Blogia
orain

ORAIN KALERA.Europa League:Manchester United 2-Athletic 3.

ORAIN KALERA.Europa League:Manchester United 2-Athletic 3. UNAI ZUBELDIA (Berezi zerbitzua)
Golak: 1-0: Rooneyk (22. min.). 1-1: Llorentek (44. min.). 1-2: De Marcosek (72. min.). 1-3: Munianek (89. min.). 2-3: Rooneyk (92. min.).
Epailea: Florian Meyer (Alemania). Txartel horia Athleticeko San Joseri.
Bestelakoak: 70.000 ikusle inguru Manchesterreko Old Trafford futbol zelaian, tartean 7.500 bat zale zuri-gorri.
Itxi begiak, eta segi ametsetan. Merezi du. Krisi garaiko ezkortasunari aurre egiteko errezeta hoberik ez dago. Itxi begiak eta sinetsi benetan gertatzen ari dela. Errealitatea dela. Auskalo noiz gertatuko den berriz horrelakorik. Itzali iratzargailu guztiak, eta segi gozatzen. Ikaragarria baita Athletic egiten ari dena. Espainiako Kopako finalean daude zuri-gorriak; ligan bosgarren postuan daude, Txapeldunen Ligako postuei begira; eta Europako Ligan Manchester United handia irrigarri utzi zuten atzo, Europako Ligako final-zortzirenetako joaneko partidan. Non, eta Manchesterren bertan. Euskal Herritik joandako 7.500 zaleek saltoka jarri zuten San Mames Old Trafforden. 2-3. Eta Manchester Unitedentzat emaitza da onena, zakukada bat gol jasotzeko zorian egon zelako —Rooneyk 92. minutuan lortu zuen 2-3koa, penaltiz—. Itxi begiak eta segi ametsetan. Athleticeko jokalariek errespetu handia zioten Manchester Unitedi, Europako talderik sonatuenetako bat delako Alex Fergusonek entrenatzen duena. Baina futbol gosez zelairatu ziren zuri-gorriak. Bezperako entrenamendua amaitu berritan, argazki kamerak hartu eta neska-mutikoen ilusio berberarekin aritu ziren jokalari guztiak argazkiak atera eta atera. Baina atzo jokalari horiek eurak agertu ziren argazki guztietan. Ingelesak ere harrituta geratu ziren zuri-gorrien joko eta indar erakustaldiarekin. Bero hasi zuten partida bilbotarrek, eta sutan amaitu zuten. Nekeza da Old Trafforden futbol erakustaldi handiagorik ematea.Athleticek handia egin zuelako atzo. Arlo guztietan, gainera. Joaquin Caparrosek utzitako altxorrari beste ukitu bat emanda, talde irabazlea osatu du Marcelo Bielsak. Iturraspek, De Marcosek eta Herrerak osatutako hirukoak ezerezean utzi zuen Giggs eta Jonesen kalitatea. Muniainek, Susaetak eta Llorentek, berriz, erotu egin zuten ingelesen atzealdea.Lehenengo minuturako antzeman zen indarrean zegoela Athletic. Herrerak eta Susaetak jokaldi ona egin zuten eskuinetik, eta hiru jokalari iritsi ziren errematera. Abisua besterik ez zen hori. Laugarren minutuan baloi ona lapurtu zuen Muniainek, Llorenteri eman zion azkar, eta errioxarrak, buelta erdian, erortzen ari zela, are gehiago piztu zuen ordurako zoratzen zegoen zale multzoa. San Mames zirudien atzo Old Traffordek. Hortik kontuak atera datorren ostegunean nola egongo den Bilboko Katedrala.Lotsagabe jokatu zuen Athleticek atzo. Presioa goin-goian eginda, arrisku handia sortu zuten Muniainek, Susaetak eta Herrerak lehen hogei minutuetan. 19. minutuan iritsi zen lehen jokaldi eztabaidagarria, Llorenteri nahiko penalti argia egin ziolako Smallingek. Epaileak ez zuen adierazi, ordea. Eta hain gutxi eginda gezurra bazirudien ere, etxekoak kontraeraso on batekin aurreratu ziren 22. minutuan, Rooneyri esker. Eskuin hegalean aurkitu zuen Manchesterrek zuloa, Muniainek lanak izan zituelako defentsako lanean. Jokaldi bat, eta gol bat. Horixe egin zuten etxekoek lehen zati guztian.Eta bilbotarrek 44. minutuan jaso zuten merezi zuten saria —aurretik oso aukera argiak izan zituzten Susaetak eta Iraolak ere—. Llorentek baloia Iraolari zabaldu, hark Susaetari eman, eibartarrak erdiratu eta Llorentek, buruz, barrura. 1-1. Emaitza oso ona zen bilbotarrentzat, baina aurkaria jan beharrean zelairatu ziren bigarren zatian ere, Bielsak ez dakielako emaitzari eusten. Muniainek, Llorentek, Muniainek berriz... Bere arean itota zeukan Athleticek Manchester United, eta De Marcosek —jokoz kanpo zegoen— eta Muniainek berak eman zituzten bi kolpeak, 1-2koa eta 1-3koa. Sinestezina. 92. minutuko penaltiak itsustu zuen emaitza, baina gozatu egin zuen atzo Athleticek. Itxi begiak eta segi ametsetan.

0 comentarios