Blogia
orain

NI,ZU TA BIOK.Zuzenbide estatua eta adierazpen askatasuna

NI,ZU TA BIOK.Zuzenbide estatua eta adierazpen askatasuna IÑAKI URIA
Egunkariako kontseilari ordezkaria

Aste honetan, euskarazko hedabideak bildu dira. Editoriala
idatzi dute. Asko dira. Sektore ekonomiko sentitzen dira.
Laguntzak behar dituzte. Prentsaurrekoa eman dute, 27 milioi
euro mugitzen dituzte, 600 langiletik gora dituzte…
Giharra erakutsi nahi izan dute, dugu. Elkarlan baten
hasiera.Garai larriak ezarri dizkigu ekonomiak, eta ez dago erraza
aurrera ateratzen. Itxi dituzte herri aldizkari batzuk, eta
beste asko kinka berean eror daitezke. Zenbaiten kasuan,
Euskal Herria Irratia kasu, krisiaz gain, lizentziarik gabe
aritu beharra egokitzen zaie. Eta laguntzarik gabe.
Elkartu gara, argazkia atera dugu, eta kalean berriz,
isiltasuna sumatzen dut. Adierazpen Askatasuna eskubide
orokor eta unibertsala dugu, baina gure gizartean botere
ekonomikoarekin ondo lotutako komunikabideek daukate
gehienbat adierazteko eta informatzeko aukera. Herritarrok
eskubidea dugu, etxebizitza duina izateko eskubidea edota
lana izateko eskubidea bezalaxe, baina adierazteko eta
informatzeko aukera horretarako lanabesak dituenak besterik
ez du. Gutxi gorabehera.
Horregatik, begiratzen ditut euskarazko komunikabideak, eta
gehienak herri ekimenez eta herri bultzadaz sortutakoak
dira. Duela hogei urte pasatxo Egunkaria Sortzen-en bidez
Egunkaria sortu zen tankera bertsuan sortuak. Ez dugu
ezagutu enpresari handirik euskarazko hedabideak pizteko
inbertsio sendorik egin duenik. Euskaldunok euskaraz
bizitzeko hedabideak behar dituztelako sortu ditugu sortu
ditugunak. Hori izan da helburu nagusia.
Baina Egunkaria-ren itxierak erakutsi zigun ez zela bakarrik
euskara eta euskal kultura jokoan zegoena. Euskaldunon eta
euskal herritarron askatasuna zegoen jokoan. Euskaraz
bizitze hutsagatik, Euskal Herria egiten ari ginen, eta
horretan ari ginelako moztu zuten zabaltzen ari zen
errealitatea. Espainiako Estatuak, orduan PPren
gidaritzapean, euskal gatazkaren aurka erabakitako
estrategiaren biktima gertatu zen Euskaldunon Egunkaria.
Besteren artean, euskal herritarron erabaki eskubidea jomuga
zutelako itxi zuten Egunkaria.
Atxilotu, torturatu eta kartzelatu gintuzten bitartean
isiltasuna nabarmendu genuen komunikabide eta kazetarien
artean. Frantzia eta Espainiako hedabideak Adierazpen
Askatasunaren hilerri bihurtu ziren orduan. Kataluniako
zenbait hedabide eta Euskal Herriko hedabide euskaldunak
izan ziren isiltasun hori urratu zuten bakarrak. Donostiako
manifestazioa eta mobilizazioak pixkana isiltasun hori
apurtzen joan ziren.
Zazpi urteren ondoren epaiketa aurrera zihoala, Euskal
Herriko hedabide eta kazetari ezberdinak ere etorri ziren
Egunkaria Libre! oihu orokorrera. Absoluzioaren ondoren,
Espainiakoak ere bai. Bakardade mugagabe honen berri ederki
eman zuen Marie Darrieussecq idazleak Indépandentiste ne
veut dire terroriste artikuluan: «Absoluzioak artikulu bat
edo beste agerrarazi du Frantziako prentsan, Le Monde-k
argitaratutako Bozonnet-ena, esaterako. Baina kazetari
frantziarrek zalantzan jartzen ote dituzte euren kolegek
esandakoak, hainbeste denboraren ondoren, torturen
oihartzunik ez argitaratzeko eta ez aipatzeko adierazpen
askatasunari eginiko atentatuak, han, hain hurbil?».
Duela urtebete epaiketa amaitu berritan ginen. Epaiaren
zain. Une gogoangarri asko izan ziren epaiketan. Bat gogora.
Abenduaren 15ean, Auzitegi Nazionaleko aretoan Txema
Auzmendi deklaratzen ari zela denok geratu ginen txundituta.
Txemak, bere santutasunean, guardia zibilen torturak
salatzeko orduan Auzitegi Nazionaleko Del Olmo epaile
instruktorearen ardura salatu zuen. Han bertan. Auzitegi
Nazionalean epaitzen gintuen epai mahaiaren aurrean. «No
hay derecho!», esan zuen. Hala atera zitzaion. Eta indarra
zuen etxe horretan horrela esateak. Gure abokatuek ere
distira atera zioten ofizioari, eta itsas-argia piztu zuten
lainoz jositako auzian.
Absoluzioa etorri zen azkenean, eta sententzia harrigarria,
Auzitegi Nazionalean ebatzia izateko. Egunkaria-ren itxiera
ez dela konstituzionala ebatzi zuen, prentsa eta adierazpen
askatasunaren aldarria egiteaz gain. Frogatutako egitateak
ez zirela zigorgarriak. Euskarari buruzko tesiak —ETAren
helburu da euskara, euskara bultzatzen dute, ETA dira—
ondorio okerrera eraman zuela; prozeduraren azterketak
akusazio hipotesiaren artifizioa zirela; torturen inguruan
gure deklarazioek egiazkotasuna zutela…
Isilik zeudenak «El estado de derecho funciona» esaten
hasi ziren. Sententziak hori frogatzen zuela. Eta sententzia
irakurrita, eta auzia barrutik bizita, garbi dagoena da
justu kontrakoa erakusten duela: Espainian zuzenbide
estatuak ez duela funtzionatzen. Auzitegi Nazionalean ez
behintzat. Edo bestela esanda, une bakoitzean Estatu
interesen arabera funtzionatzen duela.
Bidean geratu zen Egunkaria itxita. Adierazpen Askatasunaren
hilerrian topatu dut hilobia. Harrizko herrian zizelkatuta,
hitz batzuk espainieraz: «El estado de derecho
funciona». Aldamenean dago Udalbiltzarena. Absoluzioa bai,
baina bitartean zerraldo. Badatoz beste epaiketak ere,
Bateragunerena, herriko tabernena, Egunkaria-aren beraren
kasu ekonomikoa...
Demokrazia baten osasuna Adierazpen Askatasunaren
osasunarekin pareka badaiteke, geurean asko dago osatzeko.
Kalte handia egin digute, baina adorea izan dugu aurrera
egiteko, eta, krisiak krisi, sekula ez da hainbeste hedabide
eta kazetaririk izan euskaraz lanean. Zuek eutsi diozue
Egunkaria Libre! aldarriari, eta ikur bihurtu da Adierazpen
Askatasunaren armarrian.Kalte ordainak eskatzen hasteko ordua da.

0 comentarios