Blogia
orain

ETA BUKATU DU.

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Adierazpen honen bidez
bere erabakiaren berri eman nahi dio Euskal Herriari:
Euskal Herrian burutu berri den Nazioarteko Konferentzia garrantzi politiko handiko ekimena dela deritzogu.
Adostutako ebazpenak gatazkaren konponbide osorako osagaiak biltzen ditu eta nazioartearen eta euskal
jendartearen sektore anitzen babesa du.
Euskal Herrian aro politiko berri bat zabaltzen ari da. Mendetako gatazka politikoari konponbide justu eta
demokratikoa emateko aukera historikoa dago. Indarkeria eta errepresioaren aurrean elkarrizketak eta
akordioak ezaugarritu behar dute aro berria. Euskal Herriaren aitortza eta herri borondatearekiko begirunea
ukazioari gailendu behar zaizkio. Hori da euskal herritarren gehiengoaren nahia.
Urte luzeetako borrokak sortu du aukera. Ez da bide erraza izan. Borrokaren gogorrak burkide asko betiko
eraman dizkigu. Beste asko espetxea edo erbestea pairatzen ari dira. Bihoakie guztiei gure aitortza eta
omenaldirik sentituena.
Hemendik aurrerako bidea ere ez da erraza izango. Oraindik orain dirauen zapalkuntzaren aurrean, urrats
bakoitza, lorpen bakoitza, euskal herritarren ahalegin eta borrokaren emaitza izango da. Bide honi ekiteko
Euskal Herriak aski esperientzia eta indar metatu du urteotan eta badu horretarako erabakitasuna ere.
Etorkizunari itxaropenez begiratzeko unea da. Baita ausardiaz eta arduraz jokatzeko unea ere.
Honenbestez,
ETAk bere jarduera armatua behin-betiko amaitzea erabaki du. ETAk Espainia eta Frantziako gobernuei dei
egiten die, gatazkaren ondorioei konponbide ematea helburu izango duen elkarrizketa prozesu zuzena
zabaltzeko, konfrontazio armatua gainditu ahal izateko. Adierazpen historiko honekin ETAk bere konpromiso
argi, sendo eta behin-betikoa erakusten du.
ETAk, azkenik, euskal jendarteari dei egiten dio konponbide prozesuan murgil dadin, bake eta askatasun
agertoki bat sortu arte.
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!
Euskal Herrian, 2011ko urriaren 20an
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.

0 comentarios