Blogia
orain

ORAIN,KALEAN.Aspaldiko jendetza handiena bildu da Bilbon, presoen eskubideen alde

ORAIN,KALEAN.Aspaldiko jendetza handiena bildu da Bilbon, presoen eskubideen alde AITZIBER LASKIBAR (Berria-ko kazetaria)
Milaka eta milaka pertsonak egin dute presoen eskubideen aldeko urratsa, Bilbon, aspaldian egin den manifestaziorik jendetsuenean. Eta, antolatzaileen esanetan, euskal presoak etxeratuko dituen bidearen lehen urratsa besterik ez da izan, gainera, protesta. Lehenengo, presoen eskubideak beteko dituen aroa sortuko duena, eta, ondoren, gatazka konpontze bidean egonik, presoak etxeratuko dituena. Jendetsua eta beroa izan zen atzoko manifestazioa, Bilboko kalerik nagusienak lepo bete zituena. 17:30 puntuan zirenean egin zituen lehen pausoak Autonomia kalean, Casilla parean, eta 18:40 zirenean iritsi zen burua helmugara, udaletxe aurrera. Irteeratik metro gutxira zegoen artean manifestazioaren amaiera, Autonomia kalean bertan, Gordoniz kalearekiko bidegurutzea igaro berri zuela. Protestaren azken lerroetan parte hartu zutenek 18:15 arte ezin izan zuten udaletxerako bidean pausorik eman. Autonomia kalean, Aita Donostia plaza eta Casilla lotzen dituen tartea lanetan egoteak anabasa eragin zuen lehen minutuetan, bertaratzen ari zen jendetza hartu ezinik geratu baitzen kalea. Manifestazioaren buruan joan behar zutenei ere zail egin zitzaien jende artean abiapuntura iristea. Hala ere, puntuan hasi zen. Euskal preso eta iheslariak etxera zioen ikur erraldoi batek ireki zuen bidea, baserritarrez jantzita zeudenen eskutik. Atzean, presoen senideak zetozen.
Larunbata izanik, presoak bisitatzeko bidean, errepidean egotea litzateke ohikoena senideentzat, baina, atzo, espetxeetara joan ordez, Bilbora joan ziren. Manifestazioan parte hartzearren, bisitarik ez egitea erabaki zuten. Martxaren bidea haiek ireki zuten ikur erraldoiaren atzean. Presoak etxeratzearen aldeko ikur bana zuten eskuetan horiek ere, eta batzuek, euren seme, alaba, bikotekide zein gurasoen argazkia paparrean, kateorratzarekin lotuta. «Miatzerik ez!», zuen zuriz idatzia senide baten elastiko beltzak. Ibiltzeko zailtasunak zituzten amonak ziren senide batzuk; haurrak izanik, ahulkian zeramatzatenak besteak. Senideen ilara zabaltzen zutenek euren ikur bihurtua den kinkea zeramaten.Txalo artean hasi zuten bidea, eta «euskal presoak etxera!» zein «presoak kalera, amnistia osoa!» oihuek hartu zuten lekua jarraian. Ozen entzun ziren aldarriak senideen ahotik, baita Casillan zain zeuden protestarien zein Zabalburu plazaraino errepidea betetzen zuten manifestarien ahotik. Etengabeak eta ozenak izan ziren oihu horiek ibilbide osoan zehar. Eta ia bakarrak. Iheslariek Euskal Herrian bizitzeko eskubidea dutela ziotenek besterik ez zituzten ordezkatu bi oihu nagusi horiek, une batzuetan.Nekez egin zuen Zabalburura arteko bidea manifestazioak, errepidea betetzen zuten protestarien artean lekua egin ezinik. Zabalburura iristean geldialdia egin, eta Mirentxin gidarien furgonetek hartu zuten burua, bide bazterrean zain zeuden ehunka lagunen txalo artean. Mirentxin gidariak. Bisitarik gabeko presorik ez, irakur zitekeen horietako batzuetan.Presoak bisitatzera joaten diren senide eta lagunak espetxeetara eramateaz arduratzen diren boluntarioak dira Mirentxin gidariak taldean biltzen direnak. Hainbat kartzelatara eraman eta etxera ekartzen dituzte, hurkoek bisitak egiteko aukera izan dezaten.Furgoneta horien atzean geratu ziren, hortaz, senideen ilara luzeak, tarte batez. Horien guztien ondoren zetorren manifestazioaren pankarta nagusia, Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa leloa zeramana. Manifestazioaren deitzaileek eutsi zioten leloari.Horien atzean bildu ziren protestari atxikimendua adierazi dioten alderdi, sindikatu eta gizarte eragile askotako ordezkariak. Bertan izan ziren, esaterako, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, Txelui Moreno, Rufi Etxeberria, Jone Goirizelaia, Marine Pueyo eta Marian Beitialarrangoitia; Aralarreko Patxi Zabaleta, Jon Abril eta Txentxo Jimenez; EAko Pello Urizar eta Unai Ziarreta; ABko Mertxe Colina; Alternatibako Oskar Matute eta Jonathan Martinez eta EBko Mikel Izagirre. Herritar xumeak ere nahastu ziren horien artean, bide bazterreko jendetzaren artean gehiago itxaron ezinik.Manifestazioari atxikimendua eman zioten ELA, LAB, EILAS, Hiru eta EHNEko ordezkariak ere izan ziren pankarta nagusiaren atzeko lehen lerroetan. CCOOko kide Jesus Uzkudunek ere parte hartu zuen, dozenaka eta dozenaka gizarte eragiletako kideen alboan.Bidea pixkanaka egin, eta 18:40 aldera iritsi zen burua udaletxe aurrera. Horien aurretik heldu ziren manifestazio osoa buruaren aurretik egin zuten ehunka pertsona.Udaletxe aurreko plaza, zubia eta inguru osoa lepo bete zen jendez, eta azken manifestariek helmugara ezin iritsi jarraitzen zuten amaierako ekitaldia amaituta ere. Ekitaldirako prestatutako agertokia desmuntatzen amaitu ondoren, 20:00 inguru zirenean iritsi zen helmugara hizki erraldoiez amnistia zioen pankarta.
DATUA---------------------------------------------------------------------------------------
Ehun autobus baino gehiago joan dira Euskal Herri osotik
Bilbo.-Euskal Herri osotik milaka eta milaka herritar joan ziren Bilboko manifestaziora, eta auto zein autobus ilara luzeak eragin zituen horrek Bilboko sarreretan. Hain zuzen, ehundik gora autobus antolatu ziren protestarako. Zenbait lekutan, autobusak lortzeko arazoak ere izan zituzten, eskaera handia zela-eta autobus enpresak eskaintzeko ibilgailurik gabe geratu baitziren. Iruñerritik, esaterako, hamabi autobus bete jende joan ziren Bilbora, Azpeitiatik bost, Irundik lau, Errenteriatik bost, Lazkaotik bi, Altsasutik bi, Lasartetik bi, Hernanitik bost, Usurbildik bi, Gaubeatik bat, Aguraindik bi, Zarauztik bost eta Kuartangotik bat. Metroko hainbat geltoki ere kolapsatu ziren, jende andana hartu ezinik.







0 comentarios