Blogia
orain

ORAIN KALERA.Uribetxebarriak hiltzeko arriskua duela berretsi du auzitegiko medikuak

JOKIN SAGARZAZU (Berria)
Josu Uribetxebarriaren egoerak oso pronostiko larria duela eta bueltarik ez duela ondorioztatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Baena medikuak. Horixe dio atzo Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileari helarazitako txostenak. Epaileak Pedro Rubira fiskalaren eskuetan utzi du informazio hori, honek Uribetxebarria baldintzapean askatzearen aldeko edo aurkako iritzia eman dezan. Azken hitza epaileak izango du.Carmen Baena auzitegiko medikua ondorio horretara iritsi da Donostiako Ospitaleko txostena aztertu ondoren. Auzitegiko medikuak onartzen du Uribetxebarriaren minbiziak «pronostiko oso txarra» duela, haren egoerak «bueltarik ez» duela eta urtebete baino lehen hiltzeko arriskua handia dela. Horretan guztian bat dator Donostiako Ospitaleak egindako txostenarekin. Ezberdintasun bakarra hiltzeko arriskuari buruzko probabilitate zifretan dago. Osakidetzaren txostenak dio Uribetxebarriaren baldintza berdinak dituzten gaixoen %90ek urtebete baino gutxiago irauten dutela bizirik; auzitegiko medikuak, berriz, %50ek. Bi txostenek ez dute zehazten urte hori igaro ondoren hiltzeko arriskua zenbatekoa den, baina egoerak bueltarik ez duela kontuan hartuta, arriskua handitu daitekeela ohartarazten dute biek ala biek.Gainera, bi zifra horiek nabarmen gainditzen dute gaixorik dagoen preso bati baldintzapeko askatasuna ezartzeko orduan erabiltzen den baremoa. 2000. urtean Espetxe Zuzendaritzak kaleratutako zirkular batean ezartzen ziren baldintzapeko askatasuna ezarri ahal izateko baldintzak. Zirkular horrek dio, besteak beste, urtebetean hiltzeko arriskua %10 bada, baldintzapeko askatasuna ezarri ahal zaiola presoari. Zirkular hori kaleratu zenean, Jaime Mayor Oreja zen Espainiako Barne ministroa eta Angel Yuste Espetxe Instituzioetako zuzendaria, egungo bera.Zirkular hori ez ezik, jurisprudentziak berak ere aurreikusten du gaixotasun larriak dituzten presoentzako baldintzapeko askatasuna, «printzipio humanitario» batzuk kontuan hartuta. Hala, dio ezin dela onartu hiltzera doan preso bat espetxean hiltzea, eta presoek duintasunez hiltzeko eskubidea dutela.Auzitegi medikuaren txostenak, gainera, presoari azterketa gehiago egitea proposatzen du, egoerak okerrera egingo duela ohartaraziz. Jatorrizko minbiziari buruzko diagnostikoa oraindik «osatzeko» dagoela dio, eta metastasien zenbatekoa zehaztu behar dela eta biriketan duen noduluari buruzko eta burmuineko metastasiei buruzko tratamenduak zehaztu behar direla.Osakidetzaren txostenean jasotzen denez, burmuineko minbiziak lotura zuzena dauka presoari 2005an atzeman zioten minbiziarekin. Biriketakoa, berriz, jatorri bera duenik ez du argitzen, baina, bai nabarmentzen du jatorrizko minbizi horrekin lotura izango balu ondorioak are larriagoak liratekeela.Hori ikusirik, auzitegiko medikuak dio Uribetxebarriaren sintomak ikusita, «posible» dela tratamendua Zaballako presondegian jasotzea, baina presoaren egoerak bueltarik ez duela izango ohartarazita.«Kontua ez da espetxean artatua izan daitekeen edo ez. Kontua da gaixotasun larria eta sendaezina badu eta laster hiltzeko pronostiko bat badauka, baldintzapean aske egon behar duela», adierazi dute Uribetxebarriaren abokatuek.Iragan ostiralean, ospitaleko diagnostikoa jaso berritan, Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua ezarri zion Uribetxebarriari, presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duela argudiatuta. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere berretsi du Uribetxebarriaren gaixotasuna ezin dela espetxetik artatu. Gainera, baldintzapean aske ez uztea prebarikazioa litzatekeela nabarmendu du.Bitartean, Uribetxebarriak preso jarraitzen du. Bi asteko gose grebaren ondoren, tratamendua jasotzeko prestatzen ari dela jakinarazi du Etxerat-ek. Hain zuzen, astelehenean proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Uztailean atzeman zizkiotenetik, nabarmen hazi zaizkio buruko noduluak. Gainera, birikan ere nodulu gaiztoa du presoak, 18,5 milimetroko diametrokoa.Etxerat-ek gogoratu du Uribetxebarriaren kasuan kontuan hartu behar direla beste faktore batzuk. Batetik, bi asteko gose grebaren ondoren, defentsek behera egiten dutela, eta horrek gaitza areagotu dezakeela; are gehiago, giltzurrun bakarra duela jakinik —2005en diagnostikatu zioten minbizia lehenengoz, eta giltzurrun bat kendu zioten—. Bestetik, Uribetxebarriak espetxe erregimena bete behar du. Gainera, 56 urte ditu, eta azken hamabostak espetxean igaro ditu. Espetxean egoteak sortzen duen estresa kaltegarria da, medikuen arabera. Gauzak hala, «muturreko egoeran» dela eta kalean egon behar lukeela aldarrikatu du Etxerat-ek.



0 comentarios