondoren egin zituzten adierazpenak.Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industrian izandako oihartzuna 50 langile baino gehiago dituzten 530 enpresatako datuekin neurtu zuten sindikatuek. Emaitza orokorrak aintzat hartuta, langileen erantzuna 2009. urteko maiatzaren 21eko deialdiaren pare geratu zen, eta emaitzarik handiena Gipuzkoan lortu zuten. Hamar enpresatik zazpitan langile gehienek —%70ek edo gehiagok— egin zuten greba. Bizkaiko eta Arabako enpresetan arrakasta antzekoa izan zen (%47 Bizkaian, eta %46 Araban). Guztira, %70eko parte hartzea izan zen gutxienez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 297 enpresatan (%56). Martxoaren 29ko greba ia erabatekoa izan zen, eta 470 enpresatan gutxienez hiru langiletik bi ez ziren lanera joan, antolatzaileen arabera.Bestalde, kooperatiba enpresa handi batzuetan ere —Orkli, Irizar, Fagor Ederlan eta Ampo— bat egin zuten greba orokorrarekin. Eraikuntzari dagokionez, Gipuzkoako lan gehienak gelditu zirela ziurtatu zuten sindikatuek, eta erantzun zabala izan zuen beste herrialdeetan ere.Nafarroari buruzko datu zehatzak ez zituzten eman, baina zenbait eskualdetan deialdiak arrakasta «handia» izan zuela nabarmendu zuten, hala nola Iruñerrian, Sakanan, Leitzan eta Baztanen. Iruñean istilu ugari sortu zituen Poliziaren esku hartzeak. Hainbat aldiz oldartu ziren egun osoan, eta horietako batean Sabino Cuadra Amaiurreko Kongresuko diputatua kolpatu zuten poliziek. Era berean, gomazko pilotak eta ke poteak bota zituzten foruzainek artean manifestazioaren osteko ekitaldia amaitu gabe zegoenean. Gutxienez, hamalau lagun atxilotu zituen Poliziak Nafarroan, eta hamaika lagun zauritu zituen, halaber. Araban hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, eta beste bat Bizkaian. Herrizaingo Sailak hamazortzi laguni desordenak inputatu nahi dizkie.Grebaren arrakastari buruz Hegoaldeko patronalek duten iritzia guztiz bestelakoa da, espero zitekeen modura. Confebask eta CEN elkarteetako buruzagiek bat egin zuten kalifikazioan, eta deialdia «erabateko porrota» izan zela argudiatu zuten. Confebaskek, gainera, erantzun «eskasena» izan duen deialdia dela ziurtatu zuen. Patronalaren arabera, bost langiletik batek egin zuen bat lanuztearekin (%40 Gipuzkoan, %15 Bizkaian eta %9 Araban). Kopuru horiek, ordea, beste deialdi batzuetan Confebaskek berak eman zituenen gainetik daude. Hala, iazko otsailean pentsioen erreformaren aurka jende gutxiago atera zela ziurtatu zuen (%28 Gipuzkoan, %15 Bizkaian, eta %8 Araban). 2009ko maiatzeko lanuztean ere, grebalari gutxiago zenbatu zituen (Gipuzkoan %15, Bizkaian %10 eta Araban %10).Confebasken irudiko, deialdiaren «porrotak» agerian utzi zuen sindikatuetako buruzagien eta langileen arteko «desadostasun geroz eta handiagoa». «Langileek badakite ekonomia garai dramatiko batean dagoela, eta argi dute eurei enplegua ematen dieten enpresei lagundu egin behar zaiela», zehaztu zuen patronalak prentsa ohar batean.Nafarroako CEN patronaleko presidenteak, Jose Antonio Sarriak, ez zuen datu orokorrik eman, eta industrian oihartzuna Tuterako hutsetik Sakanako %33 bitartekoa izan zela esan zuen. Metalgintzan, gainera, ez zela %5 baino handiagoa izan nabarmendu zuen. «Porrota izan da, espero zitekeen modura, langileak eta enpresak ez daudelako egun bat galtzeko moduan, eta jendea lanuzteekin gogaituta dago», Sarriaren hitzetan.Eusko Jaurlaritzak ere zalantzan jarri zuen deialdiaren arrakasta, datu propioak plazaratuta. Sektore pribatuan 51.000 langile dituzten ia 200 enpresa aztertu zituen gobernuak, eta langileen %30ek grebarekin bat egin zutela azaldu zuen. Sektore publikoan, berriz, alde handiak daude, baina batez beste funtzionarioen laurdenek greba egin zutela kalkulatu zuen. Beste interpretazio batzuekin alderatuz, 2010. urtean lan erreformari aurre egiteko lanuztean baino grebalari gehiago ikusi zituen atzo Jaurlaritzak, orduko horretan CCOOk ere mobilizatzera deitu bazuen ere. Sektore pribatuan %22ra mugatu zuen parte hartzea, eta %8ra publikoan. Orduan, PSOEren gobernuak zeuden Madrilen eta Lakuan.Irakaskuntzan arrakasta %63 izan zela zehaztu zuen gobernuak, administrazio orokorrean %30, justizian %24,8 eta osasun arloan %12. Sindikatuek parte hartzea zabalagoa izan zela zehaztu zuten. Irakaskuntzan %75 izan zen, eta EAEko administrazio orokorrean, %70. Justizian, berriz, erantzun zabala izan zen, eta soilik gutxieneko zerbitzuak bete ziren. Aldiz, Osakidetzan oihartzun txikiagoa izan zela aitortu zuten. «Gutxieneko zerbitzu erraldoiak egin dira, eta honezkero langile kopurua eskasa zen», sindikatuen irudiko.
ANEKDOTA:SABINO CUADRA,FINANCIAL TIMESEN TXAKURRATIK
Sabino Cuadra Espainiako Kongresuko Amaiurreko diputatua azaleko argazkian atera du gaurko edizioan Erresuma Batuko Financial Times kazetak. Espainiako egoera ekonomikoa eta Madrilek egoera horren aurrean hartutako murrizketa neurrien kontrako protestak jaso ditu egunkariak. Azaleko irudian foruzain bat ageri da Cuadra borrarekin joz, hark diputatu akta erakusten dion bitartean.

0 comentarios