Blogia
orain

NI,ZU TA BIOK.Errepikapena:Opor fiskalak,ezetz.

MAUDILI PRIETO
Europak kalaka berriro:Opor fiskalak ez ziren legezkoak. Urte luzez auzitegiz auzitegi izandako lehian garaile atera dira Europako Batzordearen tesiak, eta galtzaile euskal erakundeek defendatu dituztenak. Alegia, enpresak erakartzeko helburuarekin 1990eko hamarkadan indarrean egon ziren zerga kenkari eskuzabalak estatu laguntza ziren, eta ez zetozen bat Europako Batasuneko legearekin. Auziaren mamiari eragiten zion azken epaia kaleratu zuen atzo Europako Justizia Auzitegiak. Ebazpenean Europako Batzordeak eta Lehen Auzialdiko Auzitegiak aldez aurretik esandakoa berretsi, eta foru aldundien nahiz merkataritza ganberen helegitea errefusatu dute hirugarren aretoko epaileek. Neurri batean, espero zitekeen erabakia, joan den ekainean opor fiskalen beste auzi bati jarritako helegiteak erantzun bera jaso zuelako.Epaia irmoa da. Ez dago horren aurka nora jo. Europako Justiziak eman dizkien aukera guztiak baliatu dituzte euskal erakundeek kenkarien alde. Porrot egin dute. Amaitu da prozesuaren ibilbidea, baina oraindik epilogoa idatzi behar da, eta ez da nolanahikoa izango. Enpresek jaso zituzten diru laguntzak aldundiei itzuli dizkieten edo ez eta Bruselak egindako eskaerei jaramon ez egiteagatik isuna jarriko dien edo ez erabaki behar du Europako Justizia Auzitegiak. Opor fiskalak legez kanpokotzat jo zituenean, emandako laguntza oro itzuli behar zela ohartarazi zuen Europako Batzordeak. Bruselak Espainiari kargu hartu zion, estatuari zegokiolako erabakia betetzen zela bermatzea. Urte batzuen bueltan, kenkariak berreskuratu ez zirela argudiatuta, Batzordeak Europako Justizia Auzitegira jo zuen. Salaketa horretan 236.044 euroko zigorra eskatu zuen Espainiarentzat ebazpena bete ez den egun bakoitzeko, eta beste 25.817 euro lehen jakinarazpena atera zuenetik — 2006ko abenduan — hurrengoa argitaratu arte. Kalkulu batzuen arabera, honezkero 40 milioi baino gehiago da balizko isuna. Zigorra Espainiaren izenean atera arren, faktura aldundiei ordainaraziko diela azpimarratu du Zapateroren gobernuak. Epaia iritsi arte bi urte igarotzea posible da.Laguntzekin zer gertatu den da arazoa, eta hor ez dago adostasunik. Aldundiek behin eta berriro ziurtatu dute emandako diru guztia honezkero berreskuratu dutela, baina Europako Batzordea ez da fio. Aldundiek emandako azalpenak ez ditu, oraingoz behintzat, ontzat jo nahi izan. Indarrean egon ziren bitartean 300 enpresa inguruk baliatu zituzten.Azken helegiteak ere porrot egin zuela jakin bezain pronto, ondorio ezaren tesia haizatu zuten berriro Bizkaiak eta Arabak. Bizkaiak, gainera, 2007 urterako diru guztia berreskuratu zuela defendatu zuen, eta kopuru zehatzak eman: 96,3 milioi euro kenkarietan, eta beste 38,5 milioi atzerapen interesen truke. Antzeko azalpena eman zuen Arabako Ogasun ahaldun berriak, Jose Zuritak. «Diru guztia berreskuratu dugu, ez dago hori interpretatzeko aukerarik. Ordainketa etxe honetan egin eta kobratu da». Opor fiskalak ematen ziren garaian Zurita Arabako Enpresaburuen Elkarteko idazkari nagusia zen.Prozesu judiziala martxan egon den bitartean, tartean zeuden euskal erakunde guztiek ia aho batez erantzun izan dute. Eusko Jaurlaritza eta aldundiak EAJren eskuetan egon izan dira, eta Arabakoa PPk kontrolatu zuenean ere, ez zen jeltzaleen bide orritik desmarkatu. Haatik, auziaren amaieran egoera bestelakoa da, erakunde bakoitzak kolore politiko ezberdina duenean. Jaurlaritzak eta Gipuzkoak zuhur erantzun zuten atzo, esaterako.Gipuzkoako Foru Aldundiak epaia «sakon» aztertuko duela aurreratu zuen, datu guztiak begiratu eta ondorioak hartu baino lehen. Hori bai, epaia onartzeko borondatea duela, eta orain arte EAJk eramandako politika fiskalarekin ez datorrela ados argi utzi zuen. «Ez dugu opor fiskalen bide hori jorratuko. Gu ez gaude hemen gipuzkoarren dirua xahutzeko».Atzera begirako ildo kritikoa ere agertu zen Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuaren hitzetan. Auzia «orain dela urte asko» bideratu behar zela uste du Agirrek. «Kontuak ez direnean ondo kudeatzen, ez dute amaiera onik izaten». Laguntzak itzuli izanari eta isun posibleari buruz ez zen beste batzuk bezain baikorra izan. Arazoa «serio eta kezkagarria» dela ohartarazi, eta enpresei ondorioak mugatzeko lan egingo dutela agindu zuen.
MILA GALDERAK------------------------------------------------------
-Zer izan ziren opor fiskalak eta zerga-pizgarriak?
Atzerriko eta barneko inbertsioa erakarri nahian Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek 90eko hamarkadan eman zituzten laguntza batzuk.
-Laguntza bakarra izan al zen?
Ez, hiru motatakoak izan ziren.Lehena,opor fiskalak. Gutxienez milioi erdi euroko inbertsioa egin eta hamar lanpostu sortzen zituzten enpresa berriek ez zuten hamar urtez sozietate zerga —enpresen irabazien gaineko zerga— pagatu behar.Bigarrena,opor fiskal txikiak. Sozietate zergaren %99 eta %25 arteko kenkariak izan ziren, enpresa berrientzat, irabaziak zituzten lehen urtetik aurrera.Eta azkena,zerga-pizgarriak. Aktiboetan 15 milioi eurotik gora inbertituz gero, sozietate zergaren bidez inbertsioen %45 berreskuratzeko aukera izan zuten.
-Zenbat diru izan zen?
700 milioi euro barkatu zizkieten 300en bat enpresari. 1993an hasi eta 2000ra arte iraun zuten laguntzek.
-Zer gertatu da diru horrekin?
Aldundiek esaten dute enpresek dagoeneko itzuli dietela dirua, baina Europako Batzordeak ez die sinisten, eta isun handia ezarri nahi die.
-Eta gure polikoak,zer esan diozue?
Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburua,Carlos Agirre,"Orain dela asko bideratu behar zen auzia; zerbait ondo kudeatzen ez denean, ez du amaiera onik izaten",esaten dio.Ramon Jauregi,Espainiako Presidentzia ministroa,"Ebazpenak bete behar dira, eta enpresek jasotako diru laguntzak itzuli behar dizkiete aldundiei. Eta espero dut hala gertatzea".Concepcion Arruga,Errioxako Ogasun kontseilaria.«Errioxak opor fiskalen aurka egindako borroka arrakastatsua izan da azkenean. Zapateroren gobernuak ez du leial jokatu, aldundien alde aritu baita».Jose Antonio Santiago,Gaztela-Leongo gobernuko eleduna,«Europako auzitegiek opor fiskalen azken neurriak legez kanpokotzat jotzeko erabakiak arrazoia ematen die horien aurka daudenei. Egoera atzeratzen ari da, Espainian gobernu seriorik ez dagoelako».Azkena,Jose Antonio Pastor,PSE-EEko bozeramailea«Legezko prozedura batek zabalik jarraitzen du, aldundiek dirua itzuli dela ziurtatzen dutelako, eta Jaurlaritzak ogasunekin lan egin behar du, jarduerari kalte egin ez diezaion. Etorkizunean ea balio duen Euskadik argi izan dezan arau batzuk dituen klub batean dagoela, Europako Batasunean».
-Eta enpresarioak edo sindakatuak,zer?
Confebaskeren erantzuna hau da:«Epaia errespetatzen dugu, baina ez gatoz bat erabakiarekin. Laguntzak baliatu zituzten enpresek garai horretan indarrean zegoen araudian konfiantza osoa zuten, eta eskatu zitzaizkien inbertsio eta enplegu baldintzak bete zituzten, krisi egoera larria zegoen arren».Bitartean,Adolfo Muñoz,ELAko idazkari nagusia,«Erabat bidegabea litzateke zergak ordaintzen dituzten guztien artean ordaindu behar izatea opor fiskalak diseinatu zituztenek eragin duten matxura. Enpresek milioi asko aurreztu zituzten, trukean lanpostu bat bera ere sortu gabe».


0 comentarios