Blogia
orain

GUTUNAK.Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

2010 urteari borrokaldi baten bidez ekin zion EPPK-k. Espainiar eta frantziar estatuek ezartzen diguten espetxe politikari aurre egin, berori salatu eta, Amnistia helburu, gure kolektiboari estatus politikoa aitortu, sakabanaketa politikarekin amaitu eta euskal preso politikoon eskubide urraketarekin amaitzea ziren garaian plazaratu genituen aldarrikapenak.Urte luze zein gogor hau amaitzear dagoenean, gure Gatza, 30 urte eta gero, oraindik orain ziegan eta bahiturik dute; gure ondoan eta zutik. Hamarnaka kide erabat isolatuak gauzkate, gutariko bost gaixotasun larri eta sendaezina izanagatik ere preso daude oraindik; hamarnaka gara bizi bitarteko espetxe zigorra aplikatuta daukagunak eta ehunka dagoeneko ezarri ziguten zigorra beteta izanda ere, oraindik orain preso gaudenak. Urtea amaitzear dagoen honetan, aipatu borrokaldiari amaiera eman diogun arren borrokan eta zutik darrai Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.Jon Anza burkidea, hamarkadak espetxean eman ondoren, Estatuaren Terrorismoaren betiko formulak aplikatuz kalean bahitu, torturatu, erail eta desagerrarazi zuten. Euskal Herritarren eta nazioarteko elkartasunaren adoreak bere gorpua agerrarazi zuen arren berriro bahitu ziguten Jon. Hilda ere arriskutsua omen! Azkenean herriaren bultzadak lortu zuen bere gorpua etxeratu eta ama Euskal Herriaren altzoan pausatzea. Agur eta ohore burkidea!Espainiako demokraziak Euskal Herritarroi eskaintzen digunaren adibideak besterik ez dira: ukazioa eta errepresioa besterik ez. Urtez urte espetxe politika suntsitzailea mantendu eta, ahalik eta min handiena egiteko helburuaz bere ankerkeria handitzen joan dira.Euskal Preso Politikoen Kolektiboa betidanik izan da estatuen estrategia errepresiboaren helburu nagusienetakoa. Askapen borrokaren ukaezinezko erreferentzia dela jakinda, hamaika izan dira Kolektiboaren zatiketa eta preso politikoen damua bortxatzera bideratutako neurriak. Egun ere horretan dihardute, inoiz baino indar gehiagorekin gainera.Gure isolamendu politikoa eta afektiboa areagotu asmoz, gure senide eta lagunak espetxe atarietan uneoro umiliatu nahi dituzte. Gure maiteekin dugun harremana eten nahi dute; eta oraingoan miaketak dira erabiltzen duten aitzakia.Gure arteko isolamenduan ere urrats sakonak ematen ari dira estatuak. Espetxe barruan isolamendu eta sakabanaketa politika muturreraino eramateko saioan ari dira egun. Hainbat kide erabat bakartuak gaude, beste hainbat binaka jarri gaituzte moduluetan eta denak, gure herritik, gure esparru afektibo, kultural eta politikotik urrun, ahalik eta urrunen.Bizi ditugun pasarteak ez dira goxoak, ez horixe. Borroka toki beronek sortutako gaixotasunak, espetxe zigorrak luzatzeak, debekuak, bakardade egoerak edota, azken batez, bizi baldintzak oraindik gehiago okertzeak; errepresioa eta asimilatze politika hori araudi edota legea bilakatzeak..., guzti horren bitartez, gure hondamendi pertsonala eta politikoa lortu nahi dute.Politika horren txanponaren beste aurpegia inoiz baino ageriago uzten ari dira estatuak azken hilabeteotan. Maiz ditugu gobernuen ordezkariak preso gaituzten ziega hauetako ate ondoan, xantaiak eta mehatxuak ez ezik, halako eta bestelako proposamen eta eskaintzak eginez. Ate joka dabiltza, presoz preso, idazki hau edo beste sinatuz gero onura penitentziarioak eskaini eta kalera ateratzeko aukerak zabalduz. Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi, damu politikoari bide eman eta, safari batean lortutako trofeo gisara erakusteko baimena ematen badiegu, gure bizimodua arindu eta espetxea uzteko aukerak eskaintzen dizkigute trukean. Gure printzipioei eta duintasunari eutsi eta bide hori onartzen ez dugunontzat aldiz, baldintzen okertzea automatikoa da. Haien damuak dakarzkien onuren neurrikoak dira guretzako ondorioztatzen diren sufrimenduak. Ez da joko berria, inolaz ere. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren existentzia bezain zaharra da. Hala ere, azken hilabeteotan, gure kontrako jarrerak areagotu eta gure bizi baldintzetan estutze sakon bat emanez, Euskal Herriaren askapen borrokaren aurkako erabilpenaren saio berri eta indartsu baten aurrean gaude.Estatuen gupidarik gabeko terrore politika honek gogor kolpatzen gaitu. Izatez, hamarkada luze hauetako bortizkeria hori medio, gure barne itsaso zabal, duin eta konprometitu honetatik hiru-lau tanta baino besterik ez ditu xurgatu; gero lorpen edota altxor politiko preziatu gisara saldu dituztenak. Baina gure izaera eta borroka jarreraren bustidurarekin ez dute bukatuko. Kalean eta arlo ezberdinetan Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak defendatzeagatik ekarriak izan gara honat eta hementxe bertan ere, kolektibo politiko anitz eta aberats bat osatzen dugularik, askapen borrokan aktiboak mantentzearen deliberoa egina dugu. Espetxe politika honen aurrean, kohesioa eta herriarenganako konpromiso politikoa dira gure tresnarik indartsuenak eta halaxe izanen jarraituko dute. Hau dugu Amnistia eta Autodeterminazio bideari egiten diogun ekarpen zintzoa, humanoa zein politikoa.Gauzak horrela, espetxez espetxeko eguneroko borroka gaindi, gure kolektibo osoak, hilabete luzeetako borroka ibiltari bati ekin dio aurten eta Estatuei gure jarrera eta helburu politikoak halaxe argitu izan dizkiegu. Bahiturik gauzkate, baina ez geldi; isolaturik, baina ez isil; mindurik, baina zutik. Eta eskuak zabalik gure herriak bizi duen inposaturiko gatazkari behin betiko irtenbide politiko bat emateari begira elkarrekin bidea jorratzen hasteko. Argi gera dadila, bada, ez gabiltza, ez gara inoiz aritu, gure sufrimendu pertsonalari irtenbide bat bilatu nahian, gure Herriaren etorkizuna, injerentziarik gabe, bere eskuetan utzi nahian baizik. Zapalkuntza politikoak eta bere beso biolentoak ekarri gaitu honat eta inposizio eta jazarpen politiko horren desagertzeak etxeratu behar gaitu: premiaz, bizirik eta betirako. Ezbairik gabe, gatazkaren konponbidea klabe politikoan eman behar baita. Hartara, kartzelara ekarri eta bahiturik gauzkaten arrazoi politikoei eman beharreko konponbidea. Hots, Amnistia.Testuinguru horretan, gure borrokarekiko sinesmenaren animoak areagotu egin dira. Gurean, ezker abertzaleak plazaratu duen iniziatiba politikoak beste ondoriorik ezin du izan. Hausnarketa sakonak, eztabaida zabalak eta erabaki politikoak prozesu demokratiko baten beharraz mintzo dira. Bere abia irabazi, garatu eta gauzatu behar den ibilbide politiko bat, behin betiko konponbide demokratiko batera eraman behar gaituena: Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua, hain justu.Gure isolamendu politikoa bilatzen duen politika krudel horren gainetik, EPPK ibilbide politiko horretan murgildurik izanen da, eragin egingo dugu, nola ez, bada. Gure izaeraren aitortza eta Estatuen gure aurkako jarrera bortitzaren etenak, prozesua abiatze edota indartze aldera, gutxiengo baldintza demokratikoetan kokatuak eta lortuak izan behar direlakoan gaude. Presoon estatus politikoaren aplikazioaz ari gara; jasan beharreko tratu duinetik hasi eta prozesuan geure parte hartzeraino, eskubide zibil eta politikoen aldarri taularen errespeturaino, gure errekonozimendu politikotik pasatuz. Bide honetan baina premia handikoak ditugu gaixotasun larriak dituztenen eta espetxe zigorra bete dituztenen kaleratzeak, isolamenduarekin amaitzea eta Euskal Herrian bilduak izatea geure eskubideen jabe.Hobe lukete Sarkozy, Zapatero eta enparauek, banan banan eta maltzurkeriaz Kolektibo hau zatitu nahian ibili ordez, beraiek ordezkatzen dituzten Estatuek ere prozesu demokratikoan parte hartzeari begira jarriko balira. Bide horretan eta gutxiengo demokratikoak gauzatu asmoz, ezaguna duten Kolektiboaren mintzakidetzarengana hurbildu eta presoon eskubideak berehala nola errespetatu adostea izango litzateke lehen urratsa.Hartara, EPPKren egungo zeregin nagusia bere eragiletza politikoa aktibatu eta eragitean datza. Iniziatibarik izanen da; gure ikuspegi propioa azalduz, ekarpenak mahairatuz... Inolako zalantzarik gabe, eragileen arteko harremanak indartu egin behar ditugu. Denon arteko konpromiso zintzo eta praktikoaren bitartez estatuen borondate politikoa eta demokratikoa eskuratu eta Euskal Herriak behar duen prozesuari abiadura egoki bat eman behar diogu. Eta hortantxe aurreikusten dugu, hain zuzen ere, errepresaliatu guztien etxeratzea.Esanak esan, gutxiengo baldintza demokratikoen gauzatzea borroka marko batean kokatzen dugu, prozesu demokratikoa bera gauzatzea bezalaxe. Hamarkadak daramatzagu lubaki honetan militante politiko gisara borrokatzen, aldaketa politikorik sortu nahian. Estatuek ez digutela borondatez eta dohainik ezer emanen, denon artean borrokatu eta lortu beharreko helburuak ditugula oso argi dakusagu. Marko demokratiko hori elkarrekin lortu ahal izateko, eskua luzatzen diegu eragiteko aktibo zuzenak diren euskal herritarrei eta eragile orori ere, batik bat oso hurbiletik sentitzen dugun iheslari politikoen kolektiboari. Gure besarkadarik handiena, burkideok!Gure Kolektibo honen betiereko ilusiopean, poztu eta harrotu egiten gaitu herritarren jarrerak datorren urtarrilaren 8an Bilbon izanen den mobilizazioaren aurrean: euskal preso politikoon eskubideen defentsan, hain zuzen ere. Euskal Herriaren eskubidearen defentsarako markoan kokatua izanen delakoan gaude. Hala, bertan izango gaituzue, geure izaera eta indarra hortik hedaturik, elkarrekin Euskal Herriak bizi duen egoera orokorrari zein azal azaletik bizi dugun egunerokotasunari aurre eginez, lortuko dugunaren sinesmenez. Bildutako indarrak aktibatu ditzagun, bada. Euskal Herrriak konponbide politiko eta demokratiko bakarra du: Amnistia eta Autodeterminazioa.
2010eko abendua

0 comentarios