Blogia
orain

BEREZIA.ETA bukatu du.Orain datorrena.

KARMELO LANDA/UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA
Aro politiko berria zabaltzen ari da Euskal Herrian, eta hemendik aurrera datorrena esperantzaren kolore biziez marrazturik dator. Adierazgarria da oso, egun bizi dugun koadro baikor honi koloreak zerk eta nork eman dizkion aztertzea, ez baita erraza gertatu errealitate berri hau marrazten.Aste honen hasieran, astelehen arratsaldez, Donostian egindako Bake Konferentzia izan du ardatz garai berriak. Nazioarteko komunitatea busti egin da oraingoan konponbide osoaren alde, modu txalogarrian. Konferentziak eta bake prozesuak gehiengo zabala irabazi du bere alde euskal herritarron artean. Baina ez ahaztu, bestetik, Estatu espainiarreko eragile nagusien jarrera beligerantea edota urruna ekimen honen aurrean. Ez da anekdota hutsa. Ikusiak ikusita, gaur esan daiteke Estatu espainiarreko eragile nagusien damuz, beldurrez eta atsekabez zabaldu direla garai berri hauek Euskal Herrian. Eta hortik ondorioztatzen dugu Estatu espainiarrak aurrerantzean mantendu nahiko duen jarrera. «ETAren amaiera eta besterik ezer ez», horra hor aste honetan bertan gobernu espainiarraren bozeramaileak azaldu duen asmoa.Nolanahi ere, arazo larria agertu zaie Estatu espainiarreko gidariei prozesu honen ondorioz: orain ETAren amaieraren inguruko irakurketa triunfalista eta tonu polizialekoa errepikatu arren, ondo dakite prozesu honetan guztian iniziatiba ez dela beraiena, eta estrategia eta norabidea ez dituztela jada beraiek markatzen. Argi eta garbi esanda, Zutik Euskal Herria ekimenak ireki du aro berri hau; lehenengo eta behin, ezker abertzale osoa estrategia berrirako irabaziz, eta ondoren, Euskal Herrian bertan baita Nazioarteko Komunitatean bide erabakigarriak zabalduz. Gogoratu horren haritik egindako urratsak, Bruselako adierazpena eta Gernikako akordioa tartean. Estatuko botere gune desberdinak kontrara saiatu izan dira beti, baina gero eta konplikazio handiagoak aurkituz. Orain ere kontrara jokatzen ari dira, Bateragunekoak kartzelan, Sortu legez kanpo, Politika penitentziarioa goitik behera aldatu nahi ezean, eta datorrenari nola erantzun jakin gabe.Pilota teilatuz aldatu den ala ez aritzen dira erdaraz, balio literario eskaseko metafora erabiliz. Hobe dugu guk kontuan hartzea iniziatiba dagoela orain gure esku, eta abantaila horretaz ondo baliatzen jakin behar dugula. Euskal Herriko jendarte osoari begira egin behar da orain bide berri hau. Aurreko garaiak jende askorengan utzi dituen mina eta zauriak osatzen jakin behar dugu. Baina, batez ere, etorkizun libre eta irekia antolatzen. Adostasun demokratiko zabala ezinbestekoa dugu orain. Ez goaz ideologia edo giza talde zehatz baten eremu esklusiboa antolatzera: eremu publiko konpartitua antolatzera goaz, aukera politiko guztiak berdintasunean lehia daitezen.Horretan egin du beti huts Estatu espainiarrak euskaldunekiko, bere bospasei mendetako historia osoan zehar. Horixe da, oraindik ere, aitortzea hainbeste kostatzen zaiona: arazo sakona duela Euskal Herria ukatzen duen unetik, nazio honen errealitatearen gainetik beren Estatu eta nazio espainiarra inposatu nahi duen une beretik. Paradoxa bada ere, egunotan «arrotz eta ezjakin» bezala iraindu dituzten nazioarteko ordezkariek, aldiz, oso ondo ulertu dute errealitate sakon hori, eta Estatu espainiarra bera inoiz joan izan den baino askoz urrunago eta sakonago abiatu dira Donostiako ebazpenean, konponbiderako osagaiak eta bideak eskainiz. Oraingo Espainia hori, dela PSOEren gobernupean, dela PPrenean, ezin da erakargarri gertatu euskal jendarte gehiengo zabalarentzat. Ez digu ezer onik eskaintzen, ez krisi ekonomikoaren zulo beltzean murgildurik, ez eta Estatu egitura inposatu eta disfuntzional horretan, eta are gutxiago bake ziklo berri honi oztopoak eta trabak jartzen ari denean. Aukera librean, Euskal Herriari bere osotasunean eta esperantzaz begiratzeko ordua da. Aukeran, independentziaren aldeko hautua edukiz eta posibilitatea betetzeko unea da gaurkoa.Orain datorrena ez dago, beraz, Estatu espainiarraren esku. Garai berri hauetan, presiorako edota errepresiorako ahalmena ahuldu egin zaio Estatuari. Orain datorrena geure esku dago neurri handi batean, etxe barruan adostasun demokratikoa egiten asmatzen badugu; Estatuaren aurrean presio herritar sendoa aurkezten badugu, eta nazioarteko komunitatea bidelagun baldin badugu. Orain logikaz lehenengo lortu beharrekoak: Euskal Herrian bertan bizikidetza demokratikoa antolatzeko faltan ditugunak. Zauri guztiak sendatu. Kartzeletan eta atzerrian daudenak etxeratu. Legezkotasun eta berdintasun politikoan aritzeko baldintzak lortu. Euskal herritar guztiei hitza eman eta haien erabakiak bete.Esperientziatik beti ikasten da, eta orain zabaltzen diren garai berri hauetarako zerbait ikasi badugu, hauxe da: betoa ez dela eskubidea, traba baino. Betoaren bitartez trabatu izan zaigu iraganean hainbat aukera eta posibilitate, itxi digute hainbat ate. Orain, aldiz, ez diogu betoari aukerarik eskainiko. Ikasi dugu, bai, borondateak biltzea eta indarrak metatzea direla giltza egokiak, betoen gainetik salto egin ahal izateko.bereElkarrizketaren eta akordioaren garaia da orain datorrena. Atarramentu onekoa.

0 comentarios